EUSKARAZ ˇ ESPAŅOL ˇ FRANĮAIS ˇ ENGLISH



ARTISTS

NEWS

CONCERTS

ENGAGEMENTS

RECORD LABEL

SHOP


Errabal (Jazz)

Blues

Literature

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Subscribe to the bulletin


 Gauzak esateko eta komunikatzeko biderik laburrena topatu nahi dut
Hemeroteka 2
Gauzak esateko eta komunikatzeko biderik laburrena topatu nahi dut


Rafa Rueda

PILTko musikari berbera omen: betiko filosofia, betiko pertsona. Oholtzara herabe igoagatik entzuleak lotsagabe konkistatzen dituen kantaria. Haren ahotik ateratzen dena, berriz, poesia musikaduna.

Nekane Gonzalez Bilbo - Berria 2007-02-13

Pribilegiatutzat dauka bere burua, lagunen babesean hamaika egitasmo egiteko aukera izan duelako; eta lagunak ditu bidaide, hain zuzen, musikaren uhinetan barna. PILTri pausa eman, eta itxuraldatuta igo zen eszenatokira, bakarka eta modu intimoan irratikasetean berriz play emateko. Geroztik, hor dabil, hainbat proiekturekin batera dantzan; beti umil. Musikarik gabe ito egingo litzatekeen kantaria dugu Rafa Rueda (Mungia, 1972), baina ederki hauspotu dizkigu hitzak, ideiak eta usteak Bilboko auzo galdu bateko terraza galduago batean: El rincon de Rafa. Kontxo, toki aproposera etorri gara!.

Betiko moztu al zenituen mototsak?

[Barreak]. Ez dakit, ba! Bolada kontuak izaten dira. Normalean, itxuraz aldatzea asko gustatzen zait. Garai batean, ile kolorea aldatzekotan ere izan nintzen, baina oraindik ez naiz ausartu. Haizeak nola jo, nire irudia ere halaxe aldatuko dudala pentsatzen dut.

Nolanahi ere, aldaketa handia sumatu dugu PILTko Rafa Ruedatik Rafa Rueda pop zale honetara.

Aldatu baino gehiago ezkutuan neukan beste aurpegi edo alde bat erakutsi dudala esango nuke. Orain, PILTrekin ez ibili arren, oso neureak sentitzen ditut orduko garaiak, eta uste dut pertsona bera direla ordukoa eta oraingoa. Une jakin bakoitzean, ezaugarri batzuk edo beste batzuk islatzen dituzu, baina ez dut uste hainbesteko alderik dagoenik. Oteizak zioen moduan, poliedrikoak garela esango nuke: batzuetan aurpegi bat erakusten dugu, eta beste batzuetan, beste bat. Bi aurpegi, alajaina: hil da Jainkoa oihukatzetik zuhaitzei autoestopa egiterako jauzia egin duzu eta

Bai, bai! Gauzak beste modu batean esateko bideak aurkitu behar dira. Kantatzen duzun moduaren arabera ere, esaldi berak beste baliabide batzuk behar ditu. Dena den, ez dut uste gai aldetik aldaketa handirik dagoenik PILTren garaian idazten nituen testuetatik gaur egun idazten ditudanetara. Filosofia aldetik eta pertsona moduan oso antzekoa naizela uste dut. Sonoritate aldetik, agian, aldaketa suma dezake jendeak. Nik, aldiz, antzekotasun ugari ikusten ditut.

Baina orain, poetagoa zara...

Buuufaaa! Hori asko esatea da gero! Kantugilea banaiz, eta burutik pasatzen zaidana idazten ahalegintzen naiz, baina poeta titulua oso titulu pisutsua da, eta ez dut uste orain artean maila horretara iritsi naizenik, ezta iritsiko naizenik ere!

Kantuen hitzak idaztean, behintzat, poeta dirudizu. Sekula ez al duzu pentsatu musikarik gabeko ideiak argitaratzea?

Ez, ez. Ez daukat neure burua idazletzat. Horixe da, gainera, gehien kostatzen zaidana. Horretan jarduteko ez daukat behar beste baliabide. Neure burutazioak idazteko bai, baina bestela... Nik baino askoz hobeto egiten duen jende ugari dago, eta ez zait iruditzen neure burua horiekin aldera daitekeenik ere. Ariketa artistiko baino gehiago, zintzotasunarekin harremana duen ariketa moduan ikusten dut nik: hau pentsatzen dut, eta esateko gauza naiz. Baina idazteko teknika, hizkuntza eta horrelakoak urruti geratzen zaizkit.

Eta orduan, nola iritsi zinen hil da Jainkoa esatera?

