Hemen zaude: Hasiera Denda Seinaleak Kantuen Hitzak

Kantuen Hitzak

BADA HIRI BAT

 

Kaletik zoazenean

zuri so den aurpegiak

zauriak daramatza begietan

urradurak  erraietan

autobusean edo

zinemaren ilaran zain

hiri desolatu bana bihotzean

 

Bada hiri bat

ezkutuan bizi dena

hain hurbil eta

aldi berean hain urrun

 

Mutu diren ahoak

entzungor diren belarriak

elkar ukitzeraino inoiz

heltzen ez diren eskuak

begirada iheskorrak

txakur mesfidatiak bailiran

kontrako bidea hartuta doazenak

 

Bada hiri bat

ezkutuan bizi dena

hain hurbil eta

aldi berean hain urrun

 

Lubakiak zatituta

daukan lurraldean

bizi nahi ez duzun hori

zer egin orain

nora joan gainera

hiri beltz eta krudelak

zoazen tokira jarraituko dizula

 

Bada hiri bat

ezkutuan bizi dena

hain hurbil eta

aldi berean hain urrun

 

GASOLINDEGI ABANDONATUAN

 

Mina ematen du baina azkenik heldu da

horrenbeste traba ipini ondoren eguna

autoa baztertu dut lur jota

gasolindegi abandonatu honetan

 

Pneumatiko zaharrak pilatuta

herdoildutako lanabesak

sasiak toki erdia hartuta

ustel usain honek nauka erabat larrituta

 

Nola eta noiz okertu ziren gauzak

noren erruz eta zergatiak

bueltaka etengabe buruan

eta orain alferrik ezkutatzea

gasolindegi abandonatu honetan

 

 

 

 

Gaztetan sasoi eta kemenez beteta

egokitu zitzaidan hautu larria

injustiziaren aurka

askatasunaren bidean

 

zerbait egin behar nuela

dena aldatzerik bazegoela

bizia bera ere ematea

beharrezkoa bazen hori bai idea noblea

 

Pipa eskuan nuela ninduten harrapatu

eta hamabi urterako kartzelarekin zigortu

hirurogeita hamaseigarreneko neguan

hasierako fede itsu hark gidatuta

eutsi nion tente sasoi ilun haietan

 

Kaleratu nindutenerako hogeita hamar urte

eta bizitzeari berriz ekitea nola ote?

inguruko babesak laster ez zuen

nire barrualdeko hutsunerik betetzen

 

Kaleko ikuspegiak erakutsi zidan

kontuak beltz edo zuri ez zirela

desadostasunak bortizki moztuta

zeharo bakarrik ikusi nuen neure burua

 

kokaina eta alkohola

nire bihozminetarako botika

eta erositako maitasuna

konpainiarik leialena

baziren beherago ezin erori munduan

 

 

 

Horrela igaro dira horrenbeste urte

kartzelarena badauka zerbait beste honek ere

noraezean iparra erabat galduta

lana galdu berritan zera daukat goguan

 

kontua da izorratu ditudala

inguruan maite nituen guztiak

erabaki oker batzuen katean

ez dut ezer garbi utzi neure atzean

 

Burua bolantearen kontra jarrita

gonbito larria datorkit ahora

dena isilik dago infernu itsusi honetan

bihotz taupadak burmuinean kolpeka

izerdi hotz batek bustita kopeta

su bizi batek erreta paparra

oihu egin nahi nuke baina ez daukat indarrik

orain galduta nago benetan

gasolindegi abandonatu honetan

 

BIHOTZEAN BADAGO TOKI BAT

 

 

Bihotzean badago toki bat

odola hotz dabilena

behin bertan

egon eta gero

gauzak erabat aldatzen dira

 

Lerro zuzen eta okerra

han erraz nahasten dira

batzuetan

ez dago garbi

bien arteko aldea zein den

 

Lur hotz eta anker hori

zugandik ihesik ba ote da?

 

Iraganaren zuhaitz ustela

orainaren lore berriak

lehian

elkarrekin dabiltza

baina jokoa garbia al da?

 

Lur hotz eta anker hori

zugandik ihesik ba ote da?

 

MUNSTROEN ELIKADURA

 

 

Munstroen elikadura

zinikoen joko garaikidea

piztia ondo haztean datza

indartsu eta osasun onekoa

 

Munstroen elikaduran

hitzen desitxuratze lotsagabeak

norberaren esanetara

makurrarazten du errealitatea

 

Demokrazia, eskubideak,

justizia, bakea, edo askatasuna,

bahituak eta erabiliak

neurririk ez munstroaren gutiziak

 

Dirua da ala boterea?

mozkinen kontu honetan galduta nago

baloreak salgai merkatuan

bozen burtsan gero eta merkeago

 

SEGI ETA SEGI

 

Egunero goizeko seietan

jaikitzen naiz mamu bat bezala

dutxa bat hartu eta gosalduta

auto multzo tartean lanera noa

 

Irratiak dio nondik nora

doazen munduaren arazoak

nik ere neureak ditut baina

ezer pentsatu gabe segi aurrera

 

Segi eta segi

segi eta segi

segi eta segi

ezer pentsatu gabe segi aurrera

 

35 urte beteta

ezkonduta nago Durangora

mutikotxo bat dugu bidean

hortik behintzat ez datoz burukominak

 

Baina beste kontu batzuekin

egunotan kezkatuta nabil

noren eskuetan gaude zehazki

tratu egin ote dugu deabruarekin?

 

Mugi eta mugi

Mugi eta mugi

mugi eta mugi

dabilela itzalean hariak mugitzen

 

Nola zainduko ditut neureak

batek daki nongo tokietan

hartutako erabakien zain

jokoan baldin badago neure zoria

 

Irratiak dio nondik nora

doazen munduaren arazoak

nik ere neureak ditut baina

ezer pentsatu gabe segi aurrera

 

NOLA EZ GORROTATU

 

Nola ez gorrotatu

bidegurutze horretatik pasatzen naizen bakoitzean

bihotza geratu

eta hotz batek gorputz guztia hartzen didanean

kontrol hartan geratu

eta fusilaren kanoia ahoan sartu zidatela

heriotza bera nahiago izatera heldu banintzen

 

Nola ez gorrotatu

senarrak auto azpian ezer itsatsita ea bazeukan

ondo begiratu

egiten bazuen goizero umeak nirekin zeudela

haiek besarkatu

eta autoa zegoen tokian hutsune bat ikusita

beste egun baterako

bizitza luzatzen zitzaidanaren ustea baneukan?

 

Nola gogoratu

sentitu gabe har gaizto batek hartuta barrua

Nola begiratu

iraganaren pozoiari txistu eginez aurpegian

Nola bilakatu

lur lehor eta agor hau baratz emankor, nola, esan,

baldin badiot ukatu

besteari mina sentitzearen eskubidea

ezezagun eta arrotz bazait bere sufrimendua?

 

ZURRUMURRU URDURIA

 

Banku etxean nago

zeregin arrunt bat

noiz egiteko

nire txandaren zain

alboan eserita

emakume bat

hitzordua dauka

lehendik hartua

 

Ilea urdinduta

esku txikiak

bilduta altzoan

hanketan dardara

ilarak aurrera

egiten duela

deitu dute alboko

mahai batera

 

Ilara geldi dago

isilik jendea

alboko mahaitik

zurrumurruan

andrea urduri

azalpenetan

tarteka moztuaz

zuzendariak

 

baietz esaten du

ulertzen duela

garbi aditzen zaio

ziurra ahotsa

nire txanda helduta

eginda nirea

zurrumurru urduria

daukat gogoan

 

Seme-alaben eskola

etxeko gastuak

hipotekaren zama

eta langabezian

dagoen senarra

zenbaki gorriak

zurrumurru urduria

daukat gogoan

 

KALE GORRIAN

 

Taberna batean nago

txokoan eserita

hotza da kanpoan

 

Erratza pasatzen

emakume bat

niri begira

 

Halako batean

mahai baten kontra erratza utzita

hurbildu zait eta

eman dizkit barrako soberakinak

 

Nik ere banuen

familia bat

baina orain

kale gorrian

bizi naiz

 

 

UBELAK EZKUTUAN

 

Nire izena Naiara

urteak hogeita hamar

bizi naiz Bilboko Errekalde auzoan

seme alaba bi ditut

nago ezkonduta

kanpotik ikusita ondo bizi naiz

 

Hamasei urterekin

senarra dudana

ezagutu eta elkarrekin hasi ginen

berarentzat baino ez nituen begiak

horri deitzen nion nik maitasuna

 

Lagunen aurrean orduan hasi zen

gutxiesten esaten nuen guztia

 

Laster etorri ziren bere haserrealdiak

beldurra hartu nion eta saiatzen nintzen

bere nahiak asetzen

nola eta azkenean

lana ere utzi nuela berak eskatuta

 

Lehenengo haurdunaldian izan zen

jipoitu ninduen aurrenekoa

 

Barkamen eske etorri zen arin

maite ninduelako

egin zidala min

bigarren umea etorri orduko

jipoiak gero eta sarriago

 

Etxea garbi ez dagoela

esan dudan hori ez dela egokia

afaria ez dela bere gustukoa

eta errua beti neurea

 

Gezurra dirudi, baina horrela da,

maite dudanari diot ikara

 

Nire izena Naiara

urteak hogeita hamar

bizi naiz gezurretako ipuin batetan

non nor naizen ere ahaztuta daukadan

ubelak ezkutuan daramatzadala

 

 

 

SEINALEAK

 

Oi! Nor dabil ate ondoan

loak ezin hartuta gaua luzeegi joan zait

irudipenak ote dira

nire arreta hartu berri duten ahotsak

iluntasunaren atetik at

nire izena esan izan balute bezala

 

Bizi naiz antza kondenatuta

lur eremu isolatu honetan

aspaldi usteltzen ari naizela

zulo sakon eta itxi honetan

 

Egunotan begitandu zait

negu gorri baten atarian bezala

inork esnatuko ez duen

lo sakon batean hondoratuta zeudela bihotzak

eta berriz nire begiak

zabal zabalik diraute gau luze amaiezin honetan

 

Bizi naiz antza kondenatuta

lur eremu isolatu honetan

aspaldi usteltzen ari naizela

zulo sakon eta itxi honetan

 

Gauez euritan

odoldutako

zauri irekiak dira

ez dakit inork

ikus ahalko dituen

seinale hauek

 

Oi! Nor dabil ate ondoan

zer dela eta ezkutatzen dira itzal artean

Oi! bakean utz nazatela

ulertzen ez dudan jokoan nabil ezinean

Oi! berriz ere hemen dira

zein trikimailu erabiliko ote dute oraingoan?

 

Bizi naiz antza kondenatuta

lur eremu isolatu honetan

aspaldi usteltzen ari naizela

zulo sakon eta itxi honetan

 

Gauez euritan

oihu egindako

laban bustiak dira

ez dakit inork

entzun ahalko dituen

seinale hauek