Hemen zaude: Hasiera Denda Apoaren edertasuna Iruzkina

Iruzkina

Bi soinu erabili ditut disko honetan, A eta Bb tonukoak, 1940an eginak Larrinaga-Guerrini etxean. Osaba Eluteriok gozatu zituen, eta ozentasun berezia daukate. Lagungarri, hanka hotsa eta perkusio txiki bat baliatu ditut zenbait doinutan. Jonan Ordorikak zehatz hartu du nik nahi nuen sonoritatea, eta Anjel Katarainek eman dio azken oreka guztiari, Azkarate estudioetan, 1998ko udan. Gaztelupeko Hotsak etxekoen laguntzaz gainera, ezinbestekoa izan dut Jakoba Errekondorena ere, lan hau burutzeko.

Joseba Tapia

Noizbait kantu zoragarri bat entzungo dut inoren ahoan, eta orduan oroituko naiz izan nuela nik zer ikusia haren sorreran. Ezin ordain litekeen ohorea egin dit Joseba Tapiak.

Koldo Izagirre

Apoaren edertasuna

Lehen folk zena, atal berezia bihurtu da orain hiperretan eta irrati programetan. Han-hemengo musikariak bildu eta kantu herrikoien bertsio koipetsuak egiten dituzte maiz multinazionalek; artista batzuek, berriz, rustikotasuna bilatzen dute, teknologia aurreratuenetan txertatzeko, "new age" merkean. Indarrean dabil egunotan "musika etnikoa" delakoa, bai, eta ondorioz, "mestizaia" bezala eskaintzen zaizkigu hainbat lan hibrido, helburu komertzial hutsaz haratagoko ezer ez direnak.

Garrantzi berezia dauka, beraz, gure bi artistok, Koldo Izagirrek eta Joseba Tapiak, egin duten lan honek. Ezein laborategik lor dezakeena baino mestizaia sakonago eta emankorragoan, poesia eta musika txertatu dituzte, baliabide urrienekin adierazkortasun handiena emateko. Eta horren ondorioa hementxe duzu: APOAREN EDERTASUNA.

Mendebaleko kultura honetan apoa itsusia, zatarra eta moldagaitza dugu. Deabruaren marka da, eta bera da akelarrean dagoen animaliarik garrantzitsuena, akerraren hurren: apoa madarikatuaren paradigma da. Mito honetan oinarritzen da APOAREN EDERTASUNA. Aberetxo hau -basatzetako urretxindorra- ausartu egiten baita aurre egiten politen harrokeriari eta harroputzen mesprezuari bere kantu etenezinarekin, metafora partikular eta aldi berean kolektibo bat osatuz. Izan ere, historikoki kondenatua izan denaren ordezkari bilakatzen baita apoa. Eta horixe du edertasuna.

Sorginaren edabe gaiztoak egiten du apo printzea; hala berean izendatu dute Joseba Tapia apoen printze. Egin dezagun kontu "infernuko hauspoa" esan izan zaiola eskusoinuari; ez da harritzekoa, beraz, gure hauspolari nagusia infernutarrek maite izatea. Jazarra, berritasuna eta bizi-poza dakarren lan honekin eskertu du izendapena Joseba Tapiak.

Koldo Izagirrek gai eta molde desberdinetan landu zuen trikitilariaren proposamena, bertsokera kultoa eta kopla zaharrak berdin baliatuz, baina beti ere diska eta emanaldiaren osotasuna gogoan zuela. Horrela, bada, APOAREN EDERTASUNA ez da kantu bilduma bat, istorio bat osatzen duten zenbait une musikalen isla baizik. Eta idazleak hauspolariagan aurkitu du bere letren ironia mehea publiko zabalari ematen ahal dion interprete jeniala, gaur kantautore gisa etorria. Honenbestez, Joseba Tapiak erakusten digu trikitia tresna noblezaduna dela, ez dagoela muturtua mezuaren kalitatearekin eta adierazkortasunaren leunarekin, hitz batean, trikitia poesiaren tresna ere izan daitekeela frogatu du Tapia gazteak, maila berri bat hartuz bere karreran. Eta hau munta handiko jauzia dugu, atzo bekatubide eta maketokeria zenak arriskua baitauka egunotan zabarkeriaren eta jatorkeriaren erakusgarri gelditzeko, "trikiformula" arrunt batean.

Emanaldi honek literatura eta musika biltzen ditu. Musikariaren eta idazlearen uztartzeari Pablo Galarraga artistaren lana gehitu behar zaio: diskoko soporte grafikoa eta kartel eta eskenatokiko irudiak diseinatu eta marrazkitan apaindu ditu gure protagonista ur-lurtarraren pasadizoak. APOAREN EDERTASUNA bihurrikeria zoragarria da margoz, musikaz, hitzez.