Hemen zaude: Hasiera Denda M n Ezten Letrak

Letrak

baina

Tantak lehioan lez
suizidatzen dira ametsak
horra laino beltzak,
putzuak erratuta kalez,
semaforoa gorrian...
aterkien pean jendea ihes
Begiradak mutu,
eta ahoak itsuturik,
hiriak agurtu nau
zure aldera lerraturik
bideak berak narama,
nagoen lekuan ez dut lekurik
Baina, atzean gelditzen den guztia
zein kutxatan sartzen da?
non errausten dira oroitzapenak,
baina aurrean dagoen guztiak
ez ote du merezi?
nik ez nuen geroa erosi, ez dago salgai...

Unai Iturriaga / Kristina Solano

aizu

Aizu,
ez naiz bizi osoan
itxoiten egongo, esperoan
entzun,
trena laster joango da.
Auskalo, nork daki, noiz iritsiko den hurrengoa
Beitu,
bost axola iragana
gure aiduru dago etorkizuna
nahi baduzu
jarraitu negarretan
bestela hemen duzu aukera ederra
Ireki begiak
mundua dugu, bai, begira
gauza gehiegi dira
egiteke, ikusteke ditugunak
Ahaztu
kendu ezazu burutik
maite ez zaituen maitalea
ez du
nigar egiteak merezi
karrilak mila dira bizitzaren joan-etorrian
Aizu,
etorri edo geratu
ez da hain zaila, ezta, zuk aukeratu
entzun,
zuk ikusiko duzu,
baina gero mesedez ez zaitez damutu
Ireki begiak
mundua dugu, bai, begira
lagun gehiegi dira
hor nonbait, gure zain ditugunak
Azkar mugi gaitezen
trenak joan baino lehen
gertu izango nauzu
nahi duzun arte
Ireki begiak....
Ireki begiak....

Zauria itxiko dizutenak
hor nonbait gau eroen argitan
bizitza piztuko digutenak
itxoiten zain ditugu bidean

Imanol Ubeda / Kristina Solano

asetuta

Ez naiz zurekin, gogoratzen
ez dut zure argazkirik ferekatzen
zure poemek ez didate
barregurea baizik eragiten
lehen lotuta egon nintzen
orain ikasi dut ibiltzen.
Libre naiz! Bizi naiz,
asetuta.
Bizitzaz, lagunez
mozkortuta
Gauak ez doaz horren luze
doaz datozen bezelaxe
sufrimendu ez oinaze,
zuregatik, inolaz, ez horixe!
Libre naiz! Bizi naiz,
asetuta .
Bizitzaz,
lagunez mozkortuta.
Zurea uste zenuena
dagoeneko nire bizitza da!
eta zu berriz, ai laztana!
bakardade gorrian bizi zara
kokodrilo malko horiei
orain parre, egiten diet!
Libre naiz! Bizi naiz,
asetuta.
Bizitzaz,
lagunez mozkortuta.

Unai Iturriaga / Amaia Oreja

egin dezagun

Erdizka egiten ditugun lanek
sutzen naute, baina ez berotzen,
tantarik-tanta dastatuz nahi dut
denbora erretzea
ez hark ni kixkaltzea
Igerialdi lasaiak eginez
elkarren ezti garratzen artean
arnas hartzeko etenik gabe,
zein gozo nintzatekeen
bertan itota ere
Egin dezagun gauaren bueltan,
ordainez,hil behar nautela,
eta nire azken une goxoak zurekin
nahi ditudala
egin dezagun gauaren bueltan,
nireak egin duela,
eta nire azken une goxoak zurekin
nahi ditudala.

Ixiar Oreja / Xabier Solano

zain nago

Batean, bestean
lehengoan eta hurrengoan,
jendea nahastean,
beti elkarren ondoan.
Haize hegoa bada zergatik
ez dugu baliatzen guk?
Zure begien beste aldean
zer dagoen jakin nahi dut.
Baietza, ezetza,
esateko hitzak dira.
Ez pentsa, jendetza
ez dago guri begira.
Ez al genuke lagundu behar
behingoan, halako baten
gure gorputzek euren hizkuntzan
gutaz hitzegin dezaten

Zain nago, haizeak alda daitezen,
zain nago, zain nago, diotsut ozen!
zain nago, elkar laztandu gaitezen
zain nago, behingoz ohartu zaitezen.
Zain nago, zain nago, diotsut ozen
zain nago, elkar laztandu gaitezen
zain nago, baina ez dakit ez naizen
nekatzen hasi.

