Hemen zaude: Hasiera Denda Lasturbidean Iruzkina

Iruzkina

OSTOLAZA ETA PUJANA
Lasturbidean
(Gaztelupeko Hotsak, 2008)

Erromeria asko egiten ziren, garai batean, Itziar eta Lastur inguruan: Larraskandan, Santuaranen, Aittolan, Arbilen, Soarten, Endoian, Oktaban, Ziolarren eta beste leku askotan. Nola ez, jendearen musika gosea asetzeko, trikitilari askok parte hartzen zuen erromeria horietan. Baina, Itziar eta Lasturrekin zeukaten harremanarengatik, Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta nabarmenduko genituzke, hamarkada luzeetan aritu baitziren bertan jotzen, entzulegoaren gozamenerako.
Trikitilariak iturri askotatik edan behar izan du bere errepertorioa osatzeko eta lau soinujole hauek elkarri piezak erakusteaz gain, txistularien, musika banden, dultzaineroen, albokarien, eta abarren errepertorioak bere egin zituzten. Haiek jotzen zituzten pieza asko entzuten dira gaur egun ere, baina beste asko galdu dira. Hori dela eta, orduko errepertorioko pieza batzuk, gehienak instrumentalak, jaso dira Jon Ostolaza eta Rakel Pujana bikotearen disko honetan.
Baina entzulegoa asetzeko horrekin nahikoa ez eta garai hartan modan zeuden abestiak irratietan entzun eta beraien instrumentuetara egokitzen zituzten. Gaur egun hainbeste entzuten den musika fusioa, trikitilari hauek naturalki burutzen zuten aspaldi. Horrela, fandangoak, arin-arinak, pasodobleak, fox-trot-a, kalejirak, trikitixak eta baltsak grabatu dira lan berezi honetan.
Aukeratutako koplak berriz, aurreko panderojoleek bezala, bere kantaera eta lekukotasunaren arabera moldatu ditu bikoteak.
Diskoari laguntzen dion liburuxkan, aldaketarik gabe aurkituko dituzu. Diskoak, oraindik ere indarrean dirauen erromeria giroa jaso nahi du. Hori dela eta, zuzeneko bi grabaketa egin ziren eta bertan jendearen txalo eta irrintziak entzuteaz gain, dantzarien hotsak ere somatzen dira. Trikitizaleentzako disko aparta izateaz gain, Jon Ostolaza debarrak eta Rakel Pujana markinarrak garai baten soinu testigantza ederra eskaintzen digute bikoteak kaleratzen duen lehen lan honetan.