Hemen zaude: Hasiera Denda Since 1993 - 25 urte

Since 1993 - 25 urte

                De Diego anaien disko berri hau entzunda,  "etxean egotearen" sentsazio ezin atseginago hori sentitzeko aukera izan dut ez gutxitan, hizki larriz idatzitako jazzarekin, denboraz gaindikoa bezain estimulagarria den jazzarekin, gozatzeko aukera. Bluesy ukitu horiek, groove tematia eta konposizioa osatzen duen materialaren erakarria, bikotearen bertute gutxi batzuk baizik ez dira.  Eta taldearen sonoritate trinkoa dugu, batera arnasten duena eta une oro argi duena nora doan eta nola sortu behar duen gai bakoitzari dagokion giroa. Funk ukituak agerikoak dira Macarrones con David L. gaiaren hasierako konpasetatik, eta giro horrek gozoki blaituta dugu album osoa. Bereziki hunkigarriak dira gai lasaienak, esate baterako, Yeah, Amor crónico eta Mikro, bikain landuta eta barru-barrutik iristen zaizun soul horrekin blaituta. Bestalde, erritmo bizieneko gaiek agerian uzten dute aniztasuna, hortxe ditugu Roc's blues azkar bezain indartsua, Gostrondiko gaiaren eraikuntza erritmikoa eta Me niego gai zoragarria, inolako zalantzarik gabe bati baino gehiagori gogoraraziko diona 60. urteetako Milesen bosteko ahantzi ezin haren alderdirik funkyena (Hancock eta Tony Williams sekulakoak egiten).

                Musikari beteranoak dira Juan eta Víctor de Diego bilbotarrak, eta euren ibilbideak nolabait ere paraleloan garatu dira, hori bai, bakoitzaren nortasun biziari dagokion erlaitzetan barrena. Jazzaren aurreko maitasun saldu ezina partekatzen dute, baita musika ohiko lekuetatik kanpora egiteko gaitasuna ere, sustrai sakoneko musika egiteko, betiere zerbait planteatzen duen musika egiteko, eta ez alferrikako musika. Bakoitzak bere aldetik eta elkarrekin egindako ibilbidea dute erakusgarri. Baina erne disko honetan dituzten bidaideekin! Niretzat sekulako aurkikuntza izan da Abel Boquera, Vilanova i la Geltruko pianista; Victorrek eta Juanek bezala, Bartzelonan eman ditu azken urteak, eta nagusitasunez eta ezin hobe gobernatzen du Hammond B3-a (baxuen pedalen teknika zaila barne), gisa honetako diskoak berezko dituen giroak  sortzeko unean ezinbesteko dena. Zoragarriak dira bere bakarkako pasarteak: nahikoa dugu Roc's gaia entzutea, barnean daraman musikaria agerian uzteko. Guztiok bagenekien  Caspar St. Charles londrestarra baina Bartzelonan bizi dena bateria jotzaile aparta eta handia dela. Izan ere, bereziki ditut gustuko bera bezalako musikariak, molde askotara egokitzeko eta taldeari eta musika zuzendaritza desberdinei betiere sendotasuna eta kolorea emateko gai direnak eta une oro bere nortasunari eusten diotenak.


Artista bereko diskoak


Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...