Behin, lagun batek taberna batean entzundako elkarrizketa kontatu zidan: bezero bat Jainkoari buruz hizketan aritu zela, hain zuzen. Eta horixe hartu nuen abiapuntu. Erlijioari baino gehiago, norberaren aldarrikapen bati heldu nion nik, autonomo izatearekin lotutako gaiari alegia. Hala, hil da Jainkoa eragin handiko esaldia iruditu zitzaidan, eta horrekin ekin nion kantuari. Bestalde, pentsatzen dut hamabost urte gazteago izateak ere izango zuela bere garrantzia! Hori igartzen da, bai musikalki eta baita testuak egitean eta kantatzean ere. Gazteagoa zara, eta arinago egiten duzu korrika!

Gazteagoa diozu. Nolakoa izan zen zure gaztaroa/haurtzaroa?

Azken bolada honetan asko jotzen dut sasoi horretara. Iruditzen zait haurtzaroa sasoi garbi edo aratzenetako bat dela: gutxi dakizu, gizarteak ez zauzka oso kutsatuta, eta, seguruenik, zure izaera askoz ere naturalagoa da. Urteekin, sakela edo bizkar-zorroa hainbat gauzarekin betetzen duzu, eta horrek asko baldintzatzen zaitu. Garai horretara jotzea asko gustatzen zait, araztasun horri eusteko modu bat delako. Garai zintzoa bezala gogoratzen dut.

Eszenatokira igotzean, garai bateko haurraren zer ezaugarri agerrarazten duzu?

Haurrak gauzak oso intuitiboki egiten ditu, eta jendearekin komunikatzean oso garrantzitsua da benetako zintzotasunez jokatzea. Azken batean, gauzak esateko eta komunikatzeko biderik laburrena topatu nahi dut, eta haurrek asko laguntzen didate horretan. Azkeneko diskoan ere, umeen kontua hiruzpalau kantetan aipatzen dut, eta bada nahikoa arrazoi garai hartara jotzeko. Gunter Grassek bere liburuan esaten duen moduan, tipulari azal geruzak kendu behar zaizkio benetako pertsona agertu arte. Uste dut haurrak azalik gabeko gizakiak direla, eta hori bilatu nahi dut nik ere. Azken batean, naizen bezalakoa agertu nahi dut.

Zuk ekarpen handia egin diozu euskal musikagintzari, baina zer eman dizu zuri musikak?

Oso topikoa eta pedantea izan daiteke erantzuna, baina niretzat musika arnasa hartzea bezala da. Nire gorputzeko hirugarren hanka dela esango nuke; ez nuke jakingo ez ibiltzen eta ezta munduan egoten ere, musikarik ez balego. Nire bizitzan, bizigarri bat da; euskarririk handienetako bat. Zoritxarrez, gozatzeko arrazoirik ez duen jende asko dago, eta nik pribilegiatutzat daukat neure burua, musika hainbeste gustatzen zaidalako.

Musika tresna dezenterekin ere moldatzen zarela esan digute.

Beno, probak egiten-eta tresna askorekin aritu izan naiz. Lehenengo txistuarekin hasi nintzen; izan ere, Mungian, frontoian ibiltzea ala txistua jotzea beste aukerarik ez geneukan! Gero, kontserbatorioan, pianoa jotzen ikasten aritu nintzen, lau urtez. Orduan, pianoa erosteko garaia etorri zen, eta sasoi hartan nire etxean diru kontua jori-jori ez zegoenez, amak esan zidan: Begira, seme, musika tresna merkeago bat aukeratu beharko duzu!. Orduan, gitarrari heldu nion. Arrebak zehar flauta jotzen zuen, eta harekin ere ibili nintzen, baita tronpetarekin eta biolarekin ere! Soinua ateratzen duen edozein tresnarekin jolasean aritzea oso gogoko dut. Baina benetan, serio-serio, esan dezaket gitarra jotzen badakidala, eta pianoa ere pixka bat bai.

Zer aldarrikatuko zenuke gustura zure hurrengo diskoko kantuetan?

Gauza asko. Halere, aldarrikapena gehienetan berbera izaten da. Ez dut esango gaiak obsesio bihurtzen direnik, baina uste dut alde batetik edo bestetik beti heltzen diogula gauza berari. Bide positiboak bilatzen saiatzen naiz ni: baikortasuna transmititu nahiko nuke. Gure gizartean, badugu nahikoa bibrazio txar egunerokotasunean, eta uste dut terapia moduan baliagarriagoa dela zoriontasuna edo alderdi positiboa bilatzea. Euskal gizarteak bide horretara asko jotzen ez duela uste dut, gainera; biktimista samarrak gara. Askoz hobeto joango litzaiguke ikuspuntua aldatu eta biktima rola gainetik kenduko bagenu.

