Hemen zaude: Hasiera Denda Hot Tin Roof Iruzkina

Iruzkina

2004ko udako gau batean ezagutu nituen Adrian eta Marcos. “Vollmond”-era joan nintzen, Berlin-Kreuzbergeko nire ohiko ostatura astearteroko blues jam-session batean parte hartzera.
Lokalera hurbildu ahala alde honetan entzuten ez ditudan hotsak aditzen hasi nintzen, eta zenbat eta hurbilago egon, orduan eta urduriago jartzen hasi nintzen.
Aho-soinuaren tonu lodi hori, blues gitarra gordin eta funky hori, eta min egin arte arimaz beterik dagoen ahots hori!!! Ezagutzen ez nituen bi gazte horiek adinez bikoizten dituzten musikarien maisutasunez jotzen ikustean... ezin sinets nezakeen nire begiek ikusten zutena!!!
Pianoan jarri eta aldi berean musika abian zen...
Harrez gero, bata bestearen atzetik etorri ziren musikaz, elkarrizketaz eta gogoetaz beteriko gauak, eta geure artean gero eta adiskidetasun handiagoa gorpuztu zen.
Nik Ernest Lane (Robert Nighthawk eta Ike and Tina Turner) piano jotzaile handiaren disko bat ekoitzi berria nuen, nire aurrenekoa produktore bezala. Orduan galdetu zidaten Adrianek eta Marcosek euren hurrengo diskoa ekoizteko prest ote nintzen. Ez nekien zer erantzun, egiazki oso pozik agertu nintzen eskaintzarekin, baina arlo horretan oso eskarmentu txikia nuen, eta ez nekien ez nola ez nondik hasi.
Hori guztia erabat aldatu zen 2005eko udazkenean bira bat egin genuenean Espainian barrena. Bateria jotzaile on bat behar genuen; beraz, Dough Jay and the Blue Jays amerikar aho-soinu jotzailearen taldeko nire lagun Andre “Werki” Werkmeister ekarri genuen gurekin batean. Hasiera hasieratik dena ondo ateratzen hasi zen, eta bat-batean, diskoa itxuratzen ikusi nuen nire baitan.
Lehenik baxu jotzaile funky on bat behar genuen. Kevin DuVernay eta biok elkarrekin hamaika aldiz jardunak ginen aurreko bi hamarraldietan Big Jay McNeely, Johnny Copeland, Tabby Thomas, Angela Brown, Frank Biner eta beste musikari askori laguntzen; gainera, “First Class Blues Band” nire taldeko kidea zen, eta beraz, Kevin zen aukerarik normalena. Harekin osatuta zegoen sekzio erritmikoa, ez genuen besterik behar... baina, eta, haize batzuk?
Johnny Heartsmanek aspaldian hitz egin zidan “Sax” Gordon Beadleri buruz (Charles Brown, Pee Wee Crayton,...), eta gainera elkarrekin grabatu genuen Dough Jay “Jackpot”-en azken diskoa; kasualitatez, Alemanian zegoen saxo tenorrean maisu handia zen beste handi baten aldi berean. Fats Dominoren disko guztietan bakarlariarenak egiten dituen gizona, James Brown, Tom Waits eta beste maisu askorekin grabatu izanaz gainera... Mr Herb Hardesty, alegia, 81 urte dituen inoizko gizonik gazteena. Izan ere, teknikari Marcosi ere aholkuak eman zizkion haren ekipoa behar bezala eguneratzeko!
Era berean First Class Blues Band taldeko kide Thomas Feldmannekin, saxo jotzaile baritonoa, Mississippi ibaiaz alde honetako haize sekzio benetan sendoena osatu genuen. Ten Years After talde britainiarraren aurreneko diskoan abeslari izan zen eta bere izenpean disko ugari kaleratu zituen Sidney “Guitar Crusher” Selbyk hainbat denboraldi daramatza Berlinen bizitzen 1982. urtean New Yorketik “ihes” egin zuenetik. Marcos eta Adrian berehalakoan maitemindu ziren haren ahotsarekin, abesten entzun zioten lehenengo alditik, eta biek gauza bera sentitzen zutenez, ezin beste hauturik egin diskoari begira.
Ahalegin logistiko batzuk egin behar izan genituen jende hori guztia biltzeko, eta Marvin Productiones-eko Willy Jacksonen laguntzarik gabe ezinezkoa gertatuko zen.
Nire lagun Keith Dunn ere han izan zen bere aholkuekin lagunduz eta Marcosekin batean bere aho-soinu zoragarria joaz. Esker aunitz, Keith.
Grabazioa estudio batean inoiz ezagutu dudan lasaienetako bat izan zen, gai batzuk lehenengoan grabatuak dira eta ez dago haizeen overdub delakorik. Izan ere, maila honetako musikariekin ez zen horrelako beharrik izan. Bluesaren 3 belaunaldi esaten ahal genion, Crusherrek eta Herbek 70 urte baino gehiago baitzituzten, Gordonek, Thomasek, Keithek eta neuk 40 eta 50 urte bitartean eta Adrianek, Marcosek eta Werkik 30 urtetik behera.
Musika bertan parte hartzen zuten musikarien jatorria bezain anitza gertatu zen, baina aldi berean erraza eta leuna, gauza naturala balitz bezala, izan ere halaxe da, naturala. Egiazki gozamen hutsa da bluesaren munduan musikari handiak izango diren bi lagun hauek gaurko egunean euren “mugida” egiten. Benetan etorkizun ezin oparoagoa dute gazte bi hauek.

Cris Rannemberg

Esker onak Axel Küstnerri, bere argazkiekin blues munduko hamaika azal, liburu eta aldizkari hornitu dituelako eta Big Joe Williams, Eugene Powell, Jack Owens, Memphis Piano Red eta beste musikari handiei argazki bikainak egin dizkielako.
Eskerrak, halaber, Blue Jays taldeko Jimmyri emandako laguntzagatik eta bere gitarra zoragarria gure zerbitzura jartzeagatik.
Antoineri halako flow-rekin rapeatzeagatik.
Eta Espainian Omarri (Bebe, el Tio Calambres...) bere scratch-engatik eta nola ez, KOren 3. erregeari, baxu jotzaile handi eta lagun min Javi Vacasi (Vacazul, Sex Museum, Los Coronas...)