Iruzkina
Dena ankaz gora
Dena hankaz gora diskoak bi zati dauzka, esan bezala. Lehenengoak izen bera darama, eta hamabi kantu berri aurkezten dira bertan. Markezek uko egin dio bere letrak idazteari, eta kantu guztiak Pako Aristi idazlearen poemekin osatuak daude. Beraz, soma liteke hitzak garrantzi handia duela lan honetan.
Baina horrekin batera Markez kantaria konposatzaile bikain bezala agertu zaigu. Aspaldiko urteetan ohikoa duen taldearen laguntzarekin, uko egin dio kantak bere letra eta musikaren arteko jolasarekin osatzeari, eta arrisku handia hartu du bere gain: argitaratuak zeuden poemak musikatu ditu, horrek eskatzen zuen lan musikala ondo baino hobeto gauzatuz. Horrela, monografiko baten kutsua ere hartu du lan honek, oso irakurria eta estimatua den idazle gazte baten testuak eta munduaren ikuspegia oinarria dituen lana.
Ruper Ordorikak Atxagaren poemekin aspaldi, edota berriki Bide Ertzean taldeak Jose Luis Otamendirekin egin bezala, benetako sendotasuna, saiaketa eta inspirazioa eskatzen dituen arrisku batean sartu da Markez, eta, dudarik ez, arrakastatsu atera dela deritzogu. Orain arte egin duena batere mesprezatu gabe, aurretzantzean kantari eta musiko honek egin dezakeenaren lehenengo distirak erakusten dituen lan heldua da.
Tribuaren hitz galduak
Bigarren diskoa, lehenengoarekin opari gisan joango dena, Tribuaren hitz galduak deitzen da, eta bertan Mikel Markezek eta Pako Aristik urtebetez Euskal Herri osoan eskaini duten emanaldiaren zuzeneko zati batzuek jasotzen dira, ordubete pasatxo irauten duen grabaketa bizi baten bitartez.
Musikalki bien artean moldatua, Pako Aristik bere musiko trebetasuna agertuko du hainbat tresna joz, bertan kantuak, poesia, ipuinak eta aktualidadeko komentarioak eskaintzen direlarik. Mikel Markezek hiru kanta berri eskaintzen ditu bertan, bata Benedettiren gaztelerazko testu batekin egina. Horrekin batera, izan dituzten gonbidatuen aukeraketa bat ere moldatu dute. Hauek dira ageri diren artistak : Benito Lertxundi, Patxi Ezkiaga, Patziku Perurena, Igor Elortza eta Palaziyo, beste gonbidatu askoren artean aukeratuak, Euskal Herrian ere elkarrekin gauza interesgarri asko egin litezkeela frogatuz.

