Hemen zaude: Hasiera Denda Home Made Iruzkina

Iruzkina

Home-Made” 2003ko udan gorpuztu zen proiektua da, piano jotzailearen beraren bederatzi konposizioekin osatua eta haren etxean bertan grabatua; hortik album honen izena. Grabazioaren inguruko giroa lasaia da baina artega aldi berean: batetik norberaren etxeak eskaintzen duen erosotasuna antzematen da, baina ia ez da aldez aurreko entseguak egiteko paradarik izan, eta egutegiak uzten dituen tarte urri horiek profitatu behar izan direla nabari da.

Zer aurki dezakegu opari honetan? Batez ere Jon Urrutiaren alderdi erritmikoa eta latinoa azpimarratzen dituen lana, album osoa biltzen duen osagai liriko nabaria bazterrera utzi gabe, beste inolako laguntzarik gabe pianoa bakarlari gisa jarduten duen piezak edo oso maite duen bati samurtasun osoz eskaintzen dion pieza zoragarria (“La Perla del Estrecho” erakusgarri; latinoa bai, baina bere bop sustraiei, Europako klasikoei eta Frantzia nahiz Holandako folklorearen oinarriei muzin egin gabe.

Gai honetan Santi Ibarretxek (Bilbon orain dela 39 urte sortua) saxo altua albora utzi eta zeharkako txirula aukeratzen du musika jotzailearen sena agerian utziz. Hauxe da disko honetako une zoriontsuenetakoa, bere Khatorno taldean sarri erakutsi duen ukitu surrealistako bere nortasunaren adibide bikaina, edo Prímital proiektu berriagoa, non grooveari muzin egin gabe sanpleatutako lurraldeetara hurbiltzen den. Saxo jotzaile hau hainbat soinu bandatan ibilia da (ez baititu goi ikasketak alferrik burutu Kopenhageko Kontserbatorioan).

Grabazioko funtsezko beste elementuetako bat alderdi erritmikoa da, ezin baita patuaren esku utzi perkusioak halako eragina duen lan honetan. Ezin utzi aipatu gabe Toño Miguel (Zaragoza, 1978) kontrabaxu jotzailea, artean musikari gaztea, pultsazio sendo nekaezinarekin. Madrilgo girotik etorria izaki, Bob Sands eta Chris Kase maisuekin ikasteko parada izan du, eta Jerry González, Perico Sambeat eta Guillermo McGill musikariei lagundu die, molde “herrikoiago” batzuei erantzuten dieten beste musikari askori bezala. Tarteka, ganbera musika landu ere zuen...
Borja Barrueta (Bilbo, 1975) bateria jotzaileak osatzen du proiektu honen bizkarrezurra. Bikain moldatzen da era guztietako lurraldeetan, esate baterako, Ortophonk talde bizi-biziari adrenalina txertatuz, Malcom Scarpari bizkarrak zainduz eta Carmen París harrigarriaren buleria-jotetan barrena oin-puntetan eginez; azken talde honetan Toño Miguel izan zuen lagun. Penintsulako musikari on askok bezala, Barruetak Bartzelonako Taller de Musics tailerrean jardun zuen, hiri hartan bi urtez bizi izan baitzen.

Jazzak bildu egiten du eta bereizi, eta “Home-Made” lanean beren ekarria egiten dute gonbidatu interesgarri batzuek: batetik, Itxaso Gonzálezek Urrutiaren konposizioen bokazio irekia azpimarratzen du bere ahotsarekin, eta gehiago entzuteko gogoarekin uzten ditu entzuleak; harekin asetzeko, deus ez da Gorka Benítez eta Dani Pérez musikariekin batera osatutako lana –Lur Berria/New Land (Fresh Sound)– entzutea baino hoberik. Bestalde, Julio Andrade erritmo handiko kontrabaxu jotzailea eta Mariano Steimberg eta Diego ÁlvarezEl Negro” perkusio jotzaileak ezinbestekoak dira paisaia afro-kubatar eta flamenkoen berezitasunak agerian uzteko.