Hemen zaude: Hasiera Denda Mestijaia Iruzkina

Iruzkina

Mal de Ojo izenak talde honen izpiritu flamenkoa islatzen du. Parranda erregina dutelarik, ongi pasatu eta pasarazteko asmoarekin sortu zen duela hamar bat urte. Asmoa soberan bete dute eta gainera kasik konturatu gabe, profesionaldu egin dira, musikalki eta zuzeneko komunikazioan ere. Flamenkoaren adar alaiena den runbatik, son edo pasodoblerainoko ritmo bero guztiak nahastuz, nahi ta nahiez dantzarazten dute ikuslegoa...

Taldeko kiderik beteranoena eta frontmana den Adrian Perezek badaki zer dioen eta esaten daki, batez ere. “Mestijaia”ko kantu gehienak istorio laburrak dira, argazkiak, erantzunik jasotzeko esperantza handirik gabe atepetik sartutako maitasun oharrak asko. Bestalde, diskoaren izenak berak dioenetik ere badu asko “Mestijaia”-k. Itsasoz bestaldeko doinurik hezeenen aztarnak nabari dira kantu askotan. Badute penintsulako hegoaldeko mantzanillatik ere, bertako musikariek sortua eta Hernialden grabatua dela ahaztu gabe.

Berriro ohera” jostariak zabaltzen du hamabosteko sorta, disko osoan zehar molde ezberdinetan behin eta berriz agertuko den tematikari (amodio/desamodioa, gaueko enkontruak…) abiadurarik bizienean ekinez. Ondorengo hiru kantuak ( “Berandu”, “8mm.” Eta “Horregatik”)hara eta hona garamatzaten olatuak dira hauen gainean libre dabilen pianoak kantuen sakonunerik gordinenak arintzen dizkigun artean. Malkorik askatu gabe, burua tente dantzarazteko gai direnentzat.

Legorreta” pasodobleak “Lekeitio” runbara garamatza, diskoko ezustekorik ederrenetakoa berau. Eta kantu honetatik aurrera beste modu batera ulertzen da “Mestijaiako” hamabosteko sorta: kanpotik barrura eta barrutik kanpora eginiko bidaia. “Ojos de avellanak” barrura bidean jarraitzen du, hain barrura ze, arantza bat ikusten baita, kitarraren korden bibrazioak baizik baretzen ez duen mina ematen duen arantza. “Zoramen” eta “Gerria mugitzen”, alkandorako lepokoa jasota botatzeko kantak dira: erdi hutsik dauden saloietako pianoak, maraken erritmora doazen haizagailuak eta hezetasuna, hezetasun handia.

Muere la noche” eta “Fuego”-ren errepika indartsuek eta jarrera tenteak MDOren alderik kastizoena dakarkigute, bularraldea bistan, orbanak orban. “En recuerdo de tu amor” runba goxoko esku zartek arinduko digute azkenik bihozmina. Eta diskoa zarratzeko, izena ematen dion “Mestijaia” kantua, MDOkoek hainbat bertsolarirekin egindako fusio saiakera. Haritzaren gerria ez da palmondoarena baina hor dago bitxikeria, adiskidantzaren eta elkarren arteko estimuaren seinale. Doinu latinoetan oinarritutako talde hoek 13 kantutik 11 euskaraz egitea bezalaxe.

Musikaren erroak sakonetik astindu dituen hamarkada batetik burua tente duela atera da MDO eta horren adierazgarri euren “Mestijaia” hau. Begizkoa zenbaterainokoa den jakin nahi duenak ez du ahaztu behar Mal de Ojo zuzeneko taldea dela, jendearekin aurrez aurreko plaza lanean zaildutakoa. Begizkoek zenbat irauten duten jakiterik ez badago ere, badirudi MDOkoek ez dutela desegiten saiatzeko asmorik odola zainetan bor-bor dabilkien artean.