Hemen zaude: Hasiera Denda Heldu artean Iruzkina

Iruzkina

Ahotsaren eta hitzaren oparia

Bost urtetan esan genezake eta beste hainbeste diskorekin, autorearen abestiarekin gozatzen duen euskal jendeak zaindutako erreferentzia bihurtu da Mikel Urdangarin artista bizkaitarra. Antzokiak bete egin ditu belaunaldien oztopoak gainditurik, eta herrialdearen irudi serioak lausotuta dagoen arren, halako urdangarinmania batez hitz egin genezake.

Lurra eta denbora ukitu zituen “Ez dok amairu” taldearen “eleen” belaunaldiaz geroztik eta Txomin Artola eta Ruper Ordorika abeslariengandik igaro eta gero, Zornotzako abeslariaren arrakasta gertatu arte itxaron behar izan dugu aho bateko erantzuna jaso arte. Urdangarinen arrakastak bat egiten du hamarraldiaren aldaketarekin eta “Espilue” izeneko hirugarren lanaren argitalpenarekin. Bikain abesten zuela agerian uzteaz gainera, abesti bakoitza berariazko estilo batez zehazten zuela erakutsi zigun, eta folk dotore baten araberako hotsaz inguratzen jakin zuela ikusi genuen: elementu anglo-zeltak, angelu klasizistak, ukitu latindarrak, jazz giroak... “Hau ez da amodiozko kanta”, “Non geratzen da denbora” eta “Baneki” bezalako abesti eraginkorrak topatzen ditugu, baita “Lau koplatxo” eta “Zatozte” lanetan ezkutaturiko harribitxi pare bat ere, baina oraingoz nahiago izan du interpretazio molde hau bazterrera utzi.

Arrakastaren erritmoa beti ere da lagungarri sortzeko unean, eta Bingen Mendizabal eta Kirmen Uribe poetarekin bat harturik, Mikel Urdangarinek ez zuen 2001. urtea igarotzen utzi nahi izan “Bar Puerto” lana kaleratu gabe; lan honetan ostatu batean bildutako galtzaile ederren abesti batzuk eskaintzen dira, folk estiloan moldatuak. Lan horrek jarraipena izan zuen zuzeneko emanaldien bidez. Bitartean Heldu artean bilduma prestatzeko parada izan zuen Mikelek. Lan honetan hamabi abesti berri aurkezten dizkigu Mikel Urdangarin kuttunago batek, oro besarkatu nahi duen ahots horrekin gehiago komunikatzeko prest.

Heldu artean diskoari sarrera garbia egiten dio Oihana abestiak; pieza hau hein batean umoretsua da, agian hots ezagunekoa Mikelen grabazioetan. Oihana abestiak zaldi zuri eta dotore batean egiten du aurrera. Oihana artisautza-lan bat da, oroitzapen onen artisautzarena. “Negua” izeneko bigarren gaiak abeslari guztien esku ez dagoen barru-barruko soinu-maila erakusten digu. Espazio handia bete ahal izateko ahotsa behar du. Mikel Urdangarin ahots horren jabe da, egunetik egunera hobe abesten du, eta horixe da, hain zuzen ere, jendeak noizean behin estimatzen duena, bere lanbidea behar bezala betetzen dakien norbait. Abentura errepikatu egiten da On vas (Nora zoaz) gaian, katalanez sentitzen duen euskaldun “crooner” batentzako espazio zabala, eta Gaueko hamabiak izenekoan; azken honek irribarrea ebasten digu saxoaren beheranzko erritmoaren arabera.

Lehenengo moduan gaia beste bazter konfesional eta ia unibertsala da. Hemen abesten dena “déjà vu” ugari eragingo ditu. Kantautorearen adierazpen biluzia, harekin batera doan laguntza hauskorra. Oso gustuko dugu emanaz eta komunikazioz, eutsitako indarrez, ondo erabilitako hariz beteriko bide hau. Beste emetasun baten bila, “Hegaz” aurkitzen dugu, saxo handi batek girotuta, gauerdirako aholku onez beteriko lilura. Ondoren ustekabe bati egiten dio leku, Ekainak 27, pop-rock antzeko bat, teklatu eta haize aberasgarriekin, erritmo bikaineko sekzioa. Bestalde, bada ahots eta piano duo bat, Jadanik, sentipen zaharrekin, lagun zaharrekin eta atean deika duzun bizitzarekin hornitua. Abestiek, zenbaitetan, egunkari batetik ateratako piezak dirudite. Horixe datorkigu gogora Ez naiz oroitzen eta Bolare gaiak entzuten ditugunean. Ezin sailkatu daitezkeen piezak dira Kirmen Uriberen letra daramaten Egon eta Maiatza gaiak; hurbiltasun zaporea uzten digute, ahots eta hitz pertsonalaren oparia jasoko bagenu bezala.

PEI