You are here: Home Artists Zaharregia, txikiegia agian Newspaper library Begiratzeko beste modu bat

Begiratzeko beste modu bat


Prozesu luze baten ostean, prest dago Agian film dokumentala; Zinemaldian estreinatuko dute

Zaharregia, txikiegia agian proiektuaren sorrera eta bilakaera erakusten duen dokumentala da Arkaitz Basterra zinegilearen Agian filma. Datorren irailaren 25ean estreinatuko da Zinemaldiko Zabaltegi bereziak atalean.

Lea-Artibairekin zuzenean lotura duen lana da: Batetik, proiektuaren sorreran Kirmen Uribe idazle ondarrutarra zegoelako eta, bestetik, Ondarroa eta inguruetako irudiak agertzen direlako bertan.

  1. minutu irauten duen film honetan, hainbat lagunek beren asmo artistikoak, euskal kulturaren aurrean daukaten jarrera eta bizitzaren gainean duten ikuskera azaltzen da. Horrez gain, beren emanaldietako irudiak, bereziki New Yorkeko Bowery Poetry Clubean emandako kontzertua, eta etorkizunari begira dituzten egitasmoak ere agertzen dira. Azken batean, dokumentalean kultura jakin baten biziraupenaren aldarrikapena egiten da.

Euskal Herrian Euskaraz taldeak Kirmen Uriberi eskatutako letra batetik hasi zen istorio guztia. Uribek eskatutako letra idatzi (Munduari begiratzeko), Txapelpunkek musikatu, eta Bla bla bla bla bla stop (Oihuka, 2002) diskoan kaleratu zuten. Ondarroako idazleak, baina, zer edo zer gehiago egin nahi zuen abesti horrekin... Munduari begiratzeko abestiko lerro batzuk oinarri hartuta, eta tartean beste mila istorio pasatu ostean, Zaharregia, txikiegia agian disko liburua argitaratu zuten Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverdek.

Poesia eta musika

Zaharregia proiektua - bost artistak New Yorkera joateko orduan hasi zen. Izatez, Uribe poesia errezitaldi batzuk egitera gonbidatuta zegoen New Yorken. Berarekin batera, Urdangarin, Rueda, Mendizabal eta Valverde gonbidatzea pentsatu zuen, zerbait berezia egiteko asmoz.

Arkaitz Basterra bertatik zebilen, New York Film Academyn zuzendari ikasketak egiten, eta kurtsoko lan bat egin behar zuela eta, haiekin batu zen. Urdangarin bezala, zornotzarra da Basterra, eta aspalditik ezagutzen zuten elkar. Aste eta erdi elkarrekin ibili eta gero, 28 minutuko dokumental bat grabatu zuen: Verticals. Eskolako proiekturako lana.

Bost artistak Euskal Herrira bueltatu ziren, eta New Yorken egindakoa eta sortutakoa CD liburu batean argitaratzea erabaki zuten: Zaharregia, txikiegia agian. Euskal Herrian hainbat emanaldi eman zituzten urte eta erdian. Bitartean, Basterrak New Yorken jarraitu zuen, baina ez zuen bost lagunekin harremana eten. Azken batean, lagun bihurtu ziren. Ikasketak amaitzean, etxera bueltatu zen.

New York, sorlekua eta agurra

Zaharregia proiektua bukatzeko, AEBra beste bidaia bat egitea pentsatu zuten. Zaharregia sortu zen leku berean, Zaharregia amaitzea, alegia. Orduan, Basterrak proiektuaren gaineko erreportaiaren ideia planteatu zien, urte eta erdi buruan zebilkion ideia. «Historia kontatzeko gogoa neukan, eta irudi batzuk hartuta zeuden. Hala ere, nire proposamena bota eta bigarren bidaia egin genuenerako, denbora tarte txikia pasatu zen eta ekoizlerik bilatu gabe abiatu ginen AEBra. Tartean, gidoia idatzi, mikroa eta kamera lortu eta bidaiara joan ginen», argitu du Basterrak.

Bigarren bidaian, Uribe, Urdangarin, Mendizabal eta Ruedarekin batera, Arkaitz Basterra zuzendaria, Mikel F. Krutzaga soinu teknikaria, Ibon Saez de Olazagoitia artista plastikoa eta Txomin L. Aramaio kazetaria joan ziren. «Azken hau nire laguntzaile bihurtu eta AEBko irudiak hartzen laguntzeaz gain, bidaiatik bueltan Euskal Herrian ateratako irudien soinua hartzen ibili zen». 120 orduko grabazioa 81 minutura murriztu du Basterrak dokumentalean.