Hemen zaude: Hasiera Denda Arean Iruzkina

Iruzkina

Arean taldeko kideek zortzi urte daramate elkarrekin. Borja Estankona, Koldo de Miguel eta Iñaki Garrido Iniezione izenarekin hasi ziren, eta ordutik hona haziz eta mudatuz joan den ibilbide sano interesgarria borobiltzen du Gaztelupeko Hotsaken argitaratu duten lehen CD honek.
Iniezionek zuzeneko kontzertu bi baino ez zituen eskeini, baina garai hartan ezarri ziren gaurko Areanen oinarriak. Koldo de Miguelen urte eta pikuko ausentziak joera aldaketa ekarri zuen, orduan hasi bait zen Borja Etsankona lan honen ardatz izango ziren abesti berriak konposatzen.

Grabazioa, zuzenean egin zuten Gasteizko Sonora estudioan, Iñaki Alonso teknikari izan zela. Ondorengo masterizazioa Karlos Osinagaren esku egon zen.

Euren lehen CDa bederatzi abestik osatzen dute, eta Maite Telleriaren marrazki ikusgarrietan bilduta dator.
Bateria (Koldo), bazua (Iñaki), gitarra, ahotsa (Borja). Funtsezko lau elementuon biluztasuna aldarrikapen bat da, berez. Musikaren jatorrizko magia bere egituran dagoela gogorarazten digu lan honek, eta ez efektukerietan.

Erritmo eta intentsitate desberdineko momentuak opatu dizkigute Arean taldekoek. Nabari da rockaren ikuspegi zabal batetik eraiki dutela estreineko lana. Abesti batzuk trinkoak dira, beste batzuk ia-ia isiltasunarekin kulunka ari dira. Emozioak anitzak izan ohi dira eta haietara zabalik egina dago diskoa.
Bederatzi kantuok oso modu koerentean jokatzen dute bata bestearen ostean. Entzungarri eta borobila bihurtzen da lana. Adi jarraitu talde honekikoak: soberan beteko ditu zure usteak.