Hemen zaude: Hasiera Denda Gauak, neskak eta maletak Letrak

Letrak

Borisena

Borisena itxita zegoen arratsalde hartan, ezin izan genuen txuririk hartu eta zeure begiak
nekatu ziren bapatean, bizitzaren nekazioak emandako logure mugagabeagatik.
Kotxean arrotz sentitzen ginen, hutsik, eta beste nonbait topatzen saiatu ginen.
Igandea zen, astearen zeroa, eta inor ez zebilen kalean.
Hotz zinen, baina ez zegoen mundu honetan nahiko bero zure zulo beltzetik jaiotzen
zen hotza baretzeko. Gaur ezin izan dut lorik egin esan zenidan gasolindegian ginebra
botilak erosi genituenean.
Eta halere zeure begiak erdi itxita, munduak ematen zizun nekazioa. Noizbait oroitu
zinen haurtzaro urruneko oporraldiez, ibai ertzean lo zinela, eta noren oroimenak ziren
horiek galdetu zenuen zure baitan, nor zen sasoi horretan edo pixkat geroxeago hil zen
gizaki garbia.
Zeure amaren etxean, oraindik argazki zahar horretan ikus dezakezuna, liburu baten
aurrean, eskolan, begi handi irekiak, munduak nekatu gabeko begi horiek zituen haur
miresgarria non zen ?
Gaur ezin izan dut lorik egin esan zenidan gasolindegian ginebra botilak erosi
Genituenean.


Bidean

Bidea luzea da, bai
Nahiz han-hemen batean den jorratzen,
Auzia bidaiaria izatean datza, osorik, bete betean
Arnasarik galdu gabe zalantzaren osin beltzean,
Bidea luzea da.
Eta bide ertzean aldika bada zuhaitz bat
Zenbaitetan xume, lerden bestetan
Erroak sakon, zaren lurra duzu sendi
Zabal hegoak, ortzia duzu bizi
Oraintxe abaroleku, oraintxe amaigabeko mentura
Bide luzea da.
Bidaia luze/laburra da
Poz eta minez zeharkatua
Eta joan, beti zoaz bakarrik,
Bidea luzea da, beti.

Albertoren etxean

Nork antzeztuko du gure artean izan zitekeena ?
Guk egindako saio orokorra
baten batek taularatuko al du ?
Zigarro guztiak bukatu zaizkit eta tabernan
ez didate ematen gehiagorik.
Maletak Albertoren etxean utzi ditut
eta ez dut hartzeko gogorik.
Kotxean nago eta banoa. Noizbait bueltakoan,
bertan lo egingo dut.
Amaren pastillak eraman ditut.
Bultzada goxoak ematen dizkit burmuinean.
Hala sentitzen dut, neure arima kanpoan da, hegan.
Zer idazten da H-z eta zer Z-z ?
Ortografia okerrak al dira nire bizitzaren joanean ?
Gaizki idatzi al ditut nire izena eta izana ?
Gonbidatu nazazu bestetxo bat hartzen.
Oraindik ez da oso berandu.
Maletarik gabe nago
eta zerbait galdu dudala somatzen dut.

Gauaren Amildegian

Hildako txakurrek oihu egiten dute errepide
ilunetik gauean,
gaua kulunka ari da nire begien aurrean
opari apurtu baten antzera,
poeta onegiek, genialegiek bestsoak idazten
dituzte gauaren amildegian.
Inor ez doa aurrera, dena geldi,
izan ere Jainko baikara gu, aspaldian.
Lehenaldia patio ilun bat da, urkatutako oroime-
nak besterik ez dira han,
etorkizunik ez da, oraina ni naiz.

Zer esan

Ezinengon ikaragarriak estutzen nau azken egun hauetan.
Erruaren zamak ito, oroimenaren zaborrak kirastu.
Bidaia ero batean gertatu da dena.
Alkoholak izugarri askatu zidan mingaina
eta damu dut egia esan izana.
Gaizki bizi naiz, gaizki naiz, azken urte hauetan.
Bidaia ero batean gertatu da dena.
Zerbaiten bila ari naizela iruditzen zait baina era berean
deus ez dudala aurkitu behar pentsatzen dut.
Hutsik nago, hutsik nago, hain hutsik ezen bizitzeak
ez baitit deus inporta.
Bidaia ero batean gertatu da dena.
Ametsa datorrenean izutzen naiz.
Etqa inor ez dagoen leku urrun eta bakarti batean
bizitzeko esperantzan bizi naiz.
Nire burua ez dut maite, eta zuek guztiok ezdeusak zarete,
ez didazue ezer eskaintzen, algara antzuak baizik.
Bidaia ero batean gertatu da dena.
Algara antzuak ez badira...Bi gau lo egin gabe, bi gau lo egin gabe...
Zer esan, norekin hitz egin?

