Hemen zaude: Hasiera Denda Panza de Burro Iruzkina
Informazioa
Elementua gehitu da
Informazioa
Elementua zure saskian badago dagoeneko

Iruzkina

Panza de Burro

Juan de Diego (Bilbo, 1968) egileak berriro ere heldu dio hirukotearen proiektuari Errabalentzat egindako aurreneko disko honetan. Izan ere, formatu honek oso emaitza onak eman zizkion aurreko lanetan, esate baterako KEA (Artomaña Records, 2003) lanean. Egilearen aurreko abenturan –De Diego Brothers boskotean, anaia Victorrekin batean buru– hard hop funkyenari eta 60. hamarraldiko Blue Note hotsari guztiz emana egon bazen ere, grabazio berri honetan konplexurik gabeko sortzaile aske gisa aurkezten zaigu, tasun tekniko aipagarrien jabe dela.
Juan de Diegori laguntzen dioten musikariak ez dira erritmo-euskarri soil bat eskaintzera mugatzen: gisa honetako talde batek –tronpeta, gitarra eta bateria– erabateko konpromisoa eskatzen die musikariei isiluneak eta harmonia behar bezala kudeatu ahal izateko. Izan ere, kasu honetan taldetik at geratu da ohiko kontrabaxua, eta honenbestez areago gerturatzen zaio Dave Douglasen Tiny Bell Trio hirukotearen estetikari: estetika hau disko osoan zehar hautematen da, eta agerikoa da “Can Pitágoras” bezalako gai biribiletan. **Dani Pérezekin (penintsulako nortasun handieneko gitarra jotzailea) eta Joe Smith*ekin duen lotura estuari eta aldez aurreko planteamendu sendoari esker, espazioak beti betetzen ditu eduki handiko hotsekin. Bi gaik baizik ez dute bost minutuko iraupena gainditzen, guztiz berezia dena jazzari emandako disko batean. Baina grabazio honen diskurtsoak gainditu egiten ditu etiketak eta egiturak, ez dio muzinik egiten umoreari, ez eta pop-rockaren testuinguruak berezkoagoak dituen melodia eta baliabideei ere: Laredo gaian Neil Young zakarrenari gogorarazten digu Daniren gitarrak, Panza de Burro Thom Yorkeren bahetik iragazitako bluesa da, Fa Sol La Sol Sib gaiak umorez eta samurtasunez beteriko haur jolasa dirudi, Zur eta Lur* gaiari Brasilgo lurrin sotilak darizkio...
Juan de Diegok bazterrera uzten ditu iritziak eta aurreiritziak; azken batean, asmamenaren, gaurkotasunaren eta freskotasunaren eskolak ematen dizkigu nekerik gabe gozatzen den disko harrigarri honekin, taldearen kohesioak testuinguru lasai eta natural batean nabarmentzen baita esperimentazio eta inprobisazio askeari muzinik egin gabe. Oinarriak sendoak dira.