Hemen zaude: Hasiera Denda Music Mass Construction-Live at Bogui Jazz Iruzkina

Iruzkina

3000 HOMBRES
Music mass construction-Live at Bogui Jazz
Gaztelupeko Hotsak, 2008

Music mass construction-Live at Bogui Jazz 3.000 Hombresen laugarren disko eta zuzenean grabaturiko lehenengoa da, eta taldearen azken bi urteetako emanaldien laburpen modukoa eskaintzen du, joan den urteko bi egunetan Madrilgo Bogui Jazz klub kutunean egindako grabazioaren bidez. Klub horretan astero jam session-ak eskaini ditu taldeak azken urtean, eta horrek musikari ugarirekin bat-bateko kolaborazioak egiteko aukera emateaz gain, kantuak beti ezberdin interpretatzea eta entzulea harritzeko gaitasunari eustea ahalbidetu dio taldeari. Hortaz, bere testuingururik naturalenean agertzen zaigu taldea disko honetan: zuzenekoaren berotasunarenean, inprobisazioa inguratzen duen sormen eta ustekabearenean, entzulearekiko gertutasunarenean... Oinarrizko hirukotea -Jairo Zavala (gitarra eta ahotsa), Javier Vacas (baxua) eta Antonio Alvarez (bateria)- aurreko diskoetatik ohikoak diren musikariez lagunduta dago: Daniel Madariaga Txarras pianista eta Norman Hogues (tronboia), Ove Larsson (tronboia) eta Gautama del Campok (saxofoia) osaturiko haize atal bikain eta txundigarria.
Musika afroamerikarra da 3.000 Hombresen izateko arrazoia, horren barruan blues, funk, reggae, swing, soul, jazz edota rhythm&blues doinuak sartzen direlarik. Musika beltzaren kantu klasikoen bertsioak egiteko La Vacazul taldeko kideen proiektu paralelo gisa sortu zena haziz eta sendotasuna irabaziz joan da urterik urte eta diskorik disko. Lehen lana, Our favorite songs (Gaztelupeko Hotsak, 2003), laukote formatuan grabatu zuten artean Tres Hombres izena (ZZ Topen omenez) zuelarik taldeak, eta blues (Don Nix), soul (Al Green), funk (James Brown) eta reggae (Jimmy Cliff) egile klasikoen bertsio asegarriak jasotzen zituen. Hurrengo bi diskoetan -Sesiones 224 226 (Gaztelupeko Hotsak, 2004) eta Baila srta? (Gaztelupeko Hotsak, 2005)- haize atalaren eta perkusioen ekarpena zela medio doinu latino eta dantzagarriagoetara egin zuen bidea. Music mass construction-Live at Bogui Jazz-ek aurreko hiru diskoetan jasotako errepertorioaren gaineko begirada eskaintzen du, haietako ale batzuk berreskuratuz -Ain't funky now (James Brown), Get up (Bob Marley), Fried neck bones (Willy Bobo), Love and happiness (Al Green), Mo' better blues (Brandford Marsalis)...-, baina unean uneko inprobisazioek nabarmen itxuraldaturiko bertsio zirraragarrietan. Horrez gain, orain arte argitaratu gabeko hiru bertsio berri ekartzen ditu: Cantaloupe woman funk-jazz abestia (Grant Green), Hard times soul balada izpirituala (Ray Charles) eta Oh babe swing pieza (Milton Kabak-Louis Prima). Kantu zerrendatik agerian geratzen denez, estiloak bereganatzean mugarik ezagutzen ez duen taldea da 3.000 Hombres, eta zuzeneko lan hau beste adibide bat da.
Esperientzia handiko musikariak dira 3.000 Hombresekoak. La Vacazulen aritzeaz gain, hirurek beste hainbat talde eta bakarlarirekin lan egin dute, estudioan zein zuzenean. Besteak beste, Jairo Zavala Amparanoiaren taldeko gitarrista da, eta telebistako hainbat saiotan lan egin du (El Club de la Comedia, La Noche de Fuentes y Cía). Javier Vacas eta Antonio Alvarezek oinarri erritmikoa osatzen dute Deluxe eta Los Reyes del K.O. taldeetan, eta Amparanoia, Chocolate Blues Express, Julian Kanevsky eta bestelakoekin grabatu dute.
Daniel Madariaga El Tio Calambres eta Celofunk taldeetako kidea da, eta La Cabra Mecánica, Poncho K, Amparanoia eta Yuri Mendezen diskoetan parte hartu du. Gautama del Campo eta Norman Hugues berriz, Espainiako jazz, funk, soul eta flamenko musikaririk onenetakoak dira, eta nazioarteko artista handiekin aritzen dira biretan zein grabazioetan.