Gaueko orkestra

Bukatu dira gau alaiak.
Diztirak itsutzen ginttuenean.
Oraindik garbio eta errugabeki hitz egiten ausartzen ginela.
Arropa erosoa zen orduan eta gaueko ametsak ere bai
Artean ibaia zeharkatzen zuten zubiak sendo zeuden.
Denbora malgua zen orduan eta gure irribarreak osasuntsuak.
Zure botak maite nituen eta atsegin zitzaidan zure manera ausarta.
Mundua txikiagoa zen eta abegitsuagoa bizitza.
Autobusak orduoro iragaten ziren hemendik.
Arkupeetan baltsean estutu zintudan taberna berri horretarako bidean,
Arkansas deitzen zizuten eta eskulturak egiten nituen Karmelorekin
Santiago plazan.
Jainkoaren legetik at bizi ginen eta onak ginen, zinez onak, eta handiak...

Plinio zaharraren kaiera

Katu bat, etxe bat, arbolak, mendiak,
lurra, esnea, eguzkia, hodei gorriak, hautsontziak,
harriak, pentsamenduak, zaratak, bizitza,
leku bat, intsektu baten firfira, leihoak, egia, ogia,
berakatzak eta loreak, alfonbra bat,
izarak lehortzen, haizea, hostoak durundioan,
amildegia, altuera, izpiritua, aingeruak, musika,
zakur bat izutua, tximinia berriak,
oilategi karrankaria, gizon-emakumeak...
Hauxe baino ez nuen ikusi lur basatietan.
(Plinio zaharra, 2002ko abuztuaren 15ean)

Abiada, antsia eta hirurok

Gaua askotan gatazka bihurtzen nire eskuetan.
Goizeko hirurak dira eta ni Donostiarako bidean.
Igandea da jada, eta giza onekoak lo daude.
Eguraldiak zirriborratu ditu figura guztiak.
Abiada, antsia eta hirurok, errepidean gara.
Zigarroa bat bestearen hondakinarekin pizten dut. Donostian zaude, esperoan, hotel
batean gela bat hartu dinat.
Ulermen motzean gau ederra izango delakoan nago,
baina harritzen zara ni ikustean,
eta harritzen naiz nola nagoen sumatzean.
"nire benetako izana Bilbon utzi dinat",
esaten dizut txantxa antzean, baina guztiz egia da.

Loreak errepidean

Kotxea hartzen dut hortik zehar paseiatzearren,
eta bihurgune guztietan lore sorta bat
jarri dute errepidean metalezko hesian,
bertan hildakoen omenez. Eta nik pasatzean
begiratzen ditut eta jarri dituenari eskertu,
bihurgune guztietan hiltzen naizelako ni ere,
bihurgune bakoitzean, eta hemen naiz,
bihurgune bakoitzean auto-stop eginez, arinegi
dihoan bizitzari, ni.

Izara Txuriak

Eskuetan izara txuriak, aide berriaren lehioan eskegitzen,
eta ohean oraindik lo zugandik gelditzen apurra,
itzalak ezin uxatuz zabiltza.
Eta ez dakizu hori ondo dagoen ala ez.
Baietz diotsute baina ertzean, pasioan dihoazen ezezagunek,
baina perfume gaiztoa darabilte lepoan,
itzalak ezin uxatuz zabiltza.
Kotxe berriak ikusten dira nonahi, baina uraren bidea da
gelditzen den bakarra.
Antxeta gaiztoek badakite hori : hobe da itxoitea.
Itzalak ezin uxatuz.
Ahizpa gaiztoek muxu eman diote elkarri, ohe garbian.
Eta ezer ez da mugitu, aide berriaren lehioan, dena zain.
Itzalak ezin uxatuz zabiltza.