Unai Iturriaga / Amaia Oreja

agurtzen nauzun arte, agur!

Zuek bion arteko zubi hauskor,
bakoitzarentzat adiskide jator
nintzen, baina orain nor da nor?
lehenak oraina zor.
Hiruki baten hiru erpin aske
bide zuzenak uztar gintzan eske
malkoek lotu gaituzte
zu galtzearen truke.
Urrundu zaituzte nigandik
berandu da jadanik.
Eramanda joan zara,
joan zara emanda,
maitasunak erasanda
joan zarela esan da.
Atzoko promesa gaurko damua
irentsi dugu gorroto amua
elkarrengandik ze hurbil dauden
zerua eta infernua.
Ai, lagun, min eman didazu
lagunmin zintudan zu.

Amaia Agirre / Amaia Oreja

herri bat, mila aurpegi

Ameslari garenon
ikuspegia
eta amets ukatu
baten egia
Bi masail gorriak malkoek zartatuta
lotsa gorrituta al zaude sorterri!
Ile zuria
bakana eta indargea
hego haizeak
astindu ta nahastua
Masail gorriak
eta muxu zuri zurbila
begi berdeak
eta buru bat, bi aurpegi
Zelatari urduri
dauden bi begi
berden edo orlegi
Zabal itzazu!!
Zabaldu malkotan dituzun bi begiak
esperantzaren berdez bustiak.
Ezpainetan
utzi irrist egiten
irribarre
ezti eta goxo bati
Masail gorriak
begi berdeen kontraste
zurian zuri
eta bere txikian haundi.

Amaia Agirre / Kristina Solano

gazi gozoen arrazoi

Eman den pauso bakoitzean
mendira bat ohitzean
eta elur zuria lohitzean
zutaz goizean
oroitzean
Behetik gora eta goitik behera
guztien arabera
bidea ez da beti bera
haatik gera
hunkibera
Ai, lurretik zerura
zerutik lur galdura
zabaldu dugu mundura
izoztu den ura.
Gozamen toki, inurritegi erraldoi,
zapaldutako lurralde ohi
elur pinporten inurritegi erraldoi
gazi-gozoen arrazoi.
Amets gauzatuen antzera:
gurtzetik agurtzera
eta agurtzetik gurtzera,
ortzi ertzera
igo zera
Sei, bost, lau, hiru, bi, bat
bide erditik harat
baina erdibidetik at.
amets egin dut bart...

Amaia Agirre / Kristina Solano

104

Zuregana iristeko bidea
ikasia eduki arren
diru exkaxiaren mixeriak
baztertzen nau bainauzu erren
zuretzat dudan paradixua
ez da dirutzarekin neurtzen
zureganako dudan grina
ez zait bihotzean kabitzen.
Zure begien dizdirek
nigan argitzen dute
104 ilargi betek
hainbeste.
Palaziorik ez izateak
ez nau ni batere kezkatzen
zure maitasunaren arrazoia
zergatik ez didazu azaltzen
bikote arteko erlazioa
urrez baduzu zuk asetzen
beste panpin bat bila ezazu
maitasun hori ez baitut ulertzen.
Zure begien dizdirek
nigan argitzen zuten
104 ilargi betek
hainbeste.

Amaia Oreja / Kristina Solano

beldurrak ahaztuta

Ez dago inoren esku sexu aukera,
guztiok ar edo eme jaiotzen gera,
bizitzeko era,
ez gera atzera,
guziaren gainetik, emakume zera!
Egun guztian langile, iñurrien pare,
ilargiaren argitan bihurtuz maitale,
etxeko neskame,
denborarik gabe,
askotan halabeharrez gizonaren menpe.
Ei! eutsi, izan adore,
kanpoko kolpeek ez zaitzatela eraitsi.
Ei! Eutsi, izan kemena,
nahiz zail izan sarri,
minari barrura sartzen ez behitzat utzi.
Beldurrak ahaztuta,
salatu behar duzuna:
laguna,
denok elkartuta,
uste baino lehenago
berdintasuna.

Maider Segurola / Kristina Solano