EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTS

NEWS

CONCERTS

ENGAGEMENTS

RECORD LABEL

SHOP


Errabal (Jazz)

Blues

Literature

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Subscribe to the bulletin


 Gure inperfekzioetan perfektuak gara
Hemeroteka 2
Gure inperfekzioetan perfektuak gara


TXUMA MURUGARREN Musikaria eta idazlea

Kantu batetik abiatuta BERRIAn astero idazten dituen kontakizunekin Larrialdietarako irteera prestatu du; bizitzaren larritasunen gazi eta gozoak bildu ditu liburuan

GORKA EROSTARBE

Donostia. Berria 2007-02-20

Sortzailea da. Istorio sortzailea oroz gain, nola musikaren bidez hala literaturaren bidez. Garai emankorrean dago Txuma Murugarren (Errenteria, 1964) . Petti eta Rafa Ruedarekin batera Hauxe egitasmoa osatu zuen iaz. Disko bat atera zuten. Grabatu berri du bakarkako lan berria ere. Irailean argitaratuko du: Oraindik izenik ere ez du. Ez ditu aurrekoak zituen programazioak eta. Oso gertukoa izango da, errealagoa, zehaztu du. Gaztelupeko Hotsak-eko Paper Hotsak sailean argitaratu du, berriz, Larrialdietarako irteera, 50 bat kontakizunez osaturiko liburua.

Bizitzaren larritasunaz jabetu zinen lehen eguna kontatzen duzu Isatzeko aldapan istorioan. Tristatzeko motiborik behar ote den galdetzen duzu hor. Erantzunik bai?

Tristura eta alegrantzia polaritate bi dira. Pilek positiboa eta negatiboa nola duten, guk ere berdin. Bata eta bestea, biak, azaleratu egin behar dira. Pertsona osasuntsuetan horrela gertatzen da, eta ona da. Tristura hori edo alde depresibo hori goxoa izaten da batzuetan, nolabaiteko ukitu erromantikoa baduelako. Halakoetan, jakin egin behar da hori erabiltzen zure onerako. Horrek ezin zaitu suntsitu. Ez da behar motiborik triste egoteko, bizitzak berak ematen du nahikoa motibo, baina beste horrenbeste alai egoteko ere.

Behin bizitzaren larritasunaz ohartu eta etengabea da larritasun horren pisua liburuan. Haatik, Argia bere gelan kontakizunean diozu: Ez dut errudunik nahi, ez nire gogoan bederen.

Larritasun hori bere neurrian hartu behar da. Poztasuna dagoen garaian ez duzu beste ezeren beharrik, alegrantziak berak dena betetzen duelako. Alegrantzia arina izaten da, kaskarina, eta ez da gogoetarako momentu ona normalean. Tristura izaten da humus berezia sortzen duena. Larritasun hori modu literarioan hartuta erakargarri izan liteke, baina errudun sentitzea edo bihotzean zama sentitzea larriagoa da, eta orduan psikologoarena joan behar izaten da.

Istorioetan sarri egiten duzu atzera, eskola edo unibertsitate garaietara.

Bai, bizi izan duguna delako. Ni errealitatean oinarritzen naiz, ahalik eta zintzoena izan nahi dudalako neure buruarekin. Ez dut balio zientzia fikzioa egiteko. Neure buruhausteak islatu nahi ditut eta horiek bizi izan dudan horretan daude. Bizitzeko daukadan horretan, oraindik ez dakit zer etorriko zaidan.

Denboraren iragaitearen kezka nabari da, baina ipuinetako batean pertsonaia batek dio: Denborak ez du errurik, baizik eta denbora tarte horretan egindakoak.

Angel Erroren poema polit-polit batek esaten du, gutxi gorabehera, denbora axolagabe igarotzen dela nola poema onenetan hala lehiaketetako markagailuetan ere. Oso iheskorra da denbora, guregan ikaragarrizko eragina du, eta zenbat eta aurrerago joan, orduan eta eragin handiagoa izaten du.

Bizitzaren larritasun horren sinbolo goren, heriotza. Eta heriotza suizidio forman azaltzen duzu sarri-sarri.

Suizidioa forma literario bat da heriotza ulertzeko. Heriotza horrenbeste aipatzen bada liburu honetan, nire aitaren heriotza oso hurbil dagoelako da. Iazko ekainean hil zitzaidan aita. Aitarekin nuen harremana ez zen bereziki ona. Seme askori gertatzen zaiona da, ez da ezer berezia. Hil zenean, zenbat denbora galdu dugun konturatu nintzen. Gainera, uste dut bere azken hitzak niri zuzendu zizkidala: «Txuma» esan zidan bakarrik, ezagutu ninduelako. Urte erdiko prozesua izan zen eta asko zamatu ninduen. Tarte horretan atera nituen idazki guztietan heriotza ateratzen da gai modura. Gainontzean, ez dut heriotzarekin obsesio handirik: beldurra diot, beldur sano bat.

Itsasoa ere etengabe...

