Hemen zaude: Hasiera Denda Muy Personal

Muy Personal

Grabazioa, Saúl Santolaria, hACERIAn, 2011ko apirilaren 27, 28 eta 29an. Edizioa eta Nahasketak, Saúl Santolaria eta Carlos Velasco, maiatz, ekain eta uztailean Sweet Saul Music Recording Studios estudioetan. Masterizazioa, Saúl Santolaria Diseinu grafikoa, Valentín Iglesias “Tres Minutos” Argazkiak, Mikel Kamiruaga eta Xabi Barrios

2011ko Azaroa
CD
10

 

SALTILLO

Disko honetako gai guztietatik honakoa izan nuen konposatzen aurrenekoa. Mexikon barrena bira bat amaitzen ari ginela egun batzuk eman genituen Monterreyko hotel batean, egun gutxiren bueltan azkeneko kontzertua eskaini behar baikenuen Saltillo hirian. Han, arestian adierazitako hotelean, konposatu nuen. Hasieran Tex-Mex ukitua zuen, Botxoboogiesentzat osatu bainuen, nahiz eta B pistan bestelako doinua eman. Askoz ere geroago hirukote formatuarekin joko nuen bossa erritmoaz, B pistan doinurik erabili gabe, akordeak soilik arpegioan joz. Eta orain, grabazio honetan, doinua idatzi diot B pistan.

 

 

BON VOYAGE

Emanaldi batean nintzela sortu zitzaidan aurreneko ideia. Gero hura garatu nuen behar bezala osatu arte. Gai bizi-bizia da, swing estiloan, Wes Montgomery gitarra jotzaile handia gogoan. Maisuari egiten diodan omenaldia da.

Laukotean interpretatua da, Joshua Edelman piano jotzaile.

Grabazio honetan esku hartu duten musikari guztien artean Joshua da ezagutu dudan azkenekoa. Elkarrekin jo dugu hainbat kontzertutan, oso esperientzia atsegina eta aberasgarria, indar emailea eta pizgarria. Maisu eta piano jotzaile handia da, eta haren aholkuak eta baikortasuna oso lagungarri izan ditudala esan behar dut. Oso harrotzen nau harekin jotzeak. 

 

 

THAT OLD TOUCH

Gai hau, gehienak bezalaxe, nire beribilean, nire estudioan, konposatua da. Badira sei urte musika eta taxia partekatzen ditudala, gitarra eta ordenagailua beti ditut taxian, horiek beharrezkoak baititut osatzen ari naizen lanerako materiala prestatzeko eta aztertzeko. Gisa honetan grabatu nuen gai honi dagokion demoa.

Beti uste izan dut gai honen doinua oso egokia dela saxoz jotzeko, laukotean jotzeko, Santi Ibarretxeren saxo altuarekin jotzeko.

Ez nuen zalantzarik izan, saxo bat behar banuen Santirena izango zen, nire ustez musikari aparta baita, sentiberatasun, talentu eta ozentasun handiaren jabe; musika dario larruazaleko izerdi-zulo guztietatik.

Mutikoak ginenetik ezagutzen dugu elkar Santi eta biok, Intermezzoren garaietatik, laurogeigarren urteen hasieratik; orduan inguruko musikari guztiak elkartu ohi ginen astelehenero jam egiteko. Gero elkarrekin jotzen genuen Pork Pie Haten.

Bereziki maite dut Santi, ilusioak gainezka egiten dit harekin jotzen dudanean.

 

DIAS DE INVIERNO

Pixkana-pixkana garatzen ditudan ideietatik abiatuta osatzen ditut gaiak. Prozesu horretan beste ideia berri batzuk gorpuzten dira, eta gisa horretan sortu zen Días de Invierno: bi gairekin ari nintzen lanean, Por Tí eta A Vueltas gaiekin, eta ohartu nintzenerako beste gai bat nuen esku artean. Bereziki gustukoa dut honakoa.

Balada bat da, eta bere kadentziarekin neguko egun gris, hotz eta euritsu horietan nigan nagusitzen den malenkonia hori helarazi nahi diet entzuleei.

 

FIVE IN BLUE

5/4ko gaia,  AABA egitura, non A blues bat den.  

Eskuarki gitarra joz konposatzen dut, baina gai hau marmarian abestuz eta sakelakoan grabatuz itxuratu nuen. Honenbestez bluesa konposatu nuen, gero B pista gehitu eta aldatu egin nion egitura.

Hirukotearen formatuarekin eskainita dago, Gorka Iraundegui Hammondean.

Gorka neke laguna izan dut azken urteetan, ia egunero jo dugu elkarrekin, bera organoan nahiz baterian. Lagun handia eta talentu handiko musikaria. Oso ondo sentitzen naiz harekin batean jotzen, izugarri gozatzen dut.

 

MEJOR ASÍ

Cha-cha-cha antzeko bat da, erritmo biziko gaia. Lehen beste izen bat zuen, hainbat aldiz interpretatu dut Cachalote izenburupean, baina egun batez emaztea eta semeak kontzertu batera etorri eta, hura amaitu bezain pronto, halaxe esan zidan Begok: “cachalote izena ere, zeu bai kaxalote”. Beraz, berehala beste izen bat emateko erabakia hartu nuen, mejor así, ezta?

 

A VUELTAS

Hasierako akordeen gurpiletik abiatuta garatutako gaia.

Hasierako ideia zen loop stationekin errepikatzen uztea eta A-ko doinua jotzea, aldi berean bakar-pasartearen euskarri izan zedin. Molde honetako hainbat harraldi egin genituen baina ez zen behar bezala ateratzen, eta looperrik gabe jotzeko erabakia hartu genuen.

B pistakoa guztiz bestelakoa da, hasteko 4tik 3ra pasa ginen, ezaugarri nagusia beltza puntutxoarekin osatutako erritmoa, eta bestetik, albora utzi genuen doinu aski konbentzionala erritmo askoz ere biziagoko beste doinu bati leku egiteko.

Zubiak ematen dio segida, pedala La musika notari eutsita; girotzeko pasartea duzu gai hau.

 

POR TÍ

Niretzat gai bereziki hunkigarria da. Nire emaztea du argia, eta hari eskainia da. 

Egiturari eta erritmoari dagokienez, ez da batere konbentzionala, 7/4ko erritmoa baitu. Loop station baliatzen dut riff bat errepikatzeko; kontrabaxuak bakar-pasarte bat osatzen du sarrera gisa, loopa agertzen eta desagertzen da hainbat unetan. Doinuaren ostean 4ko zubi bat sartzen da eta 7kora itzultzen gara azken parteko bakar-pasartea osatzeko; berriro ere loopa ageri da eta hari arpegio bat eransten diot akorde sorta batean oinarriturik.

 

DOBLE O NADA

Bluesa  tarteko denboran, doinua osatzeko ahots talde birekin, titulua bera iradokiko zidana. Riff bitan oinarritua, bira bakoitzean banaka errepikatzen dira ukitu bereziekin: aurreneko ahots taldeak indartu egiten du konpas bakoitzeko lehenengo denbora, baina bigarren biran bi konpasetan behin baino ez du indartzen hura, aurreneko denborara kortxea bat baino aurreratzen ez duela. 

 

 



Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...