Hemen zaude: Hasiera Denda Mundurako ateak Iruzkina

Iruzkina

Beltzera apustu

The Band taldearen modura estudioan (bateria jolea da abeslaria) eta zuzenean berriz Led Zeppelin itxurak hartuta (zenbat izan dira Whole lotta love egin ondoren onik atera direnak?) Jakina, klasikoa hitza ezinbestekoa dugu Elgoibarko bandari buruz aritzerakoan, baina hitzak daukan zentzurik onenean. Lan honetan Blues Rockaren oinarri izandako denek egiten dute topo, Lynyrd Skynyrd taldean hasita eta Allman Brothers, George Thorogood eta, sudista banderak eramaten zaituen tokiraino, bidean aurkitzen dituzunak. Tarteka badago britainiar heavy klasikoen ukiturik, baina orokorrean amerikarra eta beltza da diskoaren mamia. Gurru kantatzen entzutea zure etxeko diskoak entzuten hazi den norbait ezagutzea bezalakoa da; harekin dauzkazun lehen hitzak bakarrik irteten dira. Eta haren ahotsaren eskutik, diskoaren ekarpen nagusia: ingelesari lotua ezagutu dugun musika hura beste hizkuntza batetara esfortzurik egin gabe eraman izana alegia, rockaren bira eta intziriak euskaraz naturalak eta askeak gertatzea. Ezerk ez dirudi behartua lan honetan. Alderantziz, taldeak kantuak atakatzeko eta amaitzeko daukan modua diskoak eta diskoak entzun izanaren eragina baino ez daiteke. Armonika kexuak enpastatuta daude eta gitarra beroaldiak feeling handiz bideratuta. Soinu aldetik sendoa, konbentzimendu osoz abestuta (gutxi iritsi dira gurean maila berera) eta testuetan errepide zabalak eta zeru irekiak eskatuz, Mundurako Ateak haizea da aurpegian, Route 66 delakoan eta abiada bizian. Harley kometa.
Asier leoz