Uhinak, UEK hirukotearen azken diskoa, jada salgai
2007/10/05 Hiru.com
Gaztelupeko Hotsak disko-etxeak Etsaiak eta Fjord taldeetan aritutako Keu Agirretxea buru duen UEK taldearen lanik berriena argitaratu du. Uhinak du izena, eta metal, hardcore zein reggae doinuez gozatzeko aukera ematen digu. "Guk rocka egiten dugu, estiloen artean inolako mugarik jartzen ez duen rock indartsua", esan zuen Keuk.
Etsaiak taldeko gitarra-jotzailearen bakarkako proiektu instrumental gisa sortu zen arren, egun Jon Gurrutxaga bateria-jotzailea eta Mikel Arakistain baxu-jotzailea ditu bide lagun Keuk UEK taldean. Ahotsa eta oinarrizko hiru musika-tresnak aski dira, adierazi zuen atzo Gurrutxagak. Hirukotearen azken lana da esandako horren adibiderik onena, Baztertuak, Askatasun hitzak, edota Bizitza birtualean bezalako abestietako rock doinuak kutsu melodikoagoa, akustikoagoa duten beste batzuekin edota reggae eta hardcore melodiekin janzten baitituzte.
Uhinak zuzenean, denek elkarrekin joaz, grabatu dute Andoaingo Garate estudioetan, eta baikortasunez jositako hamabi abestik osatzen dute. Keuren hitzetan, sentimenduez eta emozioez hitz egiten duten istorio txikiak dira; bakardadeaz, maitasunaz, injustiziez, beldurraz, munduaren surrealismoaz... Baina bizitzari kolore pixka bat eman nahi diot mezu baikorrak helaraziz.
Diskoaren aurkezpen bira heldu den urriaren 13an hasiko dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.

