Hemen zaude: Hasiera Denda Fjord Iruzkina

Iruzkina

FJORD

Fjordoak Noruegako golfo ikusgarriak dira, naturak sortzen dituen ingurune basati-ederrak. Talde berri honek eskaintzen duena ere basatia eta ederra bada. Indartsua da oso, baina melodiak garrantzia handia dauka, itzela. Euskal Herriko hiru muturretan bizi diren lau lagunen lanaren emaitza da: J.sangre (Ekon, Brutal Melody…), Keu eta Mikel (Etsaiak, Uek, Psychophony…) eta Iban (Su Ta Gar, Baldin Bada…). Askotan eszenatokietan bat egin zuten eta lagunak egin ziren. Aspalditik egina zuten elkarlanerako hitzordua. 2002an elkarri maketak eta ideiak bidaltzen hasi ziren. Bakoitzak bere kabuz ideiak garatu zituen, eta 2003ko ekainean baserri baten egonaldia egin zuten. 2004ko urtarrilean, preprodukzio moduan, Soziedad Alkoholikako Jimmyrekin maketa grabatu zuten. Aurtengo otsaila eta martxoa artean, Katarain grabazio estudioan izan dira, Jonan Ordorika eta Angel Katarainekin. S.A.ko Jimmyk produkzio lan ezinobea burutu du, honek taldekideen ideiekin konbinatuz diskoari ukitu berezia eman dio.

Honako hamar kantu grabatu dituzte: zortzi euskaraz eta bi ingelesez. Taldekide beteranoak direla eta ideiak argi dituztela erakutsi dute: Keu (gitarra), Mikel (baxua) eta Iban (bateria) oso musikari onak dira, punta-puntakoak, eta Juanen ahotsak zur eta lur utzi gaitu. Disko borobila grabatu dute, zeresan handia emango duena. Japongo Pride burrukari erreferentziak egin dizkiote eta, egia esanda, taldea lehiatzeko gogoz dator. Kantu bakoitzak ildo bat darama, baina mailari eusten dio. Talde berria izateak ematen duen aurreiritzi ezari eta askatasunari probetxua atera diote, esperimentatzeko. Metala aurki dezakegu; baita punk-rocka; maiuskulaz idatzitako pop-a, ñabardura askorekin, ere egiten dute; eta rock-and-roll eta hard-rock ukituak oso nabarmenak dira. Horrez gain, Faith No More eta beste senide batzuen izpiritua alboan dute askotan. Finean, egungo hainbat tendentzia bereganatu dituzte, baina euskal kutsu handia ere badute. Lau minutuko benetako hit kantuak dituzte, baita bi minutuko punk-rock “zapatilak”, metala, lasaiagoak…

Orokorrean oso hitz borrokalariak dira, konplexurik gabeak: Sinestu”, “Borreroaren justizia”, “Saihetsi”, “Zikin”, “Don?t give you away”... Baina, badira intimistagoak ere bai: “Zirrara”, “Pekatuak ezabatzen”…

Iker Barandiaran.