Hemen zaude: Hasiera Denda Tryphyllon Iruzkina

Iruzkina

Surfin Kaos
Tryphyllon
Gaztelupeko Hotsak, 2007

Koldo, Gilito eta Ibon, musika, jarrera eta irudia, sexua, drogak eta rock&rolla, gitarrak, melodiak eta hey! koruak, maketa, Bizzionbizzi eta Tryphyllon... Surfin Kaosen disko berriaren azaleko hirustari erreparatuta segundu gutxitan burura etortzen diren hiruko multzoetako batzuk dira, eta denak balekoak, bata zein bestea hartuta hirurak bat eginda baitatoz 2002. urtean sortutako talde honen nortasuna adieraztera. Rock& rollaren jatorrizko izaerarekin bat egiten du Surfin Kaosek, agertoki batera igo eta doinu batzuk jorratze hutsa gainditzen duen bizi-esperientzia gisa ulertuta. Rock&rolla betidanik izan da horrelakoa, ezarritakoren aurkako erreakzioa, egunerokotasunaren arrunkeriatik ihes egiteko bidea, harrokeria eta lotsagabekeriaren aldarrikapena, zuzentasunaren marra gainditzeko arrazoia... Disko bakoitzean gogorarazten digu Surfin Kaosek.
Tryphyllon bere hirugarren lana da, Urko Aranburu soinu teknikariarekin (Kashbad, Sorkun) grabatzen duen lehena, eta aurrekoek bezala, 70eko eta 80ko hamarkadetako punk, garage eta hard-rock talde ingeles eta amerikarren eraginak eta soinua bereganatzen ditu (norberak aukera ditzala izenak): kantu zuzenak, riff gitarra sarkorrak eta bakarraldi biziak, erritmo sendo eta bortitzak, melodia itsaskorrak, ozen abesteko leloak... Haatik, bilakaera nabarmena da hamahiru kantu berri hauetan, abestiak biribilagoak eta ñabardurez beteagoak dira, pop arrastoak desagertu egin dira eta gogortu egin dira erritmoak eta gitarrak, Kaliforniako soinu lisergiko eta psikodelikoaren bibrazioak azaldu dira... Bizzionbizzi aurreko lanaren estetika Ingalaterrako glam eta punk-aren ispiluan islatzen bazen, disko honek AEBetako Mendebaldeko Kostaldera begiratzen du, hango motel eta errepideetara.
Sexuak (Izerdiz jantzirik), drogek (Zerritu nahi dut, Ezinegonaren gaua) eta rock&rollak (Rock hotsak, Gaueko erreginak -bai, eurak dira-) eragiten duten gozamenaz abesten jarraitzen du Surfin Kaosek, baina Bizzionbizzi-ren mezu bitalista eta dibertigarriaren aldean, Tryphyllon-nek ere badu iluntasunaren ifrentzua, Hil nazazu mesedez, Gaindituz edota Ilunean kantuetan baieztatu daiteke.
Kolaboratzaileen zerrenda luzea bezain disdiratsua da, diskoan bildu baitira, besteak beste, Xabier Silveira bertsolaria, Fernando (Corazon del Sapo, Kuraia), Okene Abrego (Inoren Ero Ni), Fermin Muguruza, Kanda (Neubat, The Vicepresidentes...), Alvaro Turrion eta Imanol G. Alcon (biak Chico Boom-ekoak, Koldo Soret abeslari eta gitarristaren beste taldea).
Hirusta gorriak ahalmen sendatzaile ugari ditu... rock&rollak bezala. Surfin Kaosek berak diosku diskoko onenetakoa den Tranmisio sonikoak kantuan: doinu koloretsuen sendagaia, psikodelikoak diren estridentziekin...

TALDEAK DIO...
Sexua, drogak eta rock&rollari buruzko kantuak egiten jarraitzen duzue hirugarren lan honetan. Jendeak taldearen funtsa topiko horrekin lotzea axola al zaizue?
Ateratzen zaiguna da. Uste dugu Euskal Herrian ez duela jende askok drogei buruz hitz egiten, ezta sexuaz ere, edota rocka jotzeak suposatzen duenaz. Esfortzurik gabe ateratzen zaigu hori. Topikoa dela esaten duen jendea ez zaigu axola. Hitzek mami gehiago dute, askotan kritika bat izaten dira, errealitatetik ospa egiteko bidea noizbehinka...

Probokazio eta lotsagabekeria gutxiago dago disko honetan aurrekoan baino, hitzak ilunagoak dira eta doinuak gogorragoak. Serioagoak bilakatu zarete edo aurreko diskoaren iruditik aldendu nahi izan duzue?
Bizitzak unean uneko harrapatzen zaitu, eta gu ere beste momentu batean gaude. Aldaketa nabaritu dugu baina oso naturala izan da, aurreko diskoak bere momentua izan zuen eta oso harro gaude egindako lanaz eta Bizzionbizzi-ren irudiaz. Guk ere pentsatzen dugu disko hau serioagoa eta gogorragoa dela, gure eboluzioaren alderdi bat da.

 **Fernando Sapok (Corazón del Sapo, Kuraia) berriz kolaboratu du, baina oraingoan beste izen ezagun batzuk ere eraman dituzue estudiora, Okene Abrego (Inoren Ero Ni), Fermin Muguruza edo Kanda (Neubat) kasu. Nola sortu dira kolaborazio hauek**?
Fernandorekin harreman handia dugu eta disko bakoitzean animatzen da hitzen bat idaztera eta lokaletik pasatzera. Beti sartzen du zerbait. Okenerekin berdin gertatu da, grabatzen ari ginela afaltzera etorri zen eta berarentzako zati bat genuenez, animatu zen kantatzera... Ferminen kasuan, berak kantatzen duen zatia kantatzen ari nintzela bera etorri zitzaidan burura, bere estiloko melodia baita oso. Guretzat luxuzko kolaborazioak dira, gure gazte denboran idoloak ziren eta orain oso lagunak izateaz gain, gurekin abestu dute! Ez dugu inoiz pentsatu horren alderdi komertzialean.