Donostia. Berria 2008-02-06
Hamabi urte bete zituen iaz Gaztelupeko Hotsak zigiluak. Urte horietan diskoetxean argitaratu duten hamar artistaren kantu bana hautatu eta dantzatzeko moldeetara egokituz, Hotsak dantzan bilduma eman dute argitara. Dantza Baltza sail zabaldu berriaren bigarren alea da lan hori; aurrez argitaratu zen Bilboko Mamba Beat taldearen estreinako lana.
Jimmy Bidaurreta musikariak (Donostia, 1971) pentsatu, zuzendu eta gauzatu du Hotsak dantzan bilduma. Tapia eta Leturia, UEK, Txuma Murugarren, Karidadeko Benta, Morau, Bide Ertzean, Rafa Rueda, Kokein, Petti eta Sexy Sextersen kantu bana hartu eta saltsa, latin jazz, ambient, hip hop edota bossanovaren eremu bero eta dantzagarrietara eraman ditu, lagin bitxi eta irudimentsua osatuz.
Jazza, musika latinoa eta elektronikoa ondo ezagutzen ditu Bidaurretak, pianista eta teklatu jotzaile gisa hainbat taldetan bildu duen esperientziari esker. Besteak beste, Argot, Sonora Candela, Javi Pez Orchestra, Acid Gazz, Makala Banda, Urban in Fussion, Ortophonk eta Grog taldeetan parte hartu du edo hartzen ari da. Zinemarako musika ere ondu du.
Beste soinu ehundura batzuez apainduak (scratch-ak, sintetizadoreak, oinarri elektronikoak, samplerrak), baina jatorrizkoaren esentzia errespetatzeko asmoarekin egin ditu bertsioak Bidaurretak. Bidaurretaren beraren lehen diskoa izango da Dantza Baltza saileko hurrengo lana.
|