Komentarioa
Zaharregia, txikiegia agian poesia, kantua eta marrazkiak
elkartzen dituen disko-liburua Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen
Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde.
“Zaharregia, txikiegia agian” izeneko egitasmoak eraman zituen
Kirmen Uribe idazlea eta Mikel Urdangarin musikaria New York hirira
2003ko udaberrian. Sei saio eman zituzten bertan, New Yorkeko beste
horrenbeste areto esanguratsuetan, poesia eta musika uztartuz. Beste bi
musikari izan zituzten bidelagun, Bingen Mendizabal —hainbat filmetako
musikaren sortzailea— biolina jotzen eta Rafa Rueda —rock talde
berritzaileetako kidea— gitarra elektrikoarekin.
Arrakasta osoz burutu zuten hango biratxoa —horren adierazgarri The New
Yorker eta Open City aldizkari ezagunetan argitaratu izana— eta orain
Euskal Herrian eskaintzera datoz, zuzeneko emanaldi eta gaur aurkezten
den liburu-diska formatoan.
"Zaharregia, txikiegia agian" izena berak eginiko euskarari
buruzko poema batetik hartu zuen Kirmen Uribek, zabaldu nahi duen mezua
laburbiltzen baitu: "Euskara, Euskal Herria, agian, zaharregia,
txikiegia dela gaur egungo garaietarako, baina azken finean,
euskaldunok munduari begiratzeko modu jakin bat eskeintzen dugu,
bizitzeko eta sentitzeko modu bat"
Azken aldiko literatura, musika eta irudiak elkartuz, gure garaiko
kezkak modu garaikide eta garbian adierazten dira. Era berean, kultura
arlo ezberdinetan aritzen diren bost euskal sortzaile batzen ditu
—poesia, kantagintza, filmak, irudigintza eta rock alternatiboa—, denak
ere bakoitza berean bide berriak urratzen.
Liburu-disko berri honek, musika, irudiak eta hitzen arteko oreka
du ezaugarri. 140 orrialdeko liburuan Kirmenek lehenik New Yorkerako
pentsatutakoak eta gero grabaketa egiteko idatzitako olerkiak erabili
izan ditu. Hiru hizkuntzatan -euskara, gaztelania eta ingelera-
agertzen dira testoak, edizio zaindu batean. Bertarako, Mikel Valverde
marrazkilariak propio egindako lana dago, olerki bakoitzerako
ilustrazio bat, 60 irudi berri guztira. Liburu osoaren diseinua ere
Valverdek egindakoa da.
Mikel Urdangarinek proiektu honetarako eginiko kantuez gain,
Haitzetan eta Atharratz jauregianen bertsioak ere grabatu ditu. Bingen
Mendizabalek zazpi soketako biolina eta Rafa Ruedak gitarra elektrikoa
maneiatzen dute. Grabazioan Kirmen Uriberen ahotsa ere entzun daiteke,
kantua ematen duen errezitatua

