Hemen zaude: Hasiera Denda Rock'n' Roll Iruzkina

Iruzkina

ATERKINGS : Rock and rollaren babesa

Lasai! Oraindik badago aukera tendentzia berrien edota musika sofistikatuen ur jausietatik babesteko. Euskal Herriko punk-rockaren harrobi nagusia izandako Buenavixta desagertzear dagoen honetan, Markina inguruko haizeak ekarri du erantzuna. Halako doinuak egiten dituzten talde oso gutxi daude… are gutxiago, euskaraz… eta zer esanik ez, bizkaieraz!!!

Musika taldeetan zelanbaiteko eskarmentua zuten lagun batzuek Aterkings taldea sortu zuten 2000. urtean. Inolako lotsa bariko frontman baten atzean (edo berarengandik) ezkutatuta, dibertitzen dituen musika egiten hasi ziren. Ia ohartu barik, ezagutzera ematen hasi eta maketa grabatu zuten. Berehala zabaldu zuten, eta kontzertuak biderkatzen joan ziren.

Aurtengo otsailean, Urdulizko Tio Pete estudioan, Jose Lastra maisuaren laguntzarekin, esku artean daukazuen diskoa grabatu zuten. 16 kantu horietan rock-and-rolla aurkituko duzue (tartean, bertsio bat), jakina, baina aterkia uste baino handiagoa da, eta askoz ñabardura gehiago ditu: Pleasure Fuckers, Crime eta antzekoen pareko punk-rock bizi-bizia ostia txarrarekin; –Bob Marley inoiz ezagutu ez zuten– Waylersen eta batez ere Sonics-en tamainako garage pieza gordinak; eta baita ere kutsu glam edo stonianoagoa dutenak ere. Ekaitzaren ostean, eguzkia… badira, baita ere, lelo itsaskorragoak dituzten banaka hit! ere bai, irrati-formuletan jartzeko modukoak.

Horretarako, gitarrak oso nabarmenak dira –pedalen laguntza eskertzekoa da–; hammond-ak bere esparru garrantzitsua dauka; eta tarteka, ahotsak estilo honetako patroi klasikoetatik salto egiten du izaera bereizgarria eskuratuz, besteak beste.
Igartzen da etxeko lanak ondo egin dituztela!!
Iker Barandiaran.

--------------------------------------------------------------

ATERKINGS: irentsi egiten dute rock and rolla

Jainkoak salba dezala Aterkings taldea. Markinakoak, bai horixe. Euskal talderik onena oraintxe bertan. Historian zehar egon den rock talde euskaldun hoberena, euskaraz kantatzen duena. Jitea darion lagun talde (basatia), zalapartarako beti prest eta tren bat geldiarazteko moduko indarra. Badirudi haiengan bete egiten dela landa eremuetako jarraitzaileen topikoa, mugida idealizatzen duten, beren gustuko diskoak barne-muinetaraino zurgatzen dituzten, berekin oin-zoletatik hasi eta arimaren gailurreraino gozatzen duten eta sakontasun eta sinesgarritasun ukaezinarekin erreproduzitzen dituzten jarraitzaile horiek, hain zuzen ere.

Jarraitzeko moduko eredua dira Aterkings, inondik ere. Mundu honetan justiziarik balego, eragin izugarria izan beharko lukete Euskal panoraman, gazte talde ugari sartu beharko lirateke beren lokaletan rockeatzera, gogo biziz jo ere, Stooges eta Pleasure Fuckersek, konbo australiarrek eta eskandinaviarrek, Little Richard eta Sonicsek egiten zuten bezalaxe, eta horrela hoberenen zerrenda osatu arte.

Sekula ez dut ahantziko entzun nituen lehen aldia. Gorlizko Xurrut pizzerian izan zen, gaur egun jada ahaztua dagoen yanki talde guai baten aurretik jo zuten. Aterkingsek jan egin zituzten besteak. Erraustu egin zituzten Ramonesen kamisetak soinean jantzita, Pleasure Fuckersen blindaje lodia erakutsiz, manualeko bertsioak fagozitatzen, eta ikuskizun bikaina sortzen, Goiko, liderra, aurrean jarrita, gitarrajoleetako batekin joka, garagardo putzu batean estropezu eginez, baina abestiaren haria galdu gabe zartako ederra hartu arren, eta oraindik gehiago, lau gorputz-adarrak gurutzean jarri eta jauzi eginez eta, segundo-hamarren labur batean, aireratze hasieran ikusi zuen argazkilari bati txunditu aurpegia jarriaz. Izugarria, benetan.

Inork ez dituela ulertzen uste dute berek. Beren eskualdeko lokaletan ez zieten jotzen uzten ez zirelako “errebindikatiboak” (gauza guztietaz enteratzen baita bat). Baina zoriak aldatu behar zuen, eta hementxe ditugu, CD ofizial bat gogor landuaz, rock-a-roller maketa baten eta bolo solte batzuen ondoren, Gluecifer talde norvegiarra Bilbora etorri zenean, esate baterako, haren aurretik jo baitzuten. “Ez da geuk esaten dugulako, baina jan egin genituen!!”, aipatu dute lagun artean. Norberegan sinistea baino gauza hoberik ez dago, ez horixe!.

Konplexurik gabe

Eta orain konplexurik gabe, ideiak oso argi eta mundua irensteko gogoz, Aterkings taldeak, 2000. urtean sortua bera, behin-betiko urratsa emango du bere debut mardulean, Urdulizko Tio Pepe estudio bikainetan, luxuzko azpiegitura, Markinakoek nahita erabili dutena album zikin, gitarrazalea lortzeko, rock and roll erritmoan, garaje urradura eta haragizko erakustaldiarekin.

Xerrak **Rock “N” Roll** du izena, eta ez zaio letra bakar bat ere falta. Zerrenda, bertan euskara gehiago ingelesa eta gaztelania baino, ospearen bideetan dabil, Raunch Hands doilorrenen (‘R&R At Night)’, Nomad coolenen (‘Kasurik ez’), Hertzainak taldean Gariren garaietatik (‘Bakarra’) euskaraz entzuten ez zen harrokeriaren, Ramonesen rock kutsu lañoaren (‘I Wanna Stay With You’), New Bomb Turksen kaos handiaren eta Stoogesen blues odoltsuaren (‘Excitation’)bideetan, alegia. Ikusten duzue bada, errepertorio izugarria benetan, Goiko, liderrak, kantatzen duena, ongi dakizuen bezala, oraintxe amorruz eta oihuka, oraintxe guztiz bromazale. Let?s rock!! Oscar Cubillo (El Correo, Ruta 66).