Txuma Murugarrenek oinarrizko soinura jo du ohiko bandarekin grabatu duen disko berrian
Irune berro Bilbo Berria 2007-09-14
Trapezioko artista dekadentea, eskujokari baldarra, labana jaurtitzaile japoniarra... Pertsonaia horiek eta beste askok osatzen dute Txuma Murugarrenen (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) disko berriko giroa. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin plazan jarri berri duen lanean, Marjinalia-n, pertsona orok bere barnean erroturik duen eremua arakatu du Murugarrenek. Gure barruan denok dugu zirku txiki bat, musikariaren iritziz; trapezioko artistak gara batzuetan, eskujokariak besteetan, labana jaurtitzaileak... Gure gu dira denak: histrionikoak, ahoberoak, euforikoak, tristeak, bihozberak, ergelak eta oso azkarrak. Amalgama bat gara, eta kanpora ateratzen dugu jendeari -edo guri- min gutxien egiten diguna, azaldu du Murugarrenek. Pertsonek beren barruan baztertuta dituzten osagai horiek guztiak bilduta sortu du musikariak disko berria. Hartara, kantu bakoitzak egoera animiko zehatz batera darama entzulea.
Aurreko diskoetan eta zuzenekoetan lagundu duten musikariekin grabatu ditu Murugarrenek Marjinalia osatzen duten 12 abestiak. Atom Rhumbako Natxo Beltranek bateria jo du, eta Split 77 taldeko Ekaitz Hernandezek, baxua. Rafa Acevesek eta Mikel Ramirezek osatzen dute Murugarrenen banda. Teklatuak eta gitarrak jo dituzte, hurrenez hurren. Marjinalia diskoan, gainera, Asier Ituarte eta Rafa Ruedaren laguntza izan du Murugarrenek. «Haizezko jolasak» jo ditu Ituartek; tronboia, bonbardinoa eta beste. Ruedak, musikari aurreratu eta Murugarrenen «lagun handiak», diskoaren ekoizpenean egin du lan, kantu batzuetan gitarra jotzeaz gain. Bere iritzia eta aholkuak eman dizkit, esan du Murugarrenek.
Sasoi Ilunak taldeko abeslaria izandakoak eskertu du Ruedaren laguntza. Aurreko diskoarekin lotura gutxi du Marjinalia-k. Areago, guztiz bestelakoa da, haren hitzetan. Eta une batzuetan bide batetik edo bestetik egin zalantza izan du Murugarrenek. Disko organikoa egin duela esan du, «oso naturala». Urtarrilean hasi ziren grabatzen, premisa batetik abiatuta: grabatutako guztia soinu naturala izatea. Lehendabiziko grabazioetatik hartu dugu kontuan hori. Tresna bakoitzak ematen duena grabatu dugu, elementu sintetikoak eta programazioak alde batera utzita.
Horregatik Marjinalia-k aurreko lanen antzik ez duela dio Murugarrenek. Oinarrizko soinura jo du, zerbait desberdina eta berria egiteko desioari jarraiki. Marrazki bizidun batzuk ikusi nituen atzo. 70eko hamarkadako talde baten kontzertuan zeuden lagun batzuk, eta musikariek zein abesti ematea nahi zuten galdetu zieten entzuleei. Berririk ez zutela nahi erantzun zieten musikariei, betiko abesti ezagunak nahiago zituztela. Jarrera hori ez zait interesgarria iruditzen, ezta aberasgarria ere. Gauza berri ugari egiten dira egunetik egunera, eta merezi du horiek entzuteko ahalegina egitea. Murugarrenek berak estilo askotako musika kontsumitzen duela dio. Alabaina, azken garaian, doinu bakun eta errazak entzun ditu batik bat. Eta horrek disko berriaren emaitzan eragina izan duela uste du. Ekialdeko banden sonoritatea, halaber, sarri askotan agertu da Murugarrenek bakarka eginiko diskoetan. Eta Marjinalia-n are nabariagoak dira doinu eta erritmo horiek. Are presentzia eta indar handiagoa daukate.
Prestatutako abestiek bide horretatik eraman dutela onartu du, apaltasunez, Murugarrenek. Kantuek oinarrizko soinua eskatzen zuten; burdinazkoa, egurrezkoa, lurtarra. Eta horren arabera etorri da gainerako guztia. Abestiei behar zuten bidea hartzen utzi diet. Beharbada, bazeuden beste bide batzuk dotoreagoak edota komertzialagoak. Baina zintzoena hartu dute. Ondoen zetorkiena.
ERRO ETA BORDAREN POEMAK. Pertsonak kezkatzen du Murugarren. Interesa sortzen dio. Jakingura. Norbait kalean ikusi eta galdera ugari etortzen zaizkio burura: Nor ote da? Zertan egingo du lan? Zer bizimodu izango du? Zerk ekarri du hona...? Abesti guztien iturburua da pertsona. Eta hortik abiatuta, beste hainbat gai jorratu ditu Marjinalia-ko 12 abestietan, hala nola heriotza, galera, bakardadea, gaua, maiteminaren misterio atzemanezina, denboraren igarotzea, bizitza bidaia gisa...
Abestiak Murugarrenek berak idatzi ditu. Denak lau izan ezik. Angel Erroren hiru poema eta Xabi Bordaren beste bat kantu bihurtu baititu. Poetak Silvia hil dela amestu du, Denboraren igarotzeaz, Udamin (Errorenak hiru horiek) eta Utzi genien zerua (Bordarena) olerkiak hautatu ditu Murugarrenek. «Nire ikuspegitik idatzitako poemak direlako», esan du musikariak. Erro poeta hunkigarria da, haren iritziz; tonu eta erritmo berezia dute haren lanek. Lau hitzekin irudi txundigarriak egiten ditu.
Marjinalia lasaitasun handiz eginiko diskoa da. Murugarrenek eta hura laguntzen duten musikariek astia hartu dute abestiak sortzeko, mamitzeko, mainatzeko, grabatzeko, konponketak egiteko... Urtarrilean eta otsailean grabatu zuten diskoa, Bilboko Irala auzoko Koba estudioan. Eta abuztuan atseden hartu ondoren, berriro ere elkartu dira. Entseatzen ari dira, urri hasieran diskoa zuzenean aurkezteari ekiteko asmoa baitute.
Disko organikoa da, oso naturala; tresnek ematen dutena grabatu dugu, elementu sintetikorik gabe
Biderik zintzoena hartzen utzi diet abestiei, nahiz eta biderik dotoreena eta komertzialena ez izan
txuma murugarren
musikaria
DIsKoa
Egilea: Txuma Murugarren.
Musikariak: Ekaitz Hernandez, Natxo Beltran, Rafa Aceves, Miguel Ramirez, Rafa Rueda eta Asier Ituarte.
Disketxea: Gaztelupeko Hotsak.
|