Hurrengo diskoan, hortaz, musika terapeutikoa izango dugu?

Bai, bai! Musika, niretzat, terapeutikoa izan da hasieratik bertatik. Min duzunean aspirina hartzen duzun moduan idazten duzu kanta bat; batez ere, zu hobeto sentitzeko. Gure gizartean, negarrak toki handia badu ere, zoriontasunarekin gaindituko bagenu, hobeto geundeke!

Noizko disko baltsamiko hori?

2008ko maiatzaren inguruan grabatuko dudala uste dut. Proiektua aurreratua daukat, eta ea datorren urteko udazkenerako ateratzen dudan!

Saredun eskuetako Rafa ikusiko dugu?

Baietz uste dut! Neure burua asko identifikatzen dut metaforarekin; nire izaerarekin ere zerikusi handia dauka. Asko ez aldatzea nahiko nuke, eta aldatuz gero, hoberako izan dadila! Filosofia eta deskribapen hori ona da, eta ez nuke galdu nahi!

Azkenekoz, game over esan zenuten. Noiz sartu ahal izango dugu txanpona, PILTren beste joko batez gozatzeko?

Ez dugu aterik itxi, baina geratzen garen hirurok lan dezenterekin gabiltza. Buruan dugu ondo datorkigunean ¸LT berpiztea, baina ez dugu epe finkorik. Esan ahal dudan gauza bakarra da egin egingo dugula, gogoa badugu eta! Une egokiaren bila gabiltza.

Berriz mototsekin, jo eta su?

[Barreak]. Ez dakit! Agian ez dut ilerik izango eta!

Eta Rafa Ruedak zerekin gozatzen du gehien?

Ondo sentitzearekin. Zoriontasuna ukitzea eta zeure buruarekin lasai, bakean egotea da plazerik handiena. Batzuetan zailagoa da, beste batzuetan baino. Baina lortzen duzun une gutxi horietan, benetan gozatzen duzu.

AGIAN dokumentalean aktore lanetan gozatu al duzu? Errepikatzeko moduan?

Aktore esatea larregi da! Arkaitz Basterra gurekin etorri zen, eta egiten genuena baino ez zuen filmatu. Eta elkarrizketa batzuk ere bai. Dena den, positiboa iruditzen zait gure lana beste formatu batean aurkeztea. Elkarrizketa moduko bat da, baina Arkaitzek modu artistiko batean jantzi du, eta dokumentala da emaitza. Nolanahi ere, zeure burua zineman ikustea gogorra da, ez pentsa! Telebistan ikustera ohituta gaude, baina pantailatzar batean... Dagoeneko hiru aldiz ikusi dut, eta oraindik ez dut ezagutzen neure burua hor; ez naiz ohitzen! Baina inoiz horrelako beste proiektu bat egiteko aukera badugu... zergatik ez?

Bizitzan egindako beste zer errepikatuko zenuke, esaterako?

Zaren pertsonarekin gustura bazaude, uste dut dena errepikatuko zenukeela berriro, ezta? Egindako gauza on eta txar guztiak, alegia. Zaren horren errua egin duzun guztiarena da. Hobetzeko gauza asko dauzkat, baina une honetan, neure buruarekin harreman ona dut, eta hori ondo eta txarto egindako gauza guztien emaitza da. Beraz, gaur esan dezaket dena errepikatuko nukeela berriro; bihar, agian, ez dut hala esango!

Errepikapenak hizpide. Gure herriaren historian ere gauza batzuk behin eta berriz errepikatzen dira.

Bai. Gizakia da harri beraren kontra birritan egiten duen izaki bakarra. Hala diote. Nik birritan ez, hamaika aldiz esango nuke! Baina positiboa izan nahi dut, eta inoiz harri hori bidetik desagertuko dela uste dut, lasai ibiltzeko aukera izango dugula. Erantzukizun handiz heldu behar zaio kontu honi, eta bidean gaudela esango nuke. Bada lasai eta aske ibiltzeko ordua. Gizarte moduan sanoago bizitzeko garaia dugu. Urte asko daramagu gure nortasuna azaldu ezinik, eta pisu hori gainetik kendu beharko genuke.

Bidean goazela diozu. Baina ba al du amairik?

