Hemen zaude: Hasiera Denda Argia eta itzala Iruzkina

Iruzkina

Piztiarioa

Betidanik izan da Piztiak talde berezia, hori esan didate behintzat lagunik minenek. Nik uste Piztiak barik Bitxiak izan beharko luketela. Bitxiak ziren 80. Hamarkadako maketa haiek, Tu-k izena ere bitxia, bitxia bateriarik gabe eskenatokira olkartzea, bitxiak gauak, bitxiak oroitzapenak.

Maketek eta huts nazazu (1991) mini-lpak berro bera marrazten badute, hasi orduko (1992), zirkuluaren bitartez defini daiteke. Zirkulu itxia da bigarren disko hau irmoa, trinkoa, kontzeptuala esango luke norbaitek. Panerok zioen bere poemen zeregina heriotza azaleratzea zela, infernua. Parekoa zen disko honen helburua, parekoa edo bera.

Eta urte andana ezer atera gabe izan ondoren, isilean baina bihurri, hirugarren lan hau kaleratu zuten: Argia eta Itzala. Uste-ezik heltzen diren astebarruko azkenengo parranda, lagun batek kontatu zidan, gaua noiz hasten den jakiteko Gaztelan guztiz ezohiko era dutela: hari zuri bat hari beltz baten ondoan esku-ahurrean jarri eta bereizteko modurik ez dagoenean hasten omen da gaua. Argia eta itzala tarte horretan dago, mugan. Berdea eta urdinaren arteko muga itsasertzak zehazten du, gizakien artekoa gizarteak. Eta anbiguotasuna da mende bukaera honetako ezaugarrietako bat. Gizabanakoaren harremanak anbiguoak diren bezala, sexualitatea, lana, gomutak eta beste ere anbiguoak dira. Etorkizuna zalantzazkoa da, ez da existitzen. Arteak ezin die galderei erantzun, alabaina, itaun gehiago sortu behar ditu. Argia eta itzalak, Man Rayren rayografietan bezala. Mugaz bestalde Neil Young, Pearl Jam edo REMenak.

Amaitzeko, ohar bat: azken ikerketen arabera, piztia hitzaren plurala ez letorke latineko bestiam-etik, ingelesezko itzulpen kaxkar batetik baizik, pixies-en itzulpen edo, hobeto esan, asimilaziotik alegia.

Kirmen Uribe