Hemen zaude: Hasiera Denda Hegazkinen arima Iruzkina

Iruzkina

Sentimenduen rocka

Txuma Murugarren euskal rockak agian hobekien gordetzen duen sekretua da, Sasoi Ilunak taldeko eragile gisa eta laurogeita hamargarren urteak, lirika eta soinu aberatseko lan hirurekin zipriztindu baitzituen. 98. urtean bizitako bilakaeraren eta “Harakina” lanaren ondorioz, gero eta ageriagoan geratu zen Txumak bakarlari gisa jarduteko sentitu behar zuen askatasunaren beharra, eta bere konpainiaren eskaintzari esker, 17 abestiz osaturiko disko bat, presaka eginiko grabazioak biltzen zituena baina horien erakarriak ezin ezkutatu zitzakeena, kaleratu zen. “Ez dakit”, “Aspaldian bezala”, “Arima lakarra”, “Ene Begiak” eta “Zaldi xuria” bezalako piezak petalo dardaratien moduan zabaltzen ziren, amodio eta desamodiozko abestiak interpretatzen dakien ahots batez, biziak hortik ihes egingo balio bezala. Tamalez, riki-raka soinuaren eskema errepikatzearen poderioz, Txuma ez den bakarlari folkaren kutsua darie abesti batzuei, indarra galdu egin dute.

Hegazkinen arima bere bigarren lanaren planeamendua oso bestelakoa izan da, emaitzak hamaika abestitan izan dute isla. Kantu horiek PiLT taldeko Rafa Ruedak landuak dira, gitarra gehienek zuzeneko parte hartzea dute. Aurreneko lanaren gehiegikerietatik at, hobe bereizi dira lan honetako hamaika kantuak: hamar berriak dira eta hamaikagarrena Sasoi Ilunak taldeak orain dela ia hamar urte kaleratutako diskoari sarrera egiten zion “Izaskun” gaiaren bertsioa da.

Oroitzapenari bide egiten dion iragan aldirako bidaia honetatik, oraingo honetan izotzezko gitarrez eta tempo motel batez, hasi behar da entzuten, gero entzun behar da “Proposamena”, neska protagonistak bezala bihotza begietan daraman Txumaren kantu horietako bat. Kantuaren hasiera akustikoa da oso, baina musikarien (Txarli Solano, PiLT taldeko baxua, Arturo Garcia bateria jolea eta Iban Mella tekla jolea) lanak, ahotsari jarraiki, argi uzten du aurreko lanean ez genuen hori honako honetan ukan badugula, ezinezko maitasunaren aldarria zehazten duen azken perkusioa erakusgarri. Azken lerro horretan bertan, indar gaitzeko beste pieza bat dugu, kontraste eta basakeriaz betea, “Ganbaran gordetakoa”, wagnerren moldearen araberako uneekin, mehatxuzko gitarrekin, Txumak hitzak jaurtitzeko erabiltzen dituen gitarrekin.

Diskoaren beste une batean poparen musika mota aurkezten da, “Xumea”, “haize epelak kulunkatzen dituen udaberriko ale harroen gisara hemendik hara ibiltzen” dela dionaren aitorpena. “Nire tristezia” gaiaren gelaitzina da; letra Alina Ivanek idatzia da, arrasto handiena uzten duen gaia da, iluna, latza eta zaila, katartikoena.

“Arto zelaian” bezalako beste kantu batzuek diskurtso prosaikoagoa dute, soziologikoagoa, baina Murugarrenen abestietan isla garbia du horrek sentimenduen munduan. “Erromako bideak” gaiak, berriz, Lusitaniako saudade baten kutsua du, ez da fado bat, baina izan zitekeen. Era berean, gozatzekoa da “Eskuizkribua” gaiaren baladaren tonua, Randy Newmanen moduko piano dotorearekin, Txuma ia ezinezko “crooner” baten paperera eramaten duena. “Aldapan betiko” azken gaia oroitzapenen eta ahanzturen mundu horretan sartzeko gutxieneko tresnen eraginkortasunaren adibide garbia da, tresna guztiak sentimenduen rocka egiten duen ahots baten zerbitzura jartzen baitira.