Itsasoa bizitza bera da. Etengabeko mugimendua, kaosa, barruan dagoena ezezaguna da hein handi batean. Misterio handi bat. Handik sortuak garela esaten dute. Ehuneko handi batean ur gara; mareekin bat egiten dugu. Itsasoak bizitzarekin zerikusi handia dauka, eta sinbolismo horretan itsasoa da bizitzaren joan-etorria. Bizitzaren gorpuzte bat, beste mozorro bat.

Emakumeak ere sarri agertzen dira. Erotismoz eta misterioz beteak, eta atzemanezin.

Atzemanezintasun hori ezin erabat ulertzea da. Zuri benetan interesatzen zaizun pertsona bat erabat ez ulertzea ona da. Bere misterioak gorde behar ditu, bestela hutsak gara. Esan izan dudan bezala, neskak orokorrean oso gai interesgarria dira literaturarako. Agian heterosexuala naizelako. Horretan badu zeresana nire naturak. Bestelakoa banintz, izan zitezkeen gizonak. Emakumea, niretzat, misterio bat da, eta atzeman nahi dudan misterioa, gainera. Horregatik sortzen dira bi sexuen arteko tirabirak. Batak bestea ulertu nahi du, eta ezin uler dezake. Eta joko hori ederki polita da. Dena biltzen baitu, zaborra eta loreak.

Kantu batetik abiatutako istorioak dira gehienak. Larrialdietarako irteera izan litezke kantuak?

Kantuak zoragarriak dira. Kantuek badute dohain berezi bat: gauzarik xumeenak loriatsu bilakatzen dituzte. Edozein musikaz ari naiz, ez soilik pop edo rockaz. Opera bateko libretoak, esaterako, nahiko xumeak dira gaur egundik begiratuta. Gehienak XIX. mendean idatzitakoak dira, eta, halere, kantatzen entzuten dituzunean ikaragarrizko indarra hartzen dute testuek. Hori gertatzen da kantuekin.

Idazle eta musikaria hitzak zeure buruarentzat potoloegiak direla adierazi duzu berriki. Zergatik beldur hori?

Musikariak ezagutzen ditudalako eta idazleak ezagutzen ditudalako. Badakit oso musikari onak ditugula eta oso idazle onak ditugula. Nik ez dut ikusten neure burua ez batean ez bestean. Nahiago dut esan gauzak kontatzen ondo pasatzen duen tipo bat naizela. Ez dut esango gaizki kontatzen ditudala. Badakit batzuetan asmatzen dudala, beste batzuetan asmatzen ez dudan bezalaxe. Musikaria musika tresnak ondo maneiatzen dituena da, musikaren zirrikituak ondo ezagutzen dituena, eta idazlea, hitzaren zirrikituak ezagutzen dituena. Nik ez daukat ez bata ez bestea. Ni beti intuizioz mugitzen naiz. Orain arte balio izan dit eta ea urte askoan!

Gizakiarengan konfiantza askorik ez da nabari zure testuetan, baina, era berean, gizakia bera da hain iradokitzaile zaizkizun kantu eta testuen egilea ere...

Gizakia akatsez beteriko gailu bat da. Akats horiek egiten gaituzte gizaki. Uste dut akatsik gabe ez ginatekeela ezer izango. Ate bat edo maratila bat, akaso. Gure dohainik handiena da ez dugula ezertarako balio eta sekula ez gaudela egon beharko genukeen lekuan. Beti oker. Hori da gure dohain eta gauzarik erakargarriena. Amaierako ipuinean aipatzen da agian inperfekzio hori dela perfekzioa. Gure inperfekzioetan perfektuak gara. Akaso ez gara gauza perfekzio horretaz jabetzeko. Gizakia ez da fidatzekoa, inperfektua delako.

Baina Rafa Rueda eta Pettirengan, esaterako, izango duzu konfiantzarik...

Bai, gainontzeko gizakiengan daukadan adinakoa. Ez gehiago eta ez gutxiago. Nirekin bat egiten duten bi pertsona dira. Ezagunak gara. Lagunak. Erraz isurtzen dira gauzak gure artean. Ez dago lotsarik. Bi pertsonaren arteko trabarik handiena lotsa da. Lotsa hori apurtzen den momentuan sortzen da benetako harremana. Petti, Rafa [Rueda] eta hiruron artean lotsa hori aspaldi gainditu genuen.

Eta harreman horretatik sortu zen Hauxe egitasmoa eta sortu zenuten Gaua eta kea abesti berri ederra. Zer dute gauak eta keak hain erakargarri?

Gaua iluntasuna eta introspekzioa da, barrualdera begiratzea. Guretzat gordetzen duguna. Eta kea, lurrunkorra da, gu bezala. Figura ederrak egiten ditu airean, guk bezala. Momentu batekoa da, gu bezala.


TXUMA MURUGARREN





Concerts


Photos 1


Photos 2


Photos 3


Biography


Newspaper Library


Hemeroteka 2


Website


E-mail


ARTISTS
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· ERRABAL JAZZ JAIALDIA
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KEU AGIRRETXEA
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Basque Country) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

EU ES FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du