Hemen zaude: Hasiera Denda FasTFatum Iruzkina

Iruzkina

Irlandan ernatu dira FasTFatumen istorio hauetako asko, Dublingo kaleetan gitarra jotzen bizitako esperientzietan aurkitu du Calzadak inspirazioa. Glen Hansard The Frames taldeko abeslaria kantatzen hasi zen kale beretsuetan ibiliko zen beharbada, eta horregatik haren kantu bat hartu du disko honetarako, Sleeping. Joan den abuztuan Irlandara itzuli zen Calzada, eta Ismael Igartuaren kamerak hartutako irudiez osaturiko film batekin itzuli zen, diskoarekin batera edizio mugatuan oparituko dena: FasTFatum Irish Road Trip 2007 ... to ever dream. Irlandak ez ezik, uZTAIL oPARO oSTEAN-en garaitik Islandiak Calzadarengan eragiten duten lilurak ere isla du lan honetan (“Everything egia da hemen”, diosku Reykjavik kantuan). Europako iparraldera begiratzen duen pop elektroakustikoko diskoa egin du FasTFatumek, sintetizadore, programazio eta sanplerren erabilera zabalak tecno-pop estilora (Amets extremo) eta múm bezalako talde eskandinaviarren indietronica eremu hozberora gerturatzen baitute tarteka. Horiekin batera, Itoiz da behin baino gehiagotan agertzen den beste erreferentzia (Bjork & Marilyn, Elurra zaurien gainean, Exit), Calzadaren ahotsaren tratamenduak maiz Juan Carlos Perezena gogora ekartzen duelarik. Bederatzi kantu berriez gain, uZTAIL oPARO oSTEAN-en diskoko Ostean abestiaren moldaketa berri bat eta Amets extremo-ren bertsio alternatiboa –bideoklipa barne- biltzen ditu diskoak.

Diskoa etxeko estudioan grabatu du Calzadak eta berak jo ditu ia tresna guztiak: gitarrak, baxua, pianoa, teklatuak, bateria, perkusioak, programazioak eta sanplerrak. Luis Fernandezek (biolontxeloa) eta Aitziber Viscarretek (saxofoia eta flauta) lagundu diote moldaketak osatzen. Calzadak berak idatzi ditu hitzak lau kantutan, eta gainerakoak Harkaitz Canorenak dira.