Gitarrista bizkaitarrak Steel the blues diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin
MIKEL LIZARRALDE
Donostia Berria 2007-02-17
Gaby Jogeixek konplexu eta lotsa gutxi erakusten ditu Steel the blues (Gaztelupeko Hotsak) bigarren diskoan. Abeslari eta gitarrista bizkaitarra konpositorea ere bada, eta hain zuzen ere, bere eskutik ateratako kantuek osatzen dute diskoaren bizkarrezurra. Baina, horiekin batera, Stormy Monday klasikoa, Wade in the Water pieza tradizionala, Saint James Infirmary (Louis Armstrong) eta Voodoo Chile (Jimi Hendrix) moldatzera ausartu da.
Steel the blues Madrilgo Sonoland estudioan grabatu zuen zuzen-zuzenean Jogeixek -hiri horretan bizi da gaur egun, hainbat urte Frantzian igaro ondoren-, eta musika beltzaren hainbat esparrutara eginiko bidaia proposatzen du 14 piezatan. Beti ere bluesetik abiatuta. Slide eta lap gitarrarekin gospela, funka eta boogie jotzen du diskoan, eta genero horietan historiara pasatu diren interpreteen eskolako ikasle gisa aurkezten da: Campbell Brothers, Sonny Treadway, Robert Randolph... blues zaharretik edaten du baina blues modernoari ateak itxi gabe.
Eskarmentu handiko musikariekin grabatu du diskoa: Lauren P. Stradmann (bateria), Paul Larnaudie (baxua), Red Hamani (gitarra) eta Cope Gutierrez (bateria). Eta ekoizle lanak Francisco Simon Red House-ko gitarristak egin ditu.
MUSIKA BELTZA, ETXEAN BERTAN JASOA. Gaby Jogeix bere amaren eskutik hasi zen gospela entzuten. Eta baita Mahalia Jackson, Ray Charles eta Louis Armstrongen diskoak ere. Musika horrekin trebatu zen baina gitarra, ordea, ez zuen hartu 17 urte zituen arte.
Funk talde batean hasi zen jotzen eta 2001ean argitaratu zuen bere lehenengo bakarkako diskoa: Learnin'. 2002an Belgikara joan zen eta musikari afrikarrekin lan egin zuen, eta gerora Kenny Neal bluesman estatubatuarrarekin ere lan egin du.
Azken aldian laudorioak baino ez ditu jaso. Alligator Chicagoko blues disketxe handiko zuzendari Bruce Iglauerrena kasu: Musikari izugarria da Jogeix. Bere lana benetan bikaina da lap steelean, eta baita gitarra elektrikoarekin ere. Ideia sortzaileak ditu eta ez da bereziki musikari baten imitatzaile, askoren eragina sumatzen bazaio ere. Ezusteko handia da bere ahotsa, melodia moduan abesten baitu oihu egin beharrean. Oso ona
|