Hemen zaude: Hasiera Denda Bide Ertzean Letrak

Letrak

bide ertzean

bide ertzean topatu ditut
poesia, kantua eta desioa
jeloskor gordetako leloa
anai fidelaren boz herabea
bide ertzean ikusi ditut
galduta amets eraitsiak
eskean bide ertzean
aukera berri baten esperoan
bide ertzean irentsi ditut
bakardadearen argitan
idatzitako lerroak
poza eta geroko poemak
zutaz kantatzeko jaio bide nintzen mundura

hiri emanen dizkinat

hiri emanen dizkinat
nire ordu bakartien etekin zimelak
emanen dizkinat baita ere
noizbehinka isuritako grinaren atalak
eta ferekak igande arratsetan
eta bi eskuekin agur herabe bat
hiri emanen dizkinat hileroko nire gauzak

balada iheslaria

heriotzaren aurrean
berdinak omen gara denak
gosearen aurrean ere
berdinak omen gara denak
beharrari ezin zaio
inolaz mugarik jarri
grina eta desioaren
senide izanik
eta bienbitartean
balada iheslaria
samur-samur entzuten da gure artean
zerua beltzez janztean
egunak pasako dira
eta berriz saiatuko dira
ustezkoa baino ez den
ongizatearen bila
eta bienbitartean
balada iheslaria
samur-samur entzuten da gure artean
zerua beltzez janztean

bakarrik bahago neguan

poto batean sartua zeukat
minutu hura
hiri emateko gauean
eta usoak milaka
udazkenean barrena
lanbroa zeukat gordeta
kaxa batean hiretzat
eta eguzkia hankak berotzeko
bakarrik bahago neguan

ihesi doa

ihesi doa lagun anonimoa
etxea utziaz, argiaren bila
haizea bezala ihesi doa
atzean utziaz gordelekua
amets eraitsiak, betiko kantua
oroitzapenak, begirada bat
lorerik ez zen aspaldi honetan
bere belazean lehorte batek
irentsi zituen denak
eta antzuak dira orain bere desioak
inork ez daki, noiz, nola, norekin
itzuliko ote den
ihesi doa