Hiltzen zarenean amaitzen da bidea. Baina ez dago amaierarik. Arazo politikoa amaituagatik, ETAk armak utziagatik eta gure nortasuna gehiago errespetatuagatik, erabakiak indarrean jarri behar dira; lortutakoari eutsi egin behar zaio. Gauzak ez dira goizetik gauera egiten. Finean, jarrera bat dela uste dut: loreari urik botatzen ez badiozu, lehortu egingo da. Euskal Herriak asko sufritu du orain arte; alderdi guztietatik, gainera. Eta neure buruarentzako normaltasuna aldarrikatu nahi dut.

Beraz, zure bidean, nora iritsi nahi duzu?

Nora iritsi baino bidea da garrantzitsuagoa niretzat. Orain dudan sentsazioa izan nahi nuke urte askoan. Gogoko zaidanetik bizi naiz, gustura, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaidake.

Musika zertzeladetan

PILT. Lagun talde zoro eta zintzoa. Oso oroitzapen onak ekartzen dizkit. Lapur guztiak nahitaez lekuren batean biltzen direla esaten dute; eta ¸LTn, bildu behar genuenok bildu ginen!

Zaharregia, Txikiegia, Agian. Aukera izugarria izan da halako proiektu baten partaide izatea; benetako pribilegioa. Uste dut egitasmo honek luze iraungo duela. Egin dudan gauzarik politenetakoa dela esango nuke: musika eta poesia uztarturik. Lagun horiek izateaz harro nago! New Yorken ibili ginen, baina baita Irlandan, Alemanian eta beste hainbat tokitan ere. Gure hizkuntza erabili arren, komunikatzeko modu unibertsala lortu dugu. Beraz, hauxe da proiekturik unibertsalena; hizkuntzaren muga gainditu baikenuen!

Lauaxetaren omenezko diskoa. Erronka bat. Herriko poeta da Lauaxeta, eta haren irudi literarioa berreskuratzen ahalegindu ginen. Esperientzia handia izan zen hamaika kantari bildu, eta sortu zen giroaz gozatzea. Lortu genuena ezin da diruarekin ordaidu.

Rafa Rueda, bakarka. Proiekturik pertsonalena. Autoerretratu bat egitea bezala da: ni Rafa Rueda naiz, eta neure burua horrela isla dadin nahi dut. Nirekin hilobira joango den proiektua da. Gainerakoek epe jakin bat izan dezakete; baina Rafa Rueda ni naiz, eta, horregatik, egitasmo honek nirekin batera egingo du aurrera bizitza osoan.

Hauxe. Aspalditik ezagutzen dugu elkar hirurok, baina diskoetxeak proposatutako lana da. Lagunekin lan egitea esperientzia polita izaten da, eta oso ondo pasatu dugu! Proiektu zintzoa da. Tamalez, ez da asko prestatu dugun zerbait, eta horretan pentsatu izan dut maiz. Gehiago landuz gero, beste moduko emaitzaren bat lor genezake, eta horregatik, agian, aurrerago egingo dugu beste zerbait!


RAFA RUEDA





Concerts


Newspaper Library


Biography


Newspaper Library 2


ARTISTS
ˇ 7 SĶIS 7 LUAS
ˇ BELCEBLUES
ˇ BIDE ERTZEAN
ˇ BLUEDAYS
ˇ CONXITA
ˇ COOL CIRCUS
ˇ ERRABAL JAZZ JAIALDIA
ˇ EL DOGHOUSE
ˇ ESNE BELTZA
ˇ GABY JOGEIX
ˇ GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
ˇ HOTSAK DANTZAN
ˇ JJBAND
ˇ J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
ˇ JERONIMO MARTIN TRIO
ˇ JOSERRA SENPERENA
ˇ JUAN DE DIEGO TRIO
ˇ KANEVSKY
ˇ KARELEAN
ˇ KATAMALO
ˇ KEMEN LERTXUNDI
ˇ KEU AGIRRETXEA
ˇ KOKEIN
ˇ LOS CORONAS
ˇ LOS REYES DEL K.O.
ˇ MAMBA BEAT
ˇ MARTA SANCHEZ TRIO
ˇ MORAU
ˇ OSTOLAZA ETA PUJANA
ˇ PETTI
ˇ ROGELIO BOTANZ
ˇ SEŅOR NO
ˇ SEXTY SEXERS
ˇ SPECIAL 20
ˇ SURFIN KAOS
ˇ TAPIA ETA LETURIA
ˇ TERELA GRADIN QUINTET
ˇ THE BLIND LEMONS
ˇ THUNDER EXPRESS
ˇ TIGER! TIGER!
ˇ TRES MIL HOMBRES
ˇ TXUMA MURUGARREN
ˇ UEK
ˇ ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak ˇ Errabal, 23 ˇ 20590 SORALUZE (Basque Country) ˇ Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

EU ES FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du