Hemen zaude: Hasiera Denda Deklarazioa Iruzkina

Iruzkina

Kantautorearen berragerpena

Mikel Telleria zuri-beltzeko baso batetik datorkigu, bihotzari dei egiten dioten kantu hauen funtsa nahas dezakeen kolorerik gabeko basotik. Kantu hauek amodiozko aldarrikapen soil, eder eta zentzuzko batez hasten dira, beti ere piano batez lagundurik eta kontsonante likidoak indarturik. Neil Young akustikoenaren oihartzunak hautematen dira "Egunak" kantuan, intentsitate handiko baxua, eta kantua aberastu ez ezik Ruper ere gogorarazten digun "fender rhodes" bat aurkezten zaigu, ausazko erreferentzia gisa baina piezari inolako nortasunik kentzen ez diona.

Dylanen tankerako aho-soinuak zubiarena egiten du "Zazpi ehiztari" izeneko piezan, tarteko erritmo bat da, "Ameriketan" gaiko inspirazio jazzy-ari bide egiten diona. "Ameriketan" konponketa-lan bat da, Van Morrisonek Georgie Famerekin lantzen dituen moldeetatik gertu; gai honek agerian uzten du Telleriak interprete gisa duen gaitasuna, izan ere, erritmoaren aldetik kantautore iparramerikarrengandik oso hurbil aurkezten zaigu. "Itsasontziak" gaiak Billy Joel gogorarazten digu, eta Telleriari laguntzen dioten musikariek laukote sendoa osatzen dute; Koldo Uriarteren teklak, Iosu Izagirre eta Iker Uriarteren erritmo-kaxa eta melodiari hozka egiteko beti prest dagoen Juanjo Unzillaren gitarra elektrikoa "Desioarena" bezalako lan distiratsuan ageri zaizkigu beren indar osoz.

Tonua biziagoa da "Eskatu dena guztia" lanean, erritmoaren haustura ageriagoa da, baina tonua malenkoniatsuago bihurtzen da "Zabiltzan bidean" gaian, izan ere, iraganeko kolore guztiak agertzen zaizkigu berriro ere. "Itzulan" piezak lurrarekin harremana duen lanaren usaina dakarkigu, eta "Zuregana Itzultzean" gaiaren eztandak itzultze baten itxaropena aurkezten digu, "Haritz libreak" gaiaren paisaietara eramateko. Mikel Telleriak eraldatu egiten ditu natura eta honek sorrarazten dituen sentimenduak, beti ere min egiten duten dardoen moduan kantuak aurkezten dizkigun kantautorearen sentsibilitatearekin.