Hemen zaude: Hasiera Denda Bilbop Iruzkina

Iruzkina

Lau lagun hauen lehen lana benetan aipagarria iruditu zait, batez ere, hiru arrazoigatik. Alde batetik, ausarta eta txalogarria iruditzen zait egin diguten eskaintzak ez dituelako, egun arrunta den musikaren ildoak itxu-itxuan jarraitzen eta honi esker, Euskal Herrian egiten den musikaren aniztasun eta aberastasuna garatuz pausu bat aurrera eman delako. Zentzu berean azpimarratu egin behar da ere Gaztelupeko Hotsakek egin duen apostua. Bestalde, Jazza musika herrikoia, oso entzuna eta dantzatua zeneko garaia gogorarazten didalako. Honetan zer ikusia du diskarako egin duten aukeraketa, adibidez, Horace Silver edo Duke Ellingtonek famatuak egin zituzten kantak sartu dituztelarik. Azkenik, lana beste eredu batzuetako musikarekin (bossa, rocka eta bluesa) itxuroso osotu dutelako, bilduma benetan entzungarria eskainiz.

Bilbop izeneko lana burutzerakoan, Four Friendsekoek hainbat gauza kontuan hartu dituzte; hots: lehen bezala zuzen zuzenean egin dute grabaketa musikaren dinamikari eta bizitasunari eutsi ahal izateko; instrumentu, mikrofonia eta anplifikagailu klasikoak erabili dituzte urte haietako soinuaren xarma eskuratzeko; eta, grabaketan zein nahasketan baliabide tekniku hoberenak erabili dituzte Tio Pete estudio bikainean Jose Lastraren gidaritzapean. Honi guztiari esker soinu paregabea lortu dute.

Aukeratu duten kanta bildumak Swing-a hartzen du erreferentzia nagusitzat norbere zein inoren kantak era orekatuan bateratuz. Aipagarria da Swing estiloan freskotasun nabarmenarekin mugitzen direla kitarrarekin lan inprobisatibo txukuna eginez eta oinarri erritmiko seguruaz baliatuz. Esan beharra dago, ere bai, Carlos Joverrek harmonikarekin laguntasun dotorea eman diela, erabilitako beste haize-instumentuek hainbat kanta era egokian osotu egin dituztelarik.
Orotara esan daiteke diska gomendagarria dela musika onaren edozein zaletuk aditu egin beharko lukeena.

Carlos Velasco