Hemen zaude: Hasiera Denda Gauak, neskak eta maletak Iruzkina

Iruzkina

ZURI-BELTZEZKO ARGAZKIAK

“Gauak, neskak eta maletak” diskoarekin datorkigu Txuma Murugarren, gure paisaia musikaleko bazterreko ahotsen artean ahotsena. Datorrela diogu baina benetan, joan doa. Murugarrenen hirugarren bakarkako lan honetan kantuak bidean doaz, gauez, argien lorratzak utziz nonahi.

90. hamarkadan Sasoi Ilunak taldearen arima izan ostean, bakarkako hiru diskotan haragitu da Txuma. “Nire leihoak” bere lehenengo lanak, aparteko narratzaile bat eta interprete jori bat eman zigun ezagutzera diskoak izan zitzakeen produkzio estutasunen gainetik. Bere bigarrenean, “Hegazkinen Arima” izenburupean argitaratutakoan, musikalki aberastu eta estetikoki bestelako lurraldeetan barneratu zen, rockaren aurpegi gogorragoetan eta sotilagoetan murgilduz, pop-aren top-ek gustura hartuko luketen “Xumea” eta “maite zaitut” esateko modua aldatu zuen “Proposamena” bezalako bitxiak utzita.

“Gauak, neskak eta maletak” honetan, bere kantuen soinua nolabait finkatu duen Txuma agertzen zaigu batetik eta aurreko lanean, beharbada, estu samar hartu zuen narratzailea bete-betean bestetik. Baina disko hau bi alderditan banatzea ez litzateke zilegi. Izan ere, batasun horretan datza beharbada “gauak, neskak eta maletak” honen betetasunaren funtsa. Diskoa zabaltzen duen “Borisenean” eta “Bidea”bikoan adibidez, Txuma melodikoena, Txuma klasikoena, arnas luzeko kontalaria agertzen zaigu uhin sendoak xehetasun txikiz aberasten dakien talde baten gainetik. “Gauaren amildegian” Txumak beste behin ere existentziaren metropolia zeharkatzera garamatza gauez, sirena bihurtzen diren gitarrekin eta beti aurrera, erretrobisorera begiratu gabe, garamatzan sekzio erritmiko batekin.

Aurkituko ditugu gure zainetako pultsua jaitsiko diguten kantuak: “Algara antzuak”, “Plinio zaharraren kaiera”; gehitxo azkartuko digutenak “Abiada, antsia eta hirurok”…Eta gaurik beltzenaren barruan, aurreko diskoko “Nire lagunaren ohea”-ren ildo musikaletik, hura gailendu eta bizitza noizbait ederra izan zela sinestaraziko digun “Gaueko orkestra”, Waits-en erara emandako kabareteko “biribilketa alegere” zoragarria. Eta esnatuko gara “Izara txuriak”-ekin goizaren argi larura, mamuak stand-byn dauden goizera, musika kutxa baten notek izatea baretu diezaguten.

Gure eztarririk latzen eta ederrenetako batek kantatuko bideko dizkizu kontuok eta atzeko eserlekuan larregi mugitu barik doazen musikariek, beharrezkoa denean bakarrik egingo dizute berba. Txuma Murugarrenen bakarkako bidaian tarte interesgarria da “Gauak, neskak eta maletak”. Gidariak badaki zer dioen eta baita nola ere. Barrutik egindako diskoa da, norberaren heldutasunarengandik aterata eta euskal musikari ikuspuntu pertsonal eta jarrera berezia dakarkiona.