Hemen zaude: Hasiera Denda Etxeko uzta Iruzkina

Iruzkina

Uztarik elektrikoena

Aspaldi genekien Petti musikari nafarrak orain arte diskoetan ezkutuan izan den alderdi elektrikoa gordetzen zuela barnean. Amets bat (1999) eta Arrazoiak (2001), Berako abeslaria euskal musikaren munduan ezagutzera eman zuten bi diskoak, oinarri akustikoaren gainean zeuden eraikiak, eta barnera begiratzen zuten beste ezeren gainetik. Dena dela, zuzeneko emanaldietan bere alderik basati eta elektrikoena azalerazten zuela bagenekien, eta zain geunden noiz eramango zuen bere sen rockeroena diskora.

Azkenean, baina, hemen dugu Berako lagun musikariekin batera —Joseba Irazoki, Iñigo Telletxea, Maikel eta Fernan Irazoki ekoizlea— ondutako diskoa. Zuzeneko kontzertuetan lagun izan ditu horiek, eta hori aise islatzen da Etxeko uzta osatzen duten hamahiru abestietan. Bat-batekotasuna eta freskotasuna baitarizkio Pettiren hirugarren diskoari; denek elkarrekin jotzen sortzen den soinu zuzena aldarrikatzen baituelako.

Etxeko uzta, rock amerikar onenaren usainaz bustiriko diskoa da. Arrazoiak lanean, Nick Drake miretsiaren folk ingelesa omendu nahi izan zuen bezala, oraingoan, Neil Young & Crazy Horse, Screaming Trees, Dream Syndicate, eta gitarra elektrikoaren emozio gaitasuna lehen lerroan jartzen duten beste talde batzuengana jo du Pettik. Izan ere, gitarra elektrikoaren garapenak dira Etxeko uzta-ren ardatz. Gitarra indartsuak, lasaiagoak, dotoreak eta zenbaitetan gogorrak aurkituko ditu diskora hurbilduko denak; eta horiekin batera, Pettik kantuei eman ohi dien sakontasuna eta indarra. Etxeko uzta Pettiren diskoa delako zalantzarik gabe. Erreferentziak izan ditzake, baina Berako musikariaren barne munduarekin bat egiten du bete-betean.

Hori dela eta, Steve Earleren folk-blues ilunak Mikel Laboa besarkatu dezake (Agurrak) edota Mark Laneganen kantu bat Crazy Horseren elektrizitatez jantzita azaldu (Zergatik azaldu). Pettiren hirugarren semea norabide askotara begira dago. Iluna izan daiteke batzuetan (Biharamuna, Arrazoiak), basatia eta rock & roll zalea besteetan (Ikuskizuna), eta baita xamurra eta pop zalea ere (Hitz jarioa, Iraganaren putzuan, Aurrera). Horien guztien atzean, ordea, Petti dago; bere istorio existentzialista, baikor eta pertsonalekin. Musikari nafarrak bide berri bat ireki du bere ibilbidean. Elektrizitateari eskua maisuki ematen dion bide berri bat.


Mikel LIZARRALDE