Rock’ N’ Roll diskoa plazaratu du Aterkings-ek
Gaztelupeko Hotsaken eskutik, lehenengo diskoa aurkeztu zuen atzo Aterkings taldeak: «Rock’ N’ Roll». Egia esan, bertan bildu dituzten hamasei kanten estiloaren berri emateko nekez aukera zezaketen izenburu adierazgarriagorik. Izan ere, entzuleek surf, garage, rockabilly, punk eta bestelakoak ere aurkituko dituzte, betiere rock klasikoenaren arrastoan.
BILBO
Aterkings, oroz gain, zuzeneko taldea da, eta duen indarra dagoeneko Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko makina bat plazatan erakutsi du. Orain, aldiz, indarra disko batean islatzeko unea iritsi bide da; horren ondorio da Bilbon atzo aurkeztutako “Rock’ N’ Roll”. «Guk surf, garage, rockabilly, punk eta bestelakoak ere egiten ditugu, baina beti rock klasikoenaren arrastoan», nabarmendu zuen Alberto González taldeko kideak. Izan ere, Little Richard, Chuck Berry, Sonics eta antzekoak dituzte eredu.
Guztira, hamasei kanta bildu dituzte. Horietatik hamabi euskaraz;hiru, berriz, ingelesez; eta bat, azkenik, gaztelaniaz. «Kantarik gehienak egiten dituen Goikok ingelesa ere menperatzen du, eta, tarteka, ingelesezko edo gaztelaniazko bat ateratzen zaio. Beraz, horietako batzuk ere sartu ditugu, baina ez kanpoko merkatuari begira-edo ari garelako, gauzak natural-natural horrela atera direlako», argitu zuen Gonzálezek.
Markina eta Elgoibar
Kanta guztiak beraiek sortuak dira, The Beatlesen “Money”ren bertsioa izan ezik. Kanta hori taldearen lehenengo pausoen lekukoa da, bertsioak jotzen hasi zirelako.
Goiko (ahotsa), Mikel (gitarra) eta Iker (baxua) markinarrak dira; Martxel (bateria) eta Alberto (gitarra eta organoa), berriz, elgoibartarrak. Kontzertuetan ezagutu zuten elkar. Halako batean, markinarrek elgoibartarrei entsegu-lokalera elkarrekin jotzera gonbidatu eta haien artean feeling-a bazegoela ondorioztatu zuten. «Nahiko kontzertu dinamika azkarrean sartu ginen, hasieran bertsioekin, eta, gero, geure kantekin. Halako batean, kontzertuei begira sarri eskatzen zigutelako, maketa bat grabatu genuen Amorotoko Musikortan. Aspaldi ezagutzen dugun Kike Turmixi pasatu eta haren bidez Euskal Herritik kanpoko kontzertu batzuk ere lortu genituen. Diskoa ateratzeko ere Kikek berotu gaitu gehien. Urdulizko Tio Peten grabatu dugu», esan zuen Gonzálezek.
Aterkingesek Madrilen joko du asteburuan. Gero ekingo die Euskal Herrian aurkezpen kontzertuak egiteari.
|