Hemen zaude: Hasiera Denda Marjinalia Iruzkina

Iruzkina

TXUMA MURUGARREN : Marjinalia (Gaztelupeko Hotsak, 2007)

Nire leihoak bakarkako lehen diskoan hezurdura ipini ondotik, bere kantagintzaren gorputza osatzen, haren forma bihurritzen, adarrak eransten, azala eraldatzen aritu da Txuma Murugarren hurrengo lan bakoitzean. Eskema eta estetika finkoetatik ihesiz, etengabeko metamorfosian dagoen sorkuntzaren alde egin du Sasoi Ilunak taldeko abeslari ohiak. Bide horri uko egin gabe, Marjinalia, bere bosgarren diskoa, orain arteko bilakaera horren sintesi gisa uler daiteke, bertan batzen baitira giro ilun eta dekadenteen zalea den Murugarren (Poetak Silvia hil duela amets egin du, Matt Elliott britainiarraren porrot kantuekin lot daitekeena), kabareteko eta Europako ekialdeko ijitoen musikak liluraturikoa –(Ridi plagliaccio, Marc Riboten estiloko gitarra doinu horiekin, Waltz…), pop kantu egile petoa (Biok sobera), gitarra eta ahots soilarekin hunkitzea lortzen duen kantaria (Bianka, Udamin ederra)… Baina Txuma Murugarrenen ibilbidea jarraitu duenak badaki soinuari ertzak bilatzeko haren kemena, eta Marjinalia-k ere badu hortik. Aurreko diskoetan ez bezala, ez dago soinua definitzen duen ildo nagusi bat, aitzitik, kantu bakoitza janzteko egindako hautuan datza diskoaren berezitasunetako bat. Horregatik da, esaterako, inoiz baino lirikoen agertzen zaigula Murugarren Utzi genien zerua kantuan, Xabi Bordak idatzitako poemaren irudi indartsuetan oinarrituta. Edo Angel Erroren Denboraren igarotzeaz poemak iradokitzen duen egunerokotasun ukiezina hain modu sotilean eraman duela musikara.
Istorio adina soinuk osatzen dute Marjinalia.
Baina, non da Marjinalia? Nor bizi da han? Ez joan oso urrutira bila, gure baitan erroturik dagoen eremu batetaz ari baita Murugarren, gizakiok ezkutuan gordetzen dugun beste gu horrek hartzen du ostatu Marjinalian: histrionikoa, aho beroa, bihotzbera, tristeegia edo euforikoa, isila edo kirrinkaria… Hortaz, kantu bakoitzak egoera animiko batera eraman gaitzake.
Sarrera labur baten ondoren, itxaropenezko parabola batekin egiten digu harrera Murugarrenek, Jaume Sisaren Quasevol nit pot sortir el sol kantu enblematikoa –ereserkirik gabekoen ereserkia, deitu izan diote- abiapuntutzat hartuta. Ongi etorri, sartu zaitez, eta bizi ezazu gurekin bizitzeko dugun apurra, diosku. Baina berehala heriotzarekin topo egingo dugu, baita Murugarrenek idazten duen guztian ohikoak diren beste gai batzuekin ere: galera, bakardadea, gaua, maiteminaren misterio antzemanezina, denboraren iragana, bizitza bidaia gisa… Gizakiaren gatazka eta beldur nimiñoak, gure bizitzaren motorra diren istorio hutsalak eta ezinbestekoak.
Aurreko diskoetan eta zuzenekoetan lagundu duen talde berarekin grabatu ditu Murugarrenek 12 kantuok: Natxo Beltran (bateria), Rafa Aceves (teklatuak), Ekaitz Hernandez (baxua) eta Sasoi Ilunak taldeko kide ohi Mikel Ramirez (gitarrak). Horrez gain, Asier Ituarte (tronboia) eta Rafa Rueda (gitarrak eta ekoizpena) ohiko kolaboratzaileak izan ditu alboan.

**EGILEAK DIO…**

  • Baztertuei eta galtzaileei buruzko kantuak zure lan guztietan aurkitu ditzakegu, baina oraingoan, Marjinalia izenburupean, mundu bat bildu nahi izan duzula dirudi. Ba al dago kantuok lotzen dituen haririk?
    Abesti sorta bat grabatzen duzunean haien arteko loturak nabarmentzeko joera dago beti. Denbora-tarte bertsuan ateratako abestiak dira, eta euren intentzioa ere antzekoa da. Uste dut Marjinalia izenak asmo horren berri ematen duela, baina gero kantu guztiok euren autonomia dutela esango nuke.
    - Jaume Sisa abeslari katalanaren Quaselvol nit pot sortir el sol kantua inspirazio iturri izan duzu Ridi pagliaccio osatzeko. Eragin zaituen artista da Sisa?
    Jaume Sisa entzun izan nuen garai batean, dexente gainera, baina ez dut uste nigan eraginik izan duenik. Esaldi hori, ordea, oso present izan dut beti, dena posible dela adierazi nahi duen esaldi eroa.
    - Diskoan soinu ehundura diferenteak entzun ditzakegu kantutik kantura. Abesti bakoitzaren atmosfera islatuko zuen soinu zehatza topatzeko lan berezia egin duzu disko honetan?
    Arreta berezia jarri diot horri, bai, abesti bakoitza oso pertsonalitate handiarekin eta bereziarekin mintzo zitzaidan, eta horixe islatu nahi nuen grabazioan. Bestela egitea kantua traizionatzea da, nolabait. Dena den, bide horiek anitzak dira eta bat hautatu dugu, beste hainbat albo batera utziaz, uste dut zintzoenaren alde egin dudala gehienetan, nahiz eta besteren bat ederrago edo efektiboago izan.