Hemen zaude: Hasiera Denda Errepideak ez ditut maite Iruzkina

Iruzkina

ONDDO. Muga sikodelikoak

Beran indar teluriko bereziak agertzen dira, zenbaitetan emaitza basatietan islatu direnak. Era berean, boilur kantari endemiko bat agertzen da, Petti alegia. Hamar kantuz osaturiko estreinako lana aurkezten duen Onddo laukote beratarra, Joseba Irazoki gitarra jolearen "trip" pertsonala da, bertan Iñigo (baxua) eta Igor Telletxea (bateria) anaiek eta Ibai Gogortza tekla eta saxo joleak parte hartzen dute. Pettik Joseba eta Iñigo izan ditu lagun zuzeneko emanaldietan. Biek bide berdintsuak egin dituzte Zup taldeaz geroztik, talde horrekin grabatu baitzuten itxaropenez beteriko lehen maketa. Horiek biak, Igor Telletxea bateria jolea eta Maikel tekla jolea, Onddo laukotearen grabazio-lanetan ere parte hartu dutenak, Xabier Montoiaren talde izan dira lan bitan, eta halako segurtasunez aurkeztu dituzte ibili diren eszenatokietan.

Onddo rock sikodelikoaren eta neguko solstizioko ezkilen gisa txintxin egiten duen poparen arteko mugerrian sortu da. Adi entzuten dugu, ukitzeko beldurrez, "Japoniar neska" izeneko bitxia, "country" findu baten gisara arrapaladan doan doinu atseginarekin. Ia-ia oin-puntetan sartzen gara "Oker" gaian, lurreko erritmoaren kutsua duena eta haize bortitzak eramaten duena. Dantza lotuari bide egiten dion "Jeloskor" gaiaren doinu hotzek, musikari horiek berek Montoiarekin egiten duten lana ekartzen digute gogora. Montoiak ere, Petti eta Beñardo Goietxek bezala, koruak ipintzen ditu han eta hemen.

Onddo rockaren riffean murgiltzen da "Luzaroan zu gabe" gaia aurkezteko; disko honetako beste pieza guztiek bezalaxe, doinu eder, ezpuru eta akastunekin sorgindu nahi gaitu. "Dutxan edo ohatzean" gaiaren erritmoak sukar-ametsez beteriko poparen ildoak berreskuratzen ditu, eta "Beldurra arnasten" Berako estiloaren isla da. Ez dakit musikariek neuk diodana ulertuko ote duten, eta besteek are gutxiago. Onddo taldeak ez du REM izan nahi, ez eta Phish edo Grateful Dead ere, baina "Belarriak bero" entzunda, bozeto hauek denboraren aurka doazen giroak biltzen dituztela ematen du. Onddo taldeak artisau-musika egiten du, giro-rocka eta gitarrak, ongien dakizun moduan lasaitzeko egokia.