Hemen zaude: Hasiera Denda Agur Intxorta maite Iruzkina

Iruzkina

Agur Intxorta maite, 1936-37 gudako kantuak

Euskal literaturaren lehen aztarrenak XIV. mendeko ahaide nagusien borrokaldietan oinarrituriko kantu epikoak ditugu: Urrexolako borroka, Akondiakoa... Hain ezaguna den Bereterretxen Khantoria agramondar eta beaumondarren arteko liskarretan gertaturiko hilketa baten lekukoa dugu, 1440koa. Gerrate karlistek (1833-39 eta 1872-76) kopla eta bertso ugari sorrarazi zituzten, Ai ai ai Mutila, txapela gorria" bezala... Elizanbururen kanturik ospetsuenetariko batek, Solferinoko itsuak, frantziarren eta prusiarren arteko gerrako pasadizo bat (1859) dauka oinarri... Gerrek beti sortu ohi dituzte kantuak.

Gezurra badirudi ere, gure azken gerratik ez zaigu Eusko Gudariak besterik iritsi. Alabaina, hainbat argazkik garbiki erakusten ziguten trikitixa gudarien eskuetan. Beste gerretan bezala, orduan ere kantua arma bat izan zen, dudarik gabe. Ezer gutxi genekien ordea, batalloien himnoez aparte. Hutsune hori betetzearren, Koldo Izagirre idazleak eta Joseba Tapia musikariak ikerketa sakon bat egin dute garaiko argitalpenetan eta artxiboetan, lekukoekin hizketatzeaz gainera. Lan horren emaitza, poema eta kantu bilduma handi bat da, 1936-37ko Kantutegi Antifaxista esan genezakeena.

Diska hau ez da ondare historiko eta kultural garrantzitsu horren lagin bat besterik, gaur arte ezezaguna genuena, eta ezkutatu ere egin zaiguna, nolabait. Hogei kantu berri hauetan, Joseba Tapiak maisuki berpiztu ditu, larrialdiko bertsoei dagokien biluztasunaz, herri baten malkoak, ilusioak eta askatasun egarri handia.