Hemen zaude: Hasiera Denda 1980-2000 Iruzkina

Iruzkina

**Goñi eta Scarpa, hogei urte bluesa maitatzen**

CD honetan, alde batetik, bikote honen une zoriontsuak bildu dira, aldez aurretik argitaratutakoak: 1991ko Cambayárako bere binilotik hartutako hiru zati eta beste bost Malcol eta Ñacoren obretatik hartuak. Guztiek ondratzen dute Gazteluperen katalogoa, eta bereziki, ahantzi ezin diren Berriz Blues Sessions, horietatik lau pieza hartu baitira, Joseba Tapiaren trikitia lagun, T. Bone Walkerren "Going Away Party"ren irakurketa malenkoniatsua barne, Parisko mussette baten eta Hawaiiko blues baten arteko hibrido bihurtzen dutena azkenean.

Beste erdia "bitxiak eta argitaragabeak" deitzen zaien horietako zortzi abesti dira. Zaharrena 1984. urtean grabatua da, John Lee Hookerren "Crawling King Snake" kantuaren etxeko grabazio soila, pianoz interpretatua, eta zinta batzuetan Hooker berarena gogora ekartzen digun soinu-ezaugarriak ditu; zinta horiek ere etxekoak dira, 1949an Detroiten grabatuak, eta orain dela hilabete batzuk aurkitu eta argitaratu ziren. Bi abesti berrienak 2000. urtean grabatuak dira, zuzenean grabatuak Vapor Bluesen, Amando Marcé bateriajolearekin batera, "Blowing the blues" bat, halako jazz kutsua duena, eta Robert Johnsonen "Drunken Hearted Blues" kantuaren bertsio serio eta barnerakoia, Malcolmek kantatzen duena sakontasun handiz, eta ia Billie Holliday ekartzen digu gogora, kabaret batean, begiak negartsu, "My man" egiten. Gainera, Jonhsonen pieza hori bera kontrasta dezakegu, Ñaco eta Malcolmek 1991ean Cambayárako grabatu zuten moduan. Parametro ezin hobea Malcolmek kantuaren alorrean lortu duen jakituria neurtzeko.

CDa oso atsegina da hasieratik amaieraraino, eta Simonidesen karatulak, Robert Crumben estiloan bete-betean, omenaldi ezin hobea dira bi bluesman ibiltari horientzat, eta pieza hauetan ikus daiteke izan duten bilakaera. 1985eko "Honest I do" bezalako etxeko pieza ez-perfektuetatik hasi, berriro ere Elvia Aguilarren pianoarekin, eta Hank Williamsen "Long Gone Lonesome Blues"etik hartutako "yodels" bertsio izugarri horretaraino, Francisco Simón (gitarrajolea) eta Steve Jordanen (bateriajolea) laguntzarekin, berriro ere laguntzen baitiete sartu den 91ko LP zaharraren hirugarren piezan, "Rattlesnake Daddy", eta hain zuzen ere, kantu horretan harritzen nau gehien Ñacoren harmonikak.

Ñacok Gazteluperentzat egin duen lehen CDan "Me and my buddy" entzun dezakegu, bikote honen aurkezpen-gutuna hain zuzen ere, baina are gehiago motibatzen gaitu "Ida Red" kantuak, Memphisen "jud bands" zaharren estiloan interpretatua, halako folk kutsu batez, "She?s a Hum-Dum Dinger", beste pieza tradizional bat egiten duten "downhome" estiloaren oso bestela, biak ere Berriz Blues Sessionsekoak, "Black Nights" eraginkorra bezala, bete-betean blus elektrikoa erakutsiaz Lowel Fulson texastar beteranoaren pieza horrekin.

Bitxikerien artean aipatzekoa da Malcolmek bakarrik egiten duen ragtime saioa, "The Jitter Jive", 1996an grabatua Correcaminos tabernan, eta "Hot Nuts"en beste saio bakarlari eta zoragarri bat ere, urtebete lehenago Café Naciones tabernan grabatua. Saio horretan Blind Lemon Jeffersonen beste bi kantu azaltzen dira, eta bereziki harrigarria da "Black Snake Moan", auhen baten moduan kantatua.

Txundituta uzteko hainbeste ahalegin egiten direnean, puntu osasungaitz eta gogorretaraino iristen den blues elektrifikatua eginez, Malcolm eta Ñacori entzuteko esperientziak katarsi handia du blueszale on batentzat. Beren azken lana ezinbesteko tresna da blues entzunez garbitzeko.