Hemen zaude: Hasiera Denda Zaharregia, txikiegia agian(1) Letrak

Letrak

Munduari begiratzeko

Munduari begiratzeko modu bat,
laguntzarrekin kantatzeko modu bat,
horman eguzkia hartzeko modu bat,
itxaroten jakiteko modu bat.

Pagoak ukitzeko modu bat,
azalak irakurtzeko modu bat,
hego-haizea usaintzeko modu bat,
autoan negar egiteko modu bat.

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian.

Begietara begiratzeko modu bat,
galderak egiteko modu bat,
eskutik heltzeko modu bat,
amets egiteko modu bat.

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian,
agian.


Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Mikel Urdangarin


Hiru bertso amodiozko

Kirmen Uribe daukat izena,
goitizena “Zelebratu”.
Izena zeinek asmatu zidan
ondoko honi galdetu.
Lagunartean gustura nago
ezin dut hori ukatu.
Maiz ilargitan ateratzen naiz
ta eguzkitan oheratu.

Errondarako geratu gara,
badatoz Rafa eta Bingen.
Konde bat ematen du Mikelek
horren tente horren zuzen.
Iparrorratza galdurik dabil
atzo Bilbon gaur Gasteizen.
Jesus Maria!, koitadu hauek
auskalo non galdu diren.

Ez du munduak itxura onik
hasi berri den mendean.
Boteretsuak beti hartzen du
debila bere mendean.
Eskerrak pozik ere badela
batean eta bestean.
Etorri laster, zure zain nago,
sagarrak ditut labean.

Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Mikel Urdangarin


Lagun bat (haur kanta)

Bada gorroto dudan lagun bat
Zuhaitzean gora egin nahi dudanean
“ez, ez, ez, hobeto ez”, esaten dit,
“laprast eroriko zara lurrera”.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Futbolean jolastu nahi dudanean
“ez, ez, ez, hobeto ez”, esaten dit,
“ipurdi azpitik sartuko dizute gola”.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Gustuko neskarengana hurreratzean
“ez, ez, ez, hobeto ez”, esaten dit,
“ez du zurekin nahiko berak”.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Anaia txikiari musu eman nahi diodanean
“ez, ez, ez, hobeto ez” esaten dit
“esnatu egingo da berehala”.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Lagun horren izena Lotsa da.
"Ez, ez, ez, inola ez" esaten diot gauero
"bihar ez dizut kasurik egingo bada".


Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Mikel Urdangarin.


Hauskor

Udazkena da bazterrean.
Berdez jantzi zara, zirikatzen.
Eta ni berriz hain hauskor.
Eta zu berriz horren suhar.

Bai, agian, bizkarrean jarriko nizuke eskua,
hura jaitsi gerrira, dantzatu.
Ohantzean etzan, lokartu eta iluntzean esna.

Desertua da kale honetan.
Lainoz jantzi zara, emankor.
Eta ni berriz hain hauskor.
Eta zu berriz horren suhar.

Bai, agian, bizkarrean jarriko nizuke eskua,
hura jaitsi gerrira, dantzatu.
Ohantzean etzan, lokartu eta
iluntzean esna.

Eta zurera sartuko banindu gogoak,
sorbaldetan pausa, jaitsi magalera.
Sabelera josi, lokartu eta
ahanzturan esna.

Mikel Urdangarin


Kukua

Aitzoli

Apirilaren hasieran entzun zuen aurrena kukua.
Urduri zebilelako beharbada,
kaosa ordenatzeko joera horrengatik beharbada,
kukuak zein notatan kantatzen zuen jakin nahi izan zuen.

Hurrengo arratsaldean, hantxe zegoen basoan zain,
diapasoia eskuan, kukuak noiz kantatuko.
Diapasoiak ez zioen gezurrik.
Si-sol ziren kukuaren notak.
Aurkikuntzak bazterrak astindu zituen.

Mundu guztiak frogatu nahi zuen benetan
nota horietan kantatzen ote zuen kukuak.
Baina neurketak ez zetozen bat.
Bakoitzak bere egia zuen.

Fa-re zirela zioen batek, Mi-do besteak.
Ez ziren ados jartzen.

Bitartean, kukuak kantari jarraitzen zuen basoan:
ez si-sol, ez fa-re, mi-do ezta ere.
Mila urte lehenago bezala,
kukuak kuku, kuku kantatzen zuen.

Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Rafa Rueda


Haitzetan

Haitzetan, lainoen artean,
ortozik jaku egoten.
Hazia barruan erneta,
jatorkonari berba:

Herri bat ikusiko dozu
negar eta zaurietan.
Ukenduz zeuk bakarrik
osatuko dozuna.

Aita hil dautsue seme
maltzurren egunean.
Su-garrik ez dozu gurako
datozen Jon Deunetan.

Eguzkiak emon daien
indarra eskueri.
Zoli, haitz eta arrabots
Auñamendiko basoetan.

Mikel Urdangarin


Hiru aste iragan

Los pájaros dibujaban en mis ojos pequeñas jaulas
Alejandra Pizarnik

Hiru aste igaro,
itsasotik bueltan.
Besoetan hartuta
nirekin olgetan.
Lehorrean gizonak,
itzalak uretan.
Gauez agertu zara
nire ametsetan.

Gorrotoa erraza,
zaila maitasuna.
Ez zen ondo igartzen
barruan zenduna.
Pena batek orain dit
galtzen osasuna:
Esan nizuna baino
esan ez nizuna.

Noizbait sortu ninduzun
nire adinean.
Amarekin etzanda
ohitura zenean.
Hartu lasai nigatik,
banoa bidean.
Aita, etorri zaitez,
gura duzunean.


Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Mikel Urdangarin


Maite zaitut, ez

Berrogei urtez labe garaietan lan egin arren,
barru-barrutik,
baserritarra izaten jarraitzen zuen.

Urrian, etxeko balkoian
soldagailuarekin
piper gorriak erretzen zituen.

Denak isilarazten zituen
haren ahots ozenak.
Alabak egiten zion soilik aurre.

Ez zuen inoiz maite zaitut esaten.

Tabakoak eta altzairuaren hautsak
ahots-kordak urratu zizkioten.
Mitxoleta bi hostoak galtzen.

Alaba beste hiri batera ezkondu zen.
Erretiratuak oparia zekarren.
Ez errubirik, zeta gorririk ezta ere.

Urtetan lantegitik ebatsi zituen piezak.
Soldagailuarekin
altzairuzko ohea josi zuen, ezari-ezarian.

Ez zuen inoiz maite zaitut esaten.

Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Bingen Mendizabal


Gauza perfektuak

Oinentzat mesede izan arren, zapatentzat
sandaliek eskeletoen antza dute.
Olibondoak bi mila urte betetzen ditu
baina ez da ezertaz gogoratzen.
Gauza perfektuek ikara sortzen didate.
Ez ditut atsegin.
Nire letra okerra da, pausua okerragoa,
egin ahalak egin.

Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Rafa Rueda


Notak paper solte batean

Gogoratu etxera luze gabe deitzea.
Kaina-bera luzeak mugitzen ikustea.
Neure burua hainbeste berriz ez zigortzea.
Azken trena galdu eta hurrena itxarotea.

Zauritutako eskuak errekan garbitzea.
Tristura gabe pozik ez dela jakitea.
Goizaren beirazko laztana muxuan sentitzea.
Deabruaren eskaintzak noizbehinka onartzea.

Agian dena aldatzen ahal da.
Agian nonbait biderik bada.

Gogoratu traba egiten dizun horretaz mintzatzea.
Ubarroiei begira isilik geratzea.
Beldur eta zalantzei eskua luzatzea.
Norabiderik gabe bakarrik gidatzea.

Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Mikel Urdangarin


Urrezko eraztuna

Aitak itsasoan galdu zuen ezkontzako eraztuna. Marinel guztiek bezala, kendu egiten zuen hatzetik eta lepokoan jarri, sarea largatzean hatza gal ez zezan.

Handik marea batzuetara izebak, legatz batzuk garbitzen ari zelarik, urrezko eraztun bat aurkitu zuen arrainetako baten sabelean.

Eraztuna garbitu, eta grabatuta zituen letra eta zenbakiei jarri zien arreta. Gezurra zirudien arren, gurasoen ezkontza eguna ematen zuten aditzera datak eta inizialek. Itxura guztien arabera, aitak berak harrapatu zuen eraztuna jan zion legatz hura. Itsasorik zabalenean.

Udako gau bareak barruko haizea dakar eta oroitzapenak.
Kasualitateak orbita zabal-zabaleko planetak direla otu zait zeruari begira. Behin edo behin ageri dira bakarrik.

Eraztunarena kasualitate handiegia da. Baina ez du axola. Inportanteena orain hauxe da: urte askoan eraztunaren istorio hori sinesgarri egin zitzaiela gure haur adimen txikiei.
Gauez, itsasoak legatz baten distira du.
Izarrek salto egiten dute ezkaten antzera.


Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Mikel Urdangarin


Atharratz Jauregian

Atharratz jauregian
bi zitroiñ doratü,
Ongriako erregek
batto dü galthatü.
Arrapostü ükhen dü
eztirela huntü,
hüntü direnian
batto ükhenen dü.
Atharratzeko hiria,
hiri ordoki.
Hur handi bat badizü
alde bateti.
Errege bidia
erdi-erditi,
Maria Maidalena
beste aldeti.

Aita, saldü naizu
idi bat bezala,
Ama bizi ükhen banü,
aita, zü bezala,
enündüzun ez juanen
Ongrian behera.
bena bai ezkuntüren
Atharratze Salala.
Ahizpa juan zite
portaliala
ingoiti horra düzü
Ongriako erregea.
Hari erran izozü
ni eri nizala
zazpi urthe huntan
ohian nizala.


Ahizpa, zuaza orai
salako leihora,
ipharra ala hegua
denez jakitera.
Ipharra balin bada
goraintzi Salari,
ene khorpitzaren xerkha
jin dadila sarri.
Atharratzeko zeñiak
berak arrapikatzen.
Hanko jente gazteriak
beltzez beztitzen.
Andere Santa Klara
hantik phartitzen.
Haren peko zamaria
ürhez da zelatzen.


Herrikoia Atharratz Jauregian balada zaharretan zabalduenetakoa da. 1753an lehenik aipatu zenez geroztik —Biarritzeko andre bati entzuna nonbait— XIX mendean bertan hainbat aldaera bildu zituzten. Honako hau Sallaberryk eman zuen argitara 1870ean.


Itzul ezazue

Eta hego haizeak eramango nauen egunean
itzul ezazue ene gorpua sorterrira,
ehortzi itsasertzeko adiskideen hilobian,
gogo oneko jendez inguraturik:
arrantzaleekin,
drogazaleekin,
idazlearekin.

Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Bingen Mendizabal