Hemen zaude: Hasiera Denda Ez esan inori Iruzkina

Iruzkina

Asier ezagutu nuen “igurtzi nazazu berriro laztana” ikuskizunean, Joxemari Carrere eta Mikel Markez lagun zituela. “Lubaki Banda”tik zetorren eta xelebreki, xamurtasunez, surrealista eta existenzialismoaren ildoa lotuz bere poemetan, erotikaren bustiduraz, entzuleriaren konplizitatea bereganatzen zuen.

Teknikari gisa nenbilen eta elkarrekin kultura-etxeko kamerinoetan ginela askotan ekiten zion kitarrari denbora genuenean. Mundu berri baten aurrean zebilen: sorkuntza musikalaren labirintoan. Han entzun nuen lehen aldiz. Aipatu zidan nola, arratseko zurrunbiloetan, bi edo hiru poema lotu zituen kanta bilakatuz gau berean. Ordura arte E.H. Sukarra, Exkixu, Gari, Tapia ta Leturia Band eta abarreko luze batentzat idatzi zituen hitzak eta orain bere lehen kantak idazten ari zen Lorelei taldearen hastapenetan. Ilusio eta irrika sutsua agertzen zizkidan.

Loreleik lehen diskoa kaleratu aurretik ere izan nuen parada berarekin elkar trukatzeko ideiak, estiloak, kantatzeko erak eta abar. Taberna bat baino gehiago itxi genuen kontu horiek zirela medio. Epe laburrean kaleratu zuten Loreleiren lehen lana eta arrakastaren ondoren bigarrena. Oso esperientzia aberasgarria izan arren, zuhurtziak atzera begiratzen du beti, eta hainbat lan azkarregi egin ez ote ziren zalantzan jarri, hori da musikoaren eta idazlearen lehen autokritika.

Nik uste Asierrek bere lehen lan hau bakarlari gisa ondo baino hobeto lotu nahi izan duela, bai kantuen konposaketa, bai grabazioa. Udara aurretik grabatu zituen bost kanta, horietan ongi zentratuz, eta lan bikaina egin zuen Nork taldeko musikariekin. Udazkenean berriz beste guztiak grabatu zituen. Asierrek, bere kitarra akustikoa ongi hornitu du Ander Izetaren kitarra elektrikoaz, piano finez Antxon Sarasuak, Alberto Garziak baxuak eta Jon Mazaren bateria modernoaren konposaketaz. Kantatzeko era berea egin du Asierrek, nortasun sendoa bere amaigabeko bidaien poemei erantziz. Atsegin handiz entzuten da disko osoa. “Euria kantoietan”, “Ikusmira”, “Berandu gabiltza” , “Ba al dakizu?”, “Ez esan inori” eta abar.

Jexuxmai Lopetegi