Hemen zaude: Hasiera Denda Arrazoiak Iruzkina

Iruzkina

Sentimenduen mugan, Petti

Orain bi urte Petti aurkitu genuenean, lehendabizi zuzenean eta ia berehala "Amets bat" bildumako hamaika abestietan, erabatekoa eta berehalakoa izan zen inpaktua: orduan esan genuen landu gabeko harribitxi baten aurrean ginela, Euskal Herriko eszenategian ezezagun zen ahotsaren, gitarra jole finaren eta bluesman distiratsu eta grinatsu baten aurrean ginela, bizitzeko esperientziaren interpretazio poetiko bezain basatia egiten zuen artistaren aurrean. Folk basati gisa zehazta genezakeen estiloaren aintzindaria zela esan genuen.

Hilabeteek aurrera egin ahala berriro ere ikusi genuen Petti abestiak zuzenean izerditzen, aurreneko inpresioa berriro ere planteatu behar izan genuen. Petti, bere iluntasuna trinkoa izan arren edo agian horren ondorioz, harribitxi bat zen, baina alde guztiak ondo landuta zeuzkan harribitxia, osorik egindako artista zen, zaindu eta berriro ere grabatu beharreko artista, alegia. Erronka honek, ingelesek "bigarren grabazio zaila" esaten dioten erronkak, "Amets bat" lanarekin izan zuen arrakasta oso handia izan zenean, zalantzaz bete zituen artista eta argitaratzailea. Pettik, Neil Young artistak bezalaxe, alderdi basati eta elektriko bat du, blusari emana, eszenategian ondu duena baina diskoan argitara eman gabea dena. Hori bide bat izan zitekeen, baina baziren beste kantu batzuk folk estiloari hobe egokitzen zitzaizkionak, grabatuak izateko ozenki eskatzen zutenak. Proiektu bikoitz bat planteatu zen aldi berean burutzeko, baina azkenean bere estiloaren alde basatian barnako ibilbidea alde batera uztea deliberatu zen, eta arrisku handiagoari aurre egitea erabaki zen hamaika "arrazoi" hauek grabatuta, ez baitute bide errezarik agintzen, bizitzan zehar eta gehien maite ditugun kontuekin sarri askotan gertatzen den moduan.

"Arrazoiak" tragu txikitan edan beharreko lana da, hobeto dasta dezagun. Ez zen zalantza handirik izango "Bihotzeko harriak" hasieran aurkezteko Beñardo Goietxe beratar eta Pettiren lagun handiaren lau testuetako batekin. Gitarra akustikoa, Raulen aho-soinua eta Jimmy Arrabiten perkusio inpresionista dira Pettik ur-kanta honetan, ustekabeko amaiera duen lan honetan, arima azken harriraino biluzten hasteko aukeratu dituen gutxieneko laguntzaileak.

Morauk letra jartzen dio "Zure isiltasuna" abesti biluziari. Abeslariak historioan gora egiten du ahotsa egitura nekagarri horretara egokitzeko. Pettiren abestiek beren garrantzi guztia agertzen dute sinesgarria den ahotsean, berezi aurkezten den ahotsean. "Sobera erraza" kantuan islatzen den oinaze katartikoa nafarraren abestietan berriro ere aurkezten den sentimendua da. Ahots urratu horren atzean leunki azaltzen da Javi Arteaga gasteiztarraren teklatua.

Artistaren adina kontuan harturik Ez dok amairu taldearen zuzeneko eragina izan ez badu ere, Lete eta Laboraren abesti basatienak gogorarazten dizkigu Pettik zenbaitetan. Goietxeren letra duen "Itsuak" gaiak iraganeko girora garamatza. Pettiren zuzeneko emanaldietatik hurbilago aurkezten da "Arrazoiak", diskoaren erdialdera, blus arabiarraren urruneko oihartzunekin, agur gazi-gozo baten gisara.

"Dirdira hori", abestirik luzeena, gitarra horietako batekin hasten da Richie Havensen erara, hasieran gaia zehazten du gitarrak, ahotsak sakontasunaren lurraldera eramaten duen arte, bakardadean interpretazio zoragarria eskaintzeko. Gauzak itxura batean eztitu egiten dira "Alegia" kantuan, Paul Simonena izan zitekeen arpegio baten bidez. Bingen Mendizabalen eta Marina Beraetxeren biolinak pare bat abestitan hurbiltzen dira, "Ez pentsatzea" (Pessoaren letrekin) eta "Ilusio antzua" gaietan, hain zuzen ere. Aurrenekoan bluesaren lurraldeera egiten du Pettik erabateko heterodoxia eta distira batez. Arrazoiek ostatu batean amaitzen dute hausnartzen. Pettik bigarren lan existentzialista grabatu du, hotsetan amore eman gabe. Kantuak -eta horretan folkaren tradizioari jarraitzen zaio- ez dira zer baizik eta nola, fruitu mingotsen zukua edan izanaren erakusgarri.