Hemen zaude: Hasiera Denda As funk as posible Iruzkina

Iruzkina

ASSTRIO as soon as possible

Orain aste gutxi batzuk hil zen Jimmy Smith, aho batez Hammond B3 organoaren aita kontsideratua izan dena. Berak baino lehen Wild Bill Davis, Fats Waller eta baita Count Basiek ere beren urratsak egin zituzten edozein garaitako groove zaleei hainbesteko indarra eman dien tximista eta trumoien makina berezi honekin. Baina Jimmyren ondorenean inork ere ezin izan du haren ekarpena ukatu, izan ere, ez zen alperrik izan 50. urteen amaieran zabaldu zuen soul-jazz bidera jauzi egin zuten organo jotzaile hainbaten maisu: Shirley Scott, Larry Young, Jack McDuff, Lonnie Smith, Jimmy McGriff... Batzuek beren nortasunarekin, besteek “Jimmy Smith sinestezinaren” erdiespenek mediatizatutako estiloan (halaxe izenpetzen zituen bere diskoak Blue Noterentzat), eta denek erritmoaren mende derrigorrez. Rock and rollak leku nagusia eskatzen zuen gazteenen gustuen artean, eta hauxe duzu Amerika Beltzaren erantzuna dagokion tartaren zatia eskatuz. Urteen joanean, batez ere argindarra jazz mundura indar handiz sartu zenean, teklatu berriak iritsi ziren funkaren izpiritutik hurbil zeuden proposamenetan Hammondak zuen leku pribilegiatuaren lekua hartzera: Fender Rodhes, Synclavier, Moog... B3 bazterrera geratu zen (gainera oso pisutsua zen eta ez zen biretan erraz eramatekoa), 90. urteen hasieran acid-jazz fenomenoaren sarrera indartsuak modako hots gisa berreskuratu zuen arte. Orduan, The James Taylor Quarter eta Corduroy bezalako konboek eta Beastie Boys eta US3 bezalako sanpleatzaile errukigabeek, berriro ere atzera ekarri zuten inoiz baino biziago.

Aldi berean, eta jazzaren eremura mugatuz, Sam Yahel, Larry Goldings eta Medeski Martin and Wood hirukotea bezalako musikariek iraganeko arrakastei berriro ere heldu zieten bestarako eta dantzarako aitzakia bat baino zertxobait gehiago eransteko ideiarekin.
Iraganeko berpizteko izpiritu biek kutsaturik, AssTrio taldeak izaera funkya eta zirikatzailea ageri du, baina hargatik inprobisatu behar izateari uko egin gabe. Bartzelonan zailduak dira, zuzeneko emanaldietan, horixe baita egiazko suzko proba era honetako proposamenentzat, zenbaitetan ukitu beltza falta baitzaie. Bekatu barka ezina groovearen eszenategian!

Taldearen eszenaratzea agian estetikoegia da: look maltzurra baina ondo zaindua, eta hotsa ondo landua. Egiten duten bertsioen aukeraketa ere eztabaidagarria izan daiteke (topikoa delako), baina bietan agertzen dute beren izpiritu ikonoklasta eta histrioia, beti ere eskertzekoa dena jazzaren munduan, non musikariek sarri askotan serioegitzat hartzen baitute beren burua. Aurreneko zuzenekoak gogorarazten dizkigun aldartea erakusten dute, Berto Romero barre eragile katalanarekin jarduten zutenean bezala egitarau bikoitzean eskaintza biribiltzeko xedean; Laia Cagigalen ahotsak –hemengoan gai bat abesten du– ukitu soula ematen zion covers atalean.

Ildo honetatik, ustekabearen bila une oro, Caravan gaiaren bertsioak Tarantinok hain gustuko dituen Ennio Morriconneren scoreak eta Dick Dale eta Venturesen surf ukituak nahasten ditu. Eta emaitza nahasketa bitxia da oso, jatorrizko izpiritutik aldendu ez baizik eta Juan Tizolek eta Duke Ellingtonek klasiko hau argitzeko gorpuztu zuten giro exotikora eta kriollora baikakartza. Medeski, Martin and Wood itzalean irribarrez ari dira lizun aurreratu hauen aurrean...

Bestalde, Hit Jotero eta Fasten the Seatbelts gaiek biziki gogorarazten digute New Yorkeko Soulive hirukotea, lizuna, funkiea eta hirukotearen formulari bereak eta bost ateraraziz. Ez dute gehiago behar izerditan hasteko. Erritmo inkopatuak, breakak JB-ren erara, primerako materialak hip-hoparen sustraiak ondo ezagutu eta jolasean hasi nahi dutenentzat. **Jesús Paleta gaiak afrofunka, rhythm and blues molde bihurria eta Fatiha Houbaburen ahots arabiar kezkatia nahasten ditu. The elastic Son** gaian berriz, Prestige zigiluaren Hammond Groove klasikoa presenteago dago, Lonni Smith gutxiago eta Jimmy Mc Griff, Sugarman Three eta beste batzuk gehiago.

Somethin Stupid gaiaren bertsioa hasiera batean lekuz kanpo dagoela ematen du, baina hala eta guztiz ere badu oso sixties den ukitu psikodeliko arin bat –Brian Auger & The Trinity Bur Bacharachekin afaltzera geratu izan balitz bezala–, bitxia benetan, amaieran gorantz egiten duen rock moldearekin batera. Emocore, rock oste eta beste hamaika adjektibo posibleen garaian, seguru asko ez dira deus berririk asmatzen ari, baina indartsu ageri dira, ipurterre eta sendo, eta hori ez da gutxi. Mota honetako taldeek sarri askotan ez dute beren maila ematen grabazio estudioetan, zuzeneko bat-batekotasuna dute gustuago, eta zail gertatzen da disko batera eramaten, baina oraingoan merezi izan du: As soon as possible lanak izenburutik beretik adierazten du bere premia, eta luze gabe errepidean ikusteko grina kutsatzen du, argi apaleko baina libido biziko lokal batean, bere baitan duen musika beltz zoragarri guztia agerian uzteko. Gotxi