“Do The Siesta” Lorenzo Thompson, J.L.Pardo, Quique Gómez & Big Yuyu

10 

Lorenzo Thompson (Chicago) kartsua eta indartsua da oso. Haren ahotsak edozein gelatan egon litezkeen hutsune guztiak betetzen ditu. Kantuan egiten du furgonetan bira bat egiten ari denean, kantuan egiten du otorduetan, eta ametsetan ere bai seguru asko. Baina agertokira azaltzen denean haren ahotsa entzuleen bihotzetaraino iristen da, eta Lorenzo handi egiten da, showman bikaina, garbizaleok ere gustuko dugun horietako bat bihurtzen da.

José Luis Pardo gitarra jotzaile puertotarrak laurogeita hamargarren urteetan ezagutu zuen Lorenzo bere Buenos Aires kuttunean. Ordu hartan Pardok, artean nerabea baizik ez zela eta Bluesaren esparruan lehen urratsak baizik eginak ez zituela, show bat antolatu zuen Thompsonentzat La Bocako Blues Special klubean.

Urte eta shuffle asko geroago, 2010eko Irailaren amaieran, Lorenzok eta JLPk, Quique Gómez aho-soinulariarekin batean, bira ezin luzeago bat egin zuten espainiar estatuan barrena. Honenbestez, Lucenako Blues jaialdian, Iruñekoan eta Madrilgoan izan ziren birari Palma Mallorcako Blues jaialdian amaiera emateko.

Bertan egin zuten bat Thompson-Pardo-Gómez hirukoteak eta Jordi Alvarezek eta honen Big Yuyu taldeak; Mallorcako talde bikaina da, Pardorekin batean sarritan jarduna, ikuskizun askotan ari izan baitira elkarrekin..

Ideia aldi berean loratu zen guztien artean: “Grabatu dezagun!”.

Maria de la Salut izeneko landa eremu zoragarrian, Turismoari begira bizi den Mallorca jendetsua ez baizik eta Mississippiko zelaiak gogorarazten dituen aldeak, banda hau Jordi Alvarezen Sa Grava estudioetara hurbildu zen 13 gai erregistratzera. Horietatik 11 grabatu zituzten Juan Amaro baxu jotzaileak eta Pep Lluis García bateria jotzaileak lagundurik. Ekoizlea Blues “R” Us agentzia  izan zen.

Lana bihurria bezain gozagarria da. Lorenzo akituta zegoen. Ez da harritzekoa, Iruñea-Barajas-Mallorca maratoiak iraun zuen bi egunetan, birari amaiera eman zion itzulian, 5 orduz baizik ez baitzuen lo egin.

Baina horrek ez zuen geldiarazi, dena eman zuen, abesteko eta jostarazteko sortu zen, eta hori ondo asko daki berak. Lehenengo eguneko irribarrea du ahoan, eta dagoeneko ezagutzen ditu hitz itsusi batzuk gaztelaniaz. Mercé Serrak katilukada terekin mainatzen du.

Eskarmentu handiko banda da, pozik ari da. Saio luze baten ostean indarra ahitzen da, ez ordea ilusioa. Lorenzok atseden hartzen du boskoteak dena prestatzen duen bitartean. Hurrengo egunean amaituko zuen lana Lorenzok.

Klasikoa izan arren, hots freskoak eta berrituak darizkio errepertorioari. Agian “nazioarteko lagunarte” benetakoa delako, arraza eta pasaporte askoren nahasketa baina zigilu komunarekin: BLUESa.

Muddy Watersen “I want to be loved” gaiak egiten dio sarrera lanari, eta gai honetan aparteko lana egiten du Quique Gómezen aho-soinuak. Ondoren dator Chester Burnett otso ulugilearen “Do the do” gai hipnotizatzailea.

Lorenzok gaia grabatzea eskatu zuen, gustukoa du, abestu eta dantza egiten du, emakume bat du hizpide. “Deus ere ez duzu ikusi Do the Do egiten ikusten duzun arte”. Abestean egiten dituen keinuekin ondo asko ulertzen dute taldekideek zertaz ari den.

Ondotik datoz “Evil”, “Killing Floor” eta beste klasiko batzuk, talde osoaren lan dotorea agerian, hots oparoekin baina Blues disko orok behar duen “gantz” ukituarekin.

Robert Crayren “Phone Booth” gaia da, agian, Chicagoko Blues moldetik bereizten den bakarra, nahiz eta, paradoxikoki, Haizearen Hiriko Bluesaren benetako historia azaltzen duen: “Berria naiz Chicagon eta ez dut nori hots egin”, egiten du oihu Thompsonek.

Gai honetan ondoz ondo etortzen dira Jordi Alvarez eta Pardoren bakar pasarteak, pasarte helduak eta sinesgarritasun osokoak, disko osoan zehar agerian geratzen den bezala.

“Blow Wind Blow”  gaiaren bertsio akustiko handiak ematen dio amaiera diskoari, pasarte akustikoa Robert Johnson handiaren “Come on in my Kitchen” gaiarekin osatuz.

Diskoaren izenburuak ez zuen lan handirik eman: “Do the siesta”, “typical spanish”, Lorenzok bere egin eta edozein unetan lo kuluxka bat egiteko aprobetxatzen duena.

Bizitzaren eta musikaren joan-etorrietan, María de la Salut herria amerikar baten, argentinar baten eta lau espainiarren artean osatutako balio handiko diskoaren sorreraren lekukoa izan da. Tea, ensaimada eta Bluesa mundu ororentzat.

 

 

 

 

Disko mota: CD
Argitaratze data: 2010/09/17
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com