Hemen zaude: Hasiera Denda Oraindik ametsetan Iruzkina

Iruzkina

VICTOR DE DIEGO GROUP: Oraindik Ametsetan

Joan eta etorrien historia da jazza. Afrikaren bihotzetik Ipar Amerika hasberri baten Hegoaldeko kolonietara. Nueva Orleansetik Chicagora, Missisippiren gainean eta Louis Armstrongen korneta. Chicagotik Kansas City eta New Yorkera, hantxe Duke Ellington eta Count Basie hurrengo iraultza prestatzen ari baitziren jada… Lur mugikorra da jazza eta hemendik hara eta handik hona (eta ke girotan, topiko zaharrak ederrak ere badira) ibiltzera behartzen ditu zaleak, soinean daramatenarekin soilik askotan, izan ere, inoiz ez da jakiten zein biziraupen-aitzakia bilatu beharko den lekuz aldatzeko, sinisten duten hura egiten jarraitzeko setarekin beti ere. Bedeinkatua seta hori gorren herrian.

Guztiz ikuspegi erromantikoa da hori, inondik ere, baina edozeinek ikus dezakeen errealitate gordina zertxobait ezkutatu baino ez du egiten: bizitzeko modua da jazza, etika bat eszeptizismoaren gainetik, eta berealdiko balioa du asko pentsatu gabe kontsumitzeko egina dagoen gizarte batean. Thelonious Monk ere gogaitua izan zen urte askoan, eta ia ezin zuen parterik hartu be-bop aurreitxuratu zuten jam mitikoetan, bere estetika (pertsonala nahiz musikala) “abstraktuegia” baitzen entzuleek beren egiteko. Hori bai kontrakultura.

Victor de Diegok ahalegin guztiak egin ditu bere musikarentzat leku bat aurkitzeko. Horixe izan da bere apustua: Orain dela 15 urte Bilbo bere jaioterria utzi eta penintsulako jazzaren “Meka”rako bidea hartu zuenean, berea hori edo ezer ez zela erabaki zuenean, bidean gelditu ziren beste hainbat musikarik bezala, bere belaunaldiko hainbat eta hainbat talentu bikainek bezala, horiek misterio bat izaten jarraitzen baitute udako jaialdietako: Gorka Benitez, David Xirgu, Joan Díaz, David Mengual… “entzuleria ugarientzako”.

Bartzelonak beti irribarre batekin hartu du partekatzeko zerbait garrantzitsua duena, eta Victorrek azkenean erakutsi du berea Oraindik Ametsetan lanean. Ez da bere lehen grabaketa, ez buru gisa (Speak Low, Victor de Diego Quartet eta Iratxo oinarri bikainak dira bere aurreko ibilbidea ezagutu nahi dutenentzat) ez “sideman” gisa besteren proiektuetan (haren curriculuma ikusteko gonbita egiten dizuet), baina hauxe da bere jazz-ahotsa halako naturaltasunez darion lehenengo aldia. Erreferentzia klasikorik ez da falta (Joshua Redman bezalako klasiko garaikidearenak, baina beharbada batzuek seguru asko sumatuko dute Sonny Rollinsen fazeta lirikoa ere bere une argitsuenetan), eta gai asko ezagunak egingo zaizkigu lehen aldiz entzutean, hemen bildu duen errepertorioa estimatzekoa da ulerterraza izateagatik (non gelditu zen musika komertzial ona?), baina legezkoa beti ere. Edo inolako “bainarik” gabe. Garai batean Blue Note edo Prestige benetako arrakasta ekoizleak ziren “jende askorentzako”, eta edertasun laño horren zerbait bada disko honetan…

Musikari dagokionean, 50. hamarkadaren amaiera eta 60. hamarkadaren hasierako hardbop eskolarekiko zaletasuna erakusten du Victorrek, eszenako beste konplize batzuekin (Gorka Benitez: the Free Sessions) noizean behin burutzen dituen esperimentuetatik guztiz urrun. Testuinguru klasiko horretan izugarri ongi moldatzen da, arina eta maltzurkeriarik gabeko diskurtsoa du, naturala. Victor de Diegok izugarri talde egokia osatu du proiektu berri hau aurkezteko, adorea eta esperientzia nahasiak. Baliteke oraindik bide erdian egotea talde egonkor gisa, baina duten gaitasunarekin, horrek ez du inolako trabarik jartzen aspaldian jotzen ari den laukote baten plantarekin jotzeko. Poza ematen du grabaketa honetan erakusten duten zuzendaritzak, Soila eta aldi berean izugarri berezkoa, naturala, kontuan izanik errepertorio horren “gaztetasuna”. 2004. urtearen amaieran estreinatu zuten Oraindik Ametsetan musika Galizian eta azkar ibili dira lehenbailehen erregistratzeko.

Curro Galvezek osatzen du erritmo euskarri sendoaren “hanketako” bat, eta balio handia ematen dio bere kontrabaxu soilari. Marc Ayzak bere gaztaroan esperientzia handia bildu du partxeen atzetik. Asmamena eta energia, guztiz kontuan hartu beharrekoak, Dee-Jahren lorpenen arabera, bere lehen albuma buru gisa, klasikoa bezain urratzailea izan daitekeen bokazio hori laburbiltzen du bertan, gaitasun izugarria du zuzendaritza lanetarako, perkusio gehiegikeria eta larderiarik gabe (horrelakoak oso ohikoak baitira perkusionistek zuzenduriko diskoetan).

Joan Diaz oraintxetik bertatik leku bat eskatzen ari da estatuko jazzaren piano-elitearen barnean, moldatzeko erraztasun izugarria du (The Komeda Project Live -Dani Perez-, Dalirogena –Joan Diaz Group-, Deriva –David Mengual- benetako sormena eta arriskua erakusten duten lanak dira), hizkuntza garbi eta txukuna ageri du, ikaragarri naturala. Hemen swing klasikoaren kutsua dario bere pianoari, eta benetako gospel bilakatzen da batzuetan. Gozamena benetan, 60. urteetan baten batek “soul-jazz”… deitu zion hori.

Izan ere, lan honi ez zaizkio ez arima ez groovea falta, errepertorio freskoa da benetan eta aurrez errazte lana egin dela nabari du. Beharbada minutu pare bat geratuko zitzaizkion ongi egosteko, baina bertute handia du premia horretan. Zuzenean ikusi ahal izango da laster, eta gai hauek berak gihartsuago bilakatuko dira seguru asko, bereziki zuzenerako pentsatua dagoela ematen baitu musika honek (jazzak, definizioz, kualitate hori izan beharko luke, ez baitago oso urrun kotoi zelaietako “galdera-erantzun” hartatik!). Teknikoa ez den zentzu horretan, izugarri baikorra da Oraindik Ametsetan, baita bere zoko introspektiboenetan ere, Victor de Diego berri horren isla garbia, hain zuzen ere. Beharbada batzuek orain ezagutuko dute, baina bera ez da iritsi berria. Ezin da ezerezetik sortu horrelako disko bat besapean duela. Rimbaud tragikoa entzuten zen 16 urtetan eta patetikoa bere heldutasunean. Baina modu bakarra dago jakintsua emateko, esperientziaren bidez alegia.
Gotxi