Hemen zaude: Hasiera Denda Euriaren zain Iruzkina

Iruzkina

Zabor-biltzaileen greba

Unibertsitateko lehen urtea Bilbon igaro nuen. Solokoetxeko pisu batean bizi ginen Josu Aranbarri, Delirium Tremenseko Txufu bateria eta hirurok. Ordurako, Txomin eta Josu Piztiak priektuari heltzekotan zeuden. Kantak idazten. Ondo gogoan dut urte hura, oso urte berezia izan baitzen nire ibilbidean. Gomutatzen naiz zabor-biltzaileen greba etengabea izan zela negu hartan eta zabor-poltsen mendiak ikusten zirela Bilbon, han-hemenka. Orduan Raymond Carverren narrazioak irakurtzen genituen, eta ondo gogoan dut nola Atxagaren Etiopia fotokopiatuta pasatzen geniola elkarri, ezen liburua lortzen oso zaila zen. Gogoan dut nola The Cureren “The Forest” kanta zela nire kantarik gustukoena garai hartan. Eta Super 8 kamera batekin ibiltzen ginela Bilboko bazterrak grabatzen eta argazkiak ateratzen zabor-mendiei. Kaleetan zehar galtzen ginen, zerbaiten bila beti, zer zen oso ondo ez genekien zerbaiten bila. Gogoan dut euria egiten zuela askotan, eta Bilboko arratsalde euritsuak etxean igarotzen nituela The Chameleons entzuten.

Bilbo asko aldatu da 1989ko negu hartatik. Zabor-biltzaileen greba bukatu zen aspaldi eta kaleek garbiago dirudite, garbiegi beharbada. Baina gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen. Gaztaroko lehen urtetako bizipenek, izaniko irakurketa eta entzuketek hortxe irauten dute betirako. Eta itzuli egiten dira lantzean-lantzean, zerbait berria idazten ari zarela agertu egiten dira zeuk ez dakizula. Nik uste Euriaren zain honetan laurogeiko hamarkada bukaera hori ageri dela sakon sakonean. Ez bakarrik musikan, izpirituan batez ere. Eta berriz batu dira musika, literatura eta irudia, izpiritu beraren abarora. Izan ere, bila ibiltzen ginen orduan, eta hain zuzen Piztiak taldea ere horrek definitzen du. Beti bide berrien bila dabilen taldea da Piztiak, bide errazak bazterrera utzita.

Garai batean gorroto nuen euria. Orain ez. Orain hementxe nago, euriaren zain. Kirmen uribe