Hemen zaude: Hasiera Denda Cosmonaut Camel Iruzkina

Iruzkina

Jimmy Bidaurreta
Cosmanaut camel
an ethnictronic world trip

Bertan musikari eta konpositore aritzeaz gain, soinuen prestigitadore gisa ageri zaigu Bidaurreta, magoak animaliak ateratzeko kapela nola, hala erabiltzen baitu Bidaurretak teknologia erritmoak, melodiak eta hotsak nahierara sortzeko eta entzuten ari garen instrumentuak eta ahotsak estudioan zuzenean grabatuak izan direla sinestararazteko. Garapen teknologikoak herriak eta kulturak hurbiltzen dituen ustea musika sorkuntzaren eremura eramanez eta do it yourself (zuk zeuk egin) filosofia bere eginez, tradizio kultural zaharrenetakoa duten herri batzuetara bidaia musikal harrigarria proposatzen digu Bidaurretak, XXI. mendeko ikuspegi batetikgidatua. Soinu collage honekin, Indian, Marokon, Chicagon edota Latinamerikako herrialde batean gaudela irudika genezan lortzen du egileak.
Musikari donostiarrak parte hartzen duen proiektu guztietan konstanteak diren funk, acid-jazz edota musika latinoarekin batera, kultura hindu eta arabiarraren osagaiak -flautak, taulak, sitarrak, ahotsak...- erabili ditu Bidaurretak, eta ekoizpen lan ikaragarri baten ondorioz lilura eta erakargarritasun handiko abesti melodikoetan moldatu ditu (Shu-a-i, Trip contrast pt.1), edota beat elektronikoekin eta piano jazzistikoarekin kontraste ezagutugabeak sortu ditu (Radio Bazar, Egyptian feet). Patxadaz dastatzeko eta entzunaldi bakoitzean xehetasun berriak deskubritzeko diskoa da, baina baita gorputza astintzeko ere. Tribal party (hip hop eta soul pieza sentsual eta dotorea) edota Trip contrast pt. 2 (hirugarren milurteko hiri oihanaren funk tribala) dantzalekuak hankaz gora jartzeko eginak dira.
Mendeak eta segunduak gurutzatzen diren bidaia honetan entzuleak aurkituko duenaren adibide batzuk baino ez dira. Hari dagokio iragana eta etorkizuna gurutzatzen diren zeharkaldi honetan irudimena hegaldatzen utzi eta tokian tokiko eta unean uneko paisaiak, jendeak eta istorioak asmatzea.

JIMMY BIDAURRETAK DIO...  Diskoaren izenburuan argi geratzen da garaikidetasuna eta tradizioa, sustraiak eta garapena ikertzeko eta batzeko asmoa. Bi aldeak elkarrengandik urrun daudela uste duzu? Bi alderdien arteko elkarbizitzatik sortzen diren errealitateak eta adierazpideak interesatzen zaizkit, bien artean egon daitekeen distantzia baino gehiago. Izan ere, bata bestearen parte da eta ez litzaiguke inkoherentea iruditu behar progresoaren aldeko gezi bat jaurtitzea eta aldi berean sustraietan errotutakoari eustea. Landareak, adibidez, gorantz eta beherantz hazten dira, eta ematen dituzten fruituak sustrai osasuntsuen zein fotosintesiaren ondorioak dira. Ez da estrategia txarra.
Kultura hindu eta arabiarra oso presente daude diskoan. Ezezagunak direlako, gaizki ikusiak daudelako, edota gehien erakartzen zaituztenak direlako hautatu dituzu?
Antzinako tradizio jator batetakoak izanik, denboran oso atzera eramaten gaituzte. Camel osagaia ordezkatzen dute, argi eta garbi. Erakusten du, bestalde, zonalde garatuetan aurkitzen ez diren tradizio biltegi aberatsak daudela herri horietan.
Gogoeta ere egin nahi nuen, tradizioen izaera iraunkorraren eta teknologiaren iraungipenaren inguruan. Progresoa eta zaharkitzea oso lotuta daude. Waiting for the centuries-ek horregatik du txatar ukituko soinu teknologikoa.
Ez duzu musikaririk erabili diskoa egiteko. Ez zenituen behar, eta kito?
Musikariekin lan egin izan banu, denbora eta askoz baliabide gehiago beharko nituzkeen, nire ahalmenetik kanpo daudenak. Teknologiari esker, oso garestia izango litzatekeena modu merkean egin daiteke. Bestalde, musikariekin lan egitea beti da plazera eta aberasgarria.
Disko honetan, musikari lana bezain garrantzitsua izan da ekoizpen lana ezta?
Ez musikariek egindako musikak ideia berritzaileak ekarri ditu, beraz komeni da eragin horietara adi egotea. Bestalde, lan nagusietako bat disko honetan izan da gutxi jorratutako egoera sonoroak irudikatzea, eta hortaz, ekoizpen lana (tinbreak aukeratzea, dentsitateak neurtzea, nahastea...) funtsezkoa izan da musikariaren lana behar bezala egokitu zedin.