‘Etxeko uzta’ diskoa plazaratu du, Gaztelupeko Hotsen eskutik
Mikel Kintana/bilbo
Petti abeslari nafarrak bere hirugarren diskoa kaleratu du. Etxeko uzta izeneko lan berria Berako lagun musikariekin grabatu du: Joseba Irazoki (gitarra), Iņigo Telletxea (baxua), Maikel (bateria) eta Fernan Irazoki (ekoizlea). Petti zuzenean laguntzen duen talde bera da.
Amets bat eta Arrazoiak, Berako abeslaria euskal musikaren munduan ezagutzera eman zuten aurreko bi diskoak, oinarri akustikoaren gainean zeuden eraikiak, eta barnera begiratzen zuten beste ezeren gainetik. Etxeko uzta disko berria, aldiz, rock amerikar onenaren usainaz bustiriko disko bat da. Neil Young & Crazy Horse, Screaming Trees, Dream Syndicate eta gitarra elektrikoaren emozio gaitasuna lehen lerroan jartzen duten beste talde batzuengana jo du Petti kantariak oraingo lanean.
Izan ere, gitarra elektrikoaren garapenak dira disko honen ardatz nagusiak. Gitarra indartsuak, lasaiagoak, dotoreak eta zenbaitetan gogorrak aurkituko ditu entzuleak; horiekin batera, Pettik kantuei ematen dien sakontasuna eta indarra antzemateko aukera izango du.
Aurreko bi diskoetatik asko ez aldentzeko, kantaria soinu akustikoa eta elektrikoa tartekatzen saiatu da diskoan zehar.
Lan honetan, aurreko bi disketa agertzen ziren abesti bi grabatu ditu berriro. ĢNire ustez, politak gelditu ziren abestiak berriro ere barneratzeak diskoen arteko urruntasuna saihesten duģ, azaldu zuen Pettik.
Barne munduaren aztarnak agerian
Disko honetan nahiz eta beste autore batzuen erreferentziak argiak izan, Pettik bere barne munduarekin bat egiten du bete-betean.
Euskal abesti tradizionala mantentzen du disko honetan, baina joera berriekin nahasten dira. Pettik erregistro zabala eta kantatzeko modu berezia du. Iluntasuna ageri da haren kantuetan, baina ez dago bizitza modu ezezkor batean ikusteko aukerarik, iluntasun horrekin baikorkeria islatzen baitu.
Disko hau osatzen duten hamahiru kantuetan, kantariaren istorio existentzialista, baikor eta pertsonalak kontatzen dira.
Hori dela eta, Steve Earleren folk-blues ilunak Mikel Laboa besarkatu dezake, Agurrak abestian bezala; edota Mark Laneganen kantu bat Crazy Horseren elektrizitateaz jantzita ager daiteke, Zergatik azaldu kantuan bezala.
Disko hau norabide askotara begira dago, iluna, basatia edo rock & roll zalea izan daiteke batzuetan, eta xamurra eta pop zalea ere besteetan.
Petti & Etxeko uzta taldeak urteak daramatza kantu hauek zuzenean jotzen, baina aurten grabatu dute diskoa. Nahiz eta kantuak kalean ezagunak izan, disko honen aurkezpen emanaldiak izango dira aurki; azaroaren 8an Tolosan eta 22an Billabonan. Abenduaren 6an Durangon eta 8an Donostian egongo da taldea.
Emanaldi horiek bi eratakoak izango dira. Alde batetik, akustikoak: Petti bakarrik ariko da horietan. Bestetik, emanaldi elektrikoak: Petti & Etxeko Uztak taldea ariko dira horietan
|