Hemen zaude: Hasiera Denda Québec Iruzkina

Iruzkina

**Québec, hamalau kantu independentziarako**

Québec urrun dago geografikoki Euskal Herritik, baina lan hau entzunez Québec ezin hurbilago sentituko dugu, kantutegi honetan eskaintzen zaizkigunak behin baino gehiagotan daudelako oinarrituak geureak bezalako esperientzietan: herritasuna, hizkuntza, subiranotasuna... mundua Euskal Herriz betea dago!

Zentzu horretan, Québec Euskal Herri handi bat da. Subiranotasun bidean abiatutako herri bezala, aspaldi samarrean hasi zen bere modernitatea sortzen, eta gaur egun eredu bezala erakuts litzake Tapiak proposatzen dizkigun autore eta kantari handien emaitzak. Izan ere, **Félix Leclerc, Raymond Lévesque, Gilles Vigneault, Claude Léveillée, Robert Charlebois**, Paul Piché lehen mailako kantariak dira, hala konposizioan nola letragintzan eta interpretazioan. Kantari handiak, globalizazioak, hurbildu ordez, urrundu egiten dizkigunak.

Globalizazioak kulturaren monopolia ezarri nahi duen une honetan, ikuspegi berri bat eskaintzen digu Tapiaren lanak, argi egiten duelako askotan nahitarat ezkutatzen den errealitate baten gainean. Alde horretatik, bitan dugu aberasgarri Québec diska, hango berri emanez geure nahiak eta ezinak kantatzen dituelako.

*Québec, hamalau kantu independentziarako* deskubrimendu berri bat da. Baina behingoz, euskaldunok ez gara Ternuaraino iritsi baleak eta indioak